Rafa Diez aske. Espetxetik irteera

Burujabetzarako indarrak badaudela ohartaraziz atera da Diez kartzelatik

Sindikalismoari eta arlo sozialari dei egin die Diezek burujabetza prozesua abiatzera, «eliteen arteko Maltzagarik ez baitago». Euskal presoen auzia askatzeko akordio sozial eta politikoa eskatu du (bideoa artikulu amaieran).

Lander Muñagorri Garmendia.
Santoña - Muskiz
2017ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Mahuka eta galtza motzetan, eta esku banatan maleta bana zituela. Horrela atera zen atzo goizean Rafa Diez Santoñako El Duesoko espetxetik (Espainia). Metro gutxi batzuk egin zituen gisa horretan, harik eta maletak lurrean utzi eta bi besoak gora altxatu zituen arte. Espetxearen aurrean bildu ziren ehunka lagunei egindako agur keinua izan zen hori. Eurengana bertaratu zen, eta orduan iritsi ziren besarkada eta zorion mezuak. Hainbat minutu eman zituen era horretan LABeko idazkari nagusi ohiak, automobilera sartu eta Euskal Herrirako bidea hartu zuen arte. Eguerdian egin zioten omenaldia Muskizko Pobeña auzoan (Bizkaia) Bateraguneauziagatik espetxean jarraitzen zuen azken kideari. Hunkituta azaldu zen hainbat urteren ondoren berriz ere taula gainera igo ostean. Hunkituta, baina baita egungo egoerarekin baikor ere.

Egungo testuinguru politiko eta sozialari heldu zion Diezek espetxetik atera osteko lehen hitzartzean. Lizarra-Garaziko akordiotik zetorren «tren ospetsua», Loiolako elkarrizketetatik eta Ibarretxe planera ere iritsi zela esan zuen Diezek. Baina horren ondoren, «noraezean geratu zen tren hori». Horregatik, ezker abertzalearen estrategia aldaketa sustatu zuten kideek indar subiranisten sakabanaketa amaitu nahi izan zutela adierazi zuen. Eta horregatik azaldu zen baikor LABeko idazkari nagusi ohia, aukerak ikusten dituelako abertzaleen eta aldaketa sozialaren alde lan egiten duten eragileen arteko elkarlanean. «Hor dago sindikalismo abertzalea; testuinguru politiko eta soziala desorekatzeko aldagai nagusietako bat da». Arlo sindikalari berebiziko garrantzia eman zion Diezek, ELA eta LABen arteko jarrerak gerturatzen ari diren garaian.

Baina arlo sozialari ere garrantzia eman nahi izan zion. Hor kokatu baitzituen, esaterako, erabakitzeko eskubidearen alde lan egiten duen Gure Esku Dago dinamika, presoen eskubideen aldeko Sare eta Kalera Kalera mugimenduak, euskararen aldeko ekimenak, borroka feminista, edo Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna. Baina arlo instituzionalean lortu diren aurrerapausoak ere nabarmendu zituen Diezek: Ipar Euskal Herrian lehenengoz herri elkargoa sortu izana, Nafarroan aldaketa politikoa eman izana, «nahiz eta oraindik soziala falta den», eta Eusko Legebiltzarrean erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo bat egotea.

«Indarrak egon badaude arlo sindikal, sozial eta instituzionalean, baina horiek egituratu behar ditugu; bakoitza bere autonomiarekin, baina gutxieneko batzuk eduki behar ditugu burujabetza estrategia abiatzeko». Potentzialki aukera handiak daudela esan zuen Diezek, baina horretarako «anbizioa» falta dela gaineratuz. «Oraintxe, ez dago eliteen arteko Maltzagarik; oraintxe, Maltzaga sindikalismo abertzalean dago, Gure Esku Dago ekimenean, presoen aldeko ekimenean eta eskubide sozialen gutunean». Horregatik, burujabetza prozesua abiatzeko puntu horiek indartu behar direla aldarrikatu zuen. «Horretarako, beste kultura politiko bat behar da Euskal Herrian, beste era bateko harremanak bultzatuko dituena».

Espetxe politika «bahituta»

Burujabetza prozesua abiatzeko emandako gakoez aparte, euskal presoen auzia konpontzeko beharra ere aldarrikatu zuen Diezek espetxetik atera berritan. Gogoan izan zuen abuztuaren lehenean bihotzekoak jota hil zen Kepa del Hoyo presoa, eta hura espetxe politikak hil izana gaitzetsi zuen. «Estatuak espetxeen gaia bahitu du, era horretan bake prozesua eta prozesu politikoa baldintzatzeko; haiek ari dira presoen gaia tresna politiko gisa erabiltzen, eta guk tresna hori kendu behar diegu». Bide horretan, euskal gizarteari dei egin zion Diezek akordio sozial eta politikoen bidez presio egitera. «Hurrengo hilabeteetan presoek hartutako urratsak kontuan hartuz, gizartean dugu erronka nagusia preso guztiak kaleratzeko».

Hain justu, ildo horri eutsi zion Garbiñe Aranburu egungo LABeko idazkari nagusiak Diez espetxetik atera aurretik egindako adierazpenetan. «Bateragune auziak, presoekiko erabiltzen ari diren salbuespen egoerarekin batera, gatazka gainditzeko borondate eza erakusten du; bada garaia hitzetatik ekintzetara pasatzeko». Arkaitz Rodriguez Bateragune auziko preso ohi, eta Sortuko bozeramailearen arabera, «gaur egun indarrean dagoen indarkeria bakarra estatuarena da». Izan ere, presoen gaia konpondu gabe edukita, Euskal Herrian Katalunian bezalako prozesu bat oztopatzea dela esan zuen. Azkenik, Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusi ondokoak hartu zuen hitza El Duesoko espetxearen aurrean: «Espainiaren estrategia mendekuan oinarritzen da, eta politikaren aurkakoa da».

Bideoa: egunaren laburpena (Jagoba Manterola / Argazki Press - Andoni Mikelarena / BerriaTB).

[Youtube]https://youtu.be/2uNRvzsnUMY[/Youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.