Burujabetza prozesu bat esploratzen

ELAk eta LABek izaera sozialeko prozesu subiranista bat martxan jarri beharra jaso dute kongresuetako txostenetan. Lankidetzaren alde dira

enekoitz esnaola
2017ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
LABek maiatzaren 25ean eta 26an egingo du kongresua, eta ELAk, ekainaren 15ean eta 16an. Txostenetan, garrantzi berezia eman diote Euskal Herriko burujabetza prozesuari, eta nabarmendu dute soziala izan behar duela. Ondorioz, horren araberako aliantzak aldarrikatu dituzte biek ere.

DIAGNOSTIKOA

ELAk eta LABek esparru autonomikoa agortutzat jo dute berriz ere, eta biek, eredu «neoliberalaz» gain, Espainiako Estatuaren jokabidea deitoratu dute. ELAk, kasurako, «bultzada zentralizatzailea eta atzerakoia», «kalitate demokratikoaren defizita» eta «inboluzio antidemokratikoa» aipatu ditu kongresuko txostenean. LABek ondorioztatu du «dependentziatik independentziara igarotzeko bidea» behar dela—«Espainiako eta Frantziako estatuen eskuetan ez dugu etorkizunik»—. Bi sindikatu abertzaleek uste dute aurrerabide sozialerako eta nazionalerako beste «estatus politiko bat» erdietsi behar dela. Horretarako pultsu politikoa izateaz mintzo da ELA: «Indar abertzaleek estatuaren aurrean egiazko pultsu politikoa berreskuratzeko estrategiak proposatu behar dituzte»; Madrili «aurre egiteko borondate nabarmenagoa» behar dela ere badio.

BURUJABETZA PROZESUA

Biek aldarrikatu dute «burujabetza prozesu» baten beharra; askotan aipatzen dute txostenean. «Xedea da burujabetzaren aldeko estrategia sozial bat proposatzea», dakar ELAk. LABek prozesu subiranista batean kokatu du «gatazka politikoa benetan konpontzeko bidea», «baita bere ondorioak gainditzeko aukera ere», eta hark ere badio prozesuak soziala izan behar duela. Ondorioz, haren hastapenerako bederen, biek zedarritu nahi dute parte hartzea. «Lehen etapan EAJrik gabe», idatzi du Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohiak bere azkeneko liburuan. Haren sindikatuak biltzarreko txostenean ez du justuki halakorik jaso, baina nahikoa garbi mintzo da aukera horretaz: «ELAk uste du aldebatera utzi behar dela burujabetzaren aldeko prozesua aurrera eramateko klase arteko akordioaren hipotesia; hau da, euskal burujabetzaren aldeko alderdi guztiek, defendatzen duten eredu soziala edozein izanik ere, bidea elkarrekin egin behar dutelaaldarrikatzen duen ideia. [...] Maltzaga metafora historiko bat da, abertzaleek independentzia lortu arte harro goratu beharko luketen oinarrizko akordioaren metafora, baina gaur egun Maltzagaz hitz egitea, gure ustez, prozesu nazionala aktibatu ahal izateko ditugun baliabide mugatuak desmobilizatzeko bidea da». Horrela, EH Bildu koalizioa ohartarazi du EAJri «akordio zabalak» eskaintzea «gaur-gaurkoz, okerreko pedagogia» dela burujabetza sozialaren aldeko prozesu bat abiatu ahal izateko.

LABek dokumentuan ez dauka Maltzagaren aipamenik, baina langileak prozesu subiranistaren «motor eta subjektu aktibo» bihurtu nahi ditu; errealitate sozioekonomikoa «lehentasunezko gaitzat» hartuz «prozesuari dimentsio berri bat gehitzeaz» ari da, eta finkatu du Euskal Herrian badela «aliantzak eraikitzeko abiapuntu egokia: gehiengo sindikal eta sozial batek osatua».

AUTONOMIA SINDIKALA

Negoziazio kolektiboari buruzko jarrera izan da LABek eta ELAk azkeneko urteetan eduki duten desadostasun nagusia. Beste bat, eta garrantzitsua, autonomia sindikalarekiko ikusmoldea. ELAk berretsi du prozesu sozial baterako «baldintza» dela sindikatuek autonomia izatea. «Ez dugu alderdi-sindikatu anaitasunaren esperientzia erakargarri bakar bat ere ezagutzen. Sindikalismoa eta gainerako gizarte mugimenduak politikaren mende ez jartzea abiapuntu ezinbestekoa da». Harentzat, sindikatu orok «izaera kritikoari eta autokritikoari» eutsi behar dio, «baita gobernuei babesa ematen zaienean ere». LABek aitortu du «kontrabotere izaera» izango duen mugimendu bat behar dela, eta «horrek instituzioen eta mugimendu sindikal eta sozialen arteko dialektika eta praktika berria» eskatzen duela. «Instituzioei politika publikoak aldatzeko eskatzen diegu, instituzioak interpelatzen ditugu eta horretan jarraitu beharko dugu»—2011-2015ean Bildu erakunde publiko garrantzitsu batzuetako gobernuan egon zenean, ELAkdeitoratu egin zuen LABek harekin izandako jarrera akritikoa—.

PROZESUAREN IZAERA

Eduki soziala izateaz gain, alde bakarrekoa eta gizarte mobilizazioan oinarritutakoa: halakoabehar du izan burujabetza prozesuak, bi sindikatuon iritzian.

Aldebikotasun eskema baztertu dute, Espainiako Estatuarekin horrelakorik ezinezkoa delakoan. LAB: «Ez dago bide adosturik egiteko aukerarik, ez bada iruzur berri bat egiteko». ELA: «[Urkullu] Lehendakariak predikatzen duen aldebikotasunik ez dago, eta ez da izango, estatuak ez baitu nahi eta ez baitu behar berrikusketa hori egiterik. Ikasgai hori beren larruan jasan zuten EAJk eta Jaurlaritzak Ibarretxe lehendakariaren estatutu politiko berriaren proposamenarekin, eta ikasgai hori atera daiteke Katalunian». Urkullu aldebikotasunarekin «tematu» izana ez dute ongi ikusten. Jarrera horri eusteak prozesu subiranista martxan jartzea oztopatzen du, LABen aburuz.ELAren arabera, Urkulluk «argi adierazten du ez duela asmorik norgehiagoka demokratikoari heltzeko», eta, gainera, uste du «beto eskubidea» ematen diela indar konstituzionalistei.

ELAk dio «nabarmena» dela Madrilek burujabetzaren aldeko euskal indarrak ere «higatzen jarraitu» nahi duela. «Hori dela eta, normalizazio prozesua bideratzeko aukera bakarra alde bakarreko bidearen alde egitea da. Bide horretatik, aldebikotasunetik iritsiko ez diren aukerak sortzen dira». LABen esanetan, alde bakarreko estrategiaren ondorioz «konfrontazio» prozesu bat gertatuko da —«estatuarekin konfrontatu egin beharko da»—, eta «gakotzat» jo du eskema aldatzea; hots, «erresistentziatik eraikuntzara» pasatzea.

Horretarako, premiazkoa ikusten dute herritar aktibazioa. «Herriaren protagonismoa azken bururaino eraman behar dugu, identitate pluralak eta propioak kontuan hartuta», dio LABek. Eragile sozialek, sindikalek eta politikoek ere parte hartu behar dutela iruditzen zaio, «nork bere aldetik batzuetan, elkar ekintzan besteetan». ELAk funtsezko deritzo gizarte antolatuari eta mobilizatuaren bultzadari; bestela, «nekez emango da pausorik». Kataluniako eredua txalotu dute.

Azken batean, desio duen gizarte eta herri ereduaren bila joateko, euskal estatua du helburu LABek, eta, burujabetza prozesuaz ez ezik, estrategia independentistaz aritu da. ELA «erabateko burujabetzaz» ari da idatzian.

INDAR HARREMANAK

Baina, «gaur-gaurkoz», bada ahuleziarik, bi sindikatuen iritziz. «Ez dago gehiengo bat erakundeetan eta gizartean borroka egiteko prest gure herriaren estatus politikoa errotik aldatzeko», dio ELAk. «Litekeena da azken urteotan aldarrikapen nazionalak beste fase batzuetan izan duen indarra galdu izana». LABen ustez, «estatugintzarako» nahikoaindar badago ere, «egun indar horiek lozorroan daude».

«Jomugan» duten espazioa eratzeko lan egingo dutela hitzeman dute. «ELAk etorkizunean esploratu nahi duena da ea lor daitekeen berritze politiko bat, lor daitekeen egitura sindikal, sozial eta politiko berri bat, indartsuagoa, gizartea eraldatzera eta erabateko burujabetza lortzera bideratua». LAB: «Burujabetzaren aldeko hautua gero eta zabalagoa, hegemonikoa bilakatzea da gure helburua». Atzeneko urteetan norabide horretan lanik egin dela nabarmendu dute, eta, preseski, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta laudatu dute; baita ekinbide sozial batzuk ere: euskoa, burujabetza elikadura, argindarra kudeatzeko kooperatibak...

ELA-LAB

Piezak ordenatzen haste aldera, LABek «beharrezko» deritzo gehiengo sindikalaren arteko elkarlanari, eta agindu du sustatuko duela. «Gehiengo sindikalaz ari garenean, nagusiki LABen eta ELAren artean egin beharreko eztabaidaz eta elkarlanaz ari gara». ELAk «lehentasunezkotzat» jo du harekiko harremana.

Bi konfederazioek «oinarri bertsuak» dauzkate, ELAk txostenean jaso duenez: proiektu nazionala eta klasekoa; kontzertazio sozialaren ereduaren errefusa; borroka-sindikalismoa; finantzaketa publikoaren mendekotasunik eta loturarik eza; lurralde ezarpen zabala eta homogeneoa; eta afiliazio eta ordezkaritza handia. «Hori guztia aintzat hartuta, sindikalismo abertzalearen aliantzak ahalmen izugarria du, indar metaketa handia bildu baitezake burujabetzaren eta justizia sozialaren bidean asmo handiagoko helburuak lortzeko, [...] betiere estrategia partekatu bat zehazten asmatzen badu».

LABek aitortu du azkeneko urteetan «urruntze bat» izan dela bi eragile sindikalen artean, baina esan du garaia dela «elkarlanaren aldeko apustu eta saiakera argia egiteko». ELAk «berea emango du hori horrela izan dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.