Burujabetzan «akuilu» izan nahia azalduko du Sortuk II. konferentzian

Alderdiak bigarren konferentzia politikoa egingo du irailaren 29an, Iruñean. «Etorkizun hobe baten alde» ekitera dei egingo diete kideei

Arkaitz Rodriguez hautatu zuten Sortuko idazkari nagusi iazko konferentzia politikoan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Erredakzioa
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
«Burujabetza prozesuan akuilu» izateko borondatea adieraziko du Sortuk II. Konferentzia Politikoan. Alderdiak atzo aurkeztu zuen konferentzia, Donostian eginiko agerraldi batean. Nuria Altzugarai idazkari teknikoak eta Gorka Elejabarrieta Sortuko Nazioarteko arduradunak jakinarazi zutenez, bilkura Iruñeko Refena erakustazokan egingo dute bihar zortzi, hilak 29, Herritmoa bizitu lelopean.

2016an egin zuen Sortuk birfundazio biltzarra, eta batzar horretan erabaki zuen urte politikoa irekitzeko urtero konferentzia politiko bat antolatzea. Altzugarairen esanetan, alderdiak bi helburu nagusi izango ditu konferentzia politikoan: «Alde batetik, urte politikoari hasiera emateko, irakurketa eta erronka politikoak partekatzeko gunea dugu, batzar formatuan. Eta, bestetik, honelako hitzordu bat gure kidegoaren topaketa izateko eta komunitatea trinkotzeko baliatzen dugu».

Edukiari dagokionez, igarotako urte politikoaren balantzea eta egoera politikoaren azterketa egingo dute, eta hasi berri den urte politikoaren erronkak ezarriko dituzte. Altzugaraik azaldu du «ekarpen militantearen bidez Euskal Herriko burujabetza prozesuaren akuilu» izan nahi duela Sortuk, eta «eskuz esku» lan egitera deitu du: «Ehunka militanteren ekarpena, eskuz esku borroka sozialetan ari direnekin, eskuz esku emakumeen eskubideen alde, erabakitzeko eskubidearen alde, preso eta iheslari politikoak etxeratzeko indarrak batuz, eta datorren ikasturtean ere, EH Bilduren barruan, eskuz esku hauteskunde erronka ezberdinetan».

Izen-emateak, 26ra arte

Finean, «etorkizun hobe baten alde» ekitera dei egin die alderdikideei, eta konferentzian parte hartzera, «garrantzi handiko hitzordua» izango baita. Izena emateko epea irailaren 26ra arte dago zabalik.

Iazko irailaren 23an egin zuen Sortuk aurreneko konferentzia politikoa, orduan ere Iruñeko Refena aretoan. Bertan, Arkaitz Rodriguez izendatu zuten alderdiko idazkari nagusi, hara joandakoen %94ren babesa jasota. Arnaldo Otegi ordezkatu zuen karguan. Horrez gain, hiru lan ildo ezarri zituzten: «fronte independentista irekitzea», «neoliberalismoari aurre egitea» eta «euskal gatazkaren konponbidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.