Burujabetza, «praktikara»

Euskal errepublikaren aldeko ekitaldiak izango dira otsailean. Ehun mugimendua aurkeztu dute

Ehun mugimenduko kideak, atzo, Donostian, Doka kafe antzokian, datorren otsailaren 15eko ekitaldien berri ematen. JON URBE / FOKU.
enekoitz esnaola
Donostia
2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun

«Hemen gaude burujabetza hitz abstraktu bat ez dela uste dugun euskal herritarrak; burujabetzak, alor guztietan, erabakiak hartzea esan nahi duela uste dugun herritarrak. Eta hemen gaudenok uste dugu, burujabetza aldarrikatzetik edozein alorretan erabakitzen duguna praktikara eramatera pasatu behar dugula; Espainia eta Frantziako legediek ahalbidetu edo ez. Bukatu da baimena eskatzea. Espainia eta Frantziatik atera eta Euskal Errepublika behar dugula uste dugu». Ehun mugimendu berriaren hitzak dira, Donostian egindako aurkezpenean esandakoak, eta finkatu du hitzordu bat euskal errepublikaren alde egiteko: datorren urteko otsailaren 15a.

Ekimen horren bidean sortu duten mugimendua da Ehun, eta dio aztertuko dela zer forma hartuko den handik aurrera. Oraingoz, otsailaren 15ean 21 ekitaldi egingo dituzte Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin eta Nafarroan; gehiago izatea nahi dute.

Antigua auzoan egin dute agerraldia, Doka kafe antzokian, eta han bildu dira pentsiodunak, euskaltzaleak, emakumeak, herritik kanpora bizitzera joan behar izan dutenak, etorkinak, baserritarrak, langile autonomoak, ikasleen gurasoak, euskal presoen senide eta lagunak... Esan dute «eguneroko arazoak» pairatzen dituzten herritarrak direla, eta arazo horiek bere horretan daudela edo okerrera doazela. Iritzi diote Madrildik eta Paristik ez dela etorriko konponbiderik. «Hemen gaude, gaur egungo markoan, nahiz eta saiatu, konponbiderik ez dagoela gero eta argiago ikusten dugun euskal herritarrak. Hemen gaude, Espainia eta Frantziaren aldetik, arazo hauek guztiak konpontzeko behar den borondate politikoa ez dela egon, ez dagoela eta etorkizunean ere ez dela egongo uste dugun euskal herritarrak», azaldu dute. Lide Zubizarreta eta Asier Sanz mintzatu dira.

«Behar-beharrezkoa» deritzote estatu batek ematen dituen baliabideak izatea, eta horregatik nabarmendu dute euskal errepublika izateko xedea.

Gaur-gaurkoz otsailaren 15erako lotuak dituzten 21 ekitaldietatik bat Bizkaian izango da, hamasei Gipuzkoan —horietatik bederatzi, Donostiako udalerrian—, bi Lapurdin eta beste bi Nafarroan. «Euskal Errepublikaren eguna ospatzea erabaki dugu; egunerokoan eragiten diguten arazoetatik abiatuz, eta herri eta auzo bakoitza nahi duen gaiaren inguruan arituz». Adierazi dute joango direla tokian-tokian egitarauaren berri-eta ematen.

200.000 'bai' kontsultetan

Gure Esku herri dinamikak orain urtebete bukatu zuen estatus politikoari buruzko herri galdeketen zikloa —orain, erreferendum baten eskaera euskal instituzioetara bideratzeko egitasmoarekin dabil—, eta 2014tik aurrera izandako 209 galdeketetako 218.248 parte hartzaileetatik 200.000 inguruk (%95ek) eman zioten baiezkoa Euskal Herriaren independentziari, euskal errepublikari edota euskal estatuari —tankerako galdera mota ugari egon zen—. Ehun mugimenduko kideek uste dute badela garaia herri gogoa bideratzen hasteko, eta haiek lanean jarri dira. «Ez gara inoren zain geldituko. Martxan jarri gara. Asko gara eta ehuntzen hasi gara», adierazi dute Donostiako prentsaurrekoan —euskaraz egin dute—.

[youtube]https://youtu.be/YRuJGCItY4c[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.