Burujabetzaren aldeko abagunea «baliatzera» deitu du Sortuk

Arkaitz Rodriguezek beharrezkotzat jo du «kaleko bulkada» aktibatzea subiranismoa indartzeko

jon olano
2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Aste eta erdi falta da Kataluniako eta Euskal Herriko eragile subiranistak Pirinioetan mobilizatzeko, eta, atzo, subiranismoaren eta independentismoaren abagune politikoaz jardun zuten Kizkitza Gil de San Vicente Sortuko ekintza politikoko arduradunak, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak eta Gorka Elejabarrieta EH Bilduko nazioarteko arduradunak, Iratzar fundazioak antolatutako solasaldi batean. Besteak beste, Rodriguezek azaldu zuen egungo testuinguruan «arrisku ikaragarriak» daudela, baina baita «aukera handiak» ere: «Pandemiak inoiz baino nabarmenago utzi ditu, batetik, burujabetzaren beharra, eta bigarrenik, indarrean den sistema ekonomiko eta sozialaren mugak eta bidegabekeriak». Hori horrela, Espainiako Gobernuan zabaldutako «aukera leihoa baliatu» beharra dagoela nabarmendu zuen.

Bide horretan, «gehiengo sozial zabalak» artikulatzea gakoa iruditzen zaio Rodriguezi: «Ezinbesteko lehengaia da egunetik egunera indartsuago izatea». Izan ere, horretarako «kaleko bulkadak» duen garrantzia azaldu zuen: «Azken urteetan, azken hamarkadetako mobilizaziorik handienak egin dira herri honetan; erabakitzeko eskubidearen defentsan, mugimendu feministaren eskutik, pentsiodunen eta langileen eskutik...».

Ildo beretik, herritarren mobilizazioan jarri zuen arreta Gil de San Vicentek: «Jendarteak du hitza, eta behartu behar ditugu alderdiak erantzunak ematera, arriskatzera, mugitzera akordioak egiteko; uztailaren 2an jendarte zibilak antolatu duen mobilizazioak ere ematen digu agentzia». Dei egin zien independentistei: «Independentzia bilakatu behar dugu gure identitate politikoaren ardatza».

Elejabarrietak nazioarteari erreparatu zion: «Gero eta argiago geratzen ari da norbere burujabetzak gero eta indar handiagoa hartzen duela; norberak daukan kapazitateak erabaki estrategikoak garatzeko». Norabide horretan, uste du ez dela kasualitatea urteotan estaturik gabeko herrietan burujabetza gehiago eta independentzia aldarrikatzen duten indarrak «gero eta indartsuagoak» izatea, eta zenbait aldagai komun antzeman ditu, irakaspen gisa erabil daitezkeenak: «Eman dira zenbait aldaketa, guretzat oso garrantzitsuak direnak. Momentu berean». Bi nabarmendu zituen: batetik, duela hogei urtetik hona, independentismoa igaro dela «aktore txiki bat zena aktore indartsuena eta gehien bozkatua» bihurtu da: Eskozian, Irlandan, Groenlandian, Flandrian, Korsikan eta Katalunian, esaterako. Bigarrena: «Gero eta gehiago, Europan horrelako gatazkak konpontzen dira erabakitzeko eskubidearen aplikazioaren bidez».

Gaineratu zuenez, «erabakitzeko eskubidearen aplikazioa normalizatzen den heinean, Espainiako eta Frantziako estatuetako agintariei gero eta zailagoa egingo zaie euskaldunok erabaki dezagun geldiaraztea». Gakoa indarra da, haren hitzetan: «Norberak daukan indarra bere herriak etorkizuna modu demokratikoan erabaki ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.