Burujabetza nahia argiztatzera

Euskal herritarrak eta katalanak Pirinioetako hirurehundik gora gailurretan mobilizatuko dira gaur

Gure Esku-k batzarra egin zuen Eibarren ekainaren 15ean, eta bertan banatu zituzten gaur piztuko dituzten argiak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jon olano
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Gure Esku-k, ANC Biltzar Nazional Katalanak eta FEEC Kataluniako Txangozale Erakundeen Federazioak, Omnium Cultural eta Artistes de la Republica elkarteen laguntzaz, hirurehun tontor baino gehiago argiztatuko dituzte gaur iluntzean, Pirinioetako Bidea izeneko egitasmoan. Helburuak, hona: «herri gogoa» berpiztea, burujabetzaren alde mobilizatzea, gai horretan euskal herritarren eta katalanen arteko elkarlana sustatzea eta aldarrikapena nazioarteratzea.

Ikusi gehiago:Infografia interaktiboa: Euskal herritarrek 154 gailur piztuko dituzte Pirinioetako Bidean

Mobilizazioaren hasiera Jaizkibelen ezarri dute antolatzaileek, Gipuzkoan, eta hura izango da gune nagusietako bat; 17:00etatik aurrera, musika, jan-edana eta jai giroa izango da Guadalupen, eta 18:30etik 23:30era, Jaizkibelgo Behatokian elkartuko dira. Gailurra argiztatzeko ekintzan parte hartu nahi duen orok 21:00etarako Jaizkibelgo Behatokian edo Paradore Zaharrean egon beharko du. 16:30etik aurrera, aparkatzeko aukera egongo da Guadalupen; 18:00etatik aurrera, autobusak egongo dira Guadalupetik Behatokira, eta, 22:30etik aurrera, Behatokitik Guadalupera.

Ikusi gehiago:Bideoa: Pirinioek batutako aldarria

Euskal herritarrek 154 gailur argiztatuko dituzte, hasieran aurreikusitakoa baino 39 gehiago: 97 Euskal Herrian eta 57 Erdialdeko Pirinioetan. Denetara, katalanekin batera, hirurehun gailurretik gora. 91 gailur gorri eta 63 berde —horrela sailkatu dituzte tontorrak: gailur gorriak, zailtasun tekniko eta fisiko handiagokoak, eta berdeak, errazenak eta irisgarrienak—. Asmoa da argi lerro bat osatzea Higer lurmuturretik Creusera. Zuzeneko saio bat ere prestatu dute, eta Berria.eus-en ikusgai egongo da: 21:00etatik 22:30era izango da. Horrez gain, 21:15etik 22:50era gutxi gorabehera, ekitaldi politiko nagusia egingo dute Guils de Cerdenyatik (Puigcerda).

Babesak

Mobilizazioak EH Bilduren babesa jaso du, eta alderdiak dei egin du parte hartzera: «Testuinguru honetan, non Europaren gabezia politiko eta ekonomikoak agerian geratzen ari diren, eta haren izaeraren eta etorkizunaren inguruko eztabaida parez pare izanik, argi esan beharra dugu estaturik gabeko naziook ere autodeterminazio eskubidea aitortzera bidean lanean jarraituko dugula». Ernaik ere bat egin du: «Herri aske bateranzko bidea egiten jarraituko dugu». Gauza bera LABek: «Oso garrantzitsua da euskal herritarrok, herri gisa, nazio gisa, gure etorkizuna erabaki ahal izatea, eta horren alde egiten ari gara, erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubide demokratikoa baita».

Ikusi gehiago:Josu Etxaburu: «Herri gogoa berpizteko ekimen bat izango da»

Haatik, Navarra Sumak eta Ciudadanosek eskatu dute Pirinioetako Bidea debekatzeko, eta mozio bat aurkeztu zuten parlamentuan. Jabi Arakama Geroa Baiko parlamentariak erantzun zien: «Uste nuen demokrazian zilegi eta legezkoa zela [mendia aldarrikapen eremu gisa erabiltzea], defendatzen den proiektua edozein dela ere, hura demokratikoa eta giza eskubideekiko errespetuzkoa bada. Eta hau, Euskal Herriaren, Kataluniaren, Eskoziaren, Quebecen erabakitzeko eskubidearen alde egotea, bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.