«Burujabetza ekintza masibo» batera deitu dute ekainaren 4rako

Ehun mugimenduak herritarrei dei egin die mozorrotuta joateko Ficobara. Euskal errepublika eratzea premiazkotzat jo dute

Ehun mugimenduaren ekitaldia, atzo, Donostian. GORKA RUBIO/ FOKU.
edurne begiristain
2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Euskal errepublikaren aldeko Ehun mugimenduak «burujabetza ekintza masibo» baterako deia egin du ekainaren 4rako, Irungo (Gipuzkoa) Ficoban. Mugimenduko kideek euskal errepublikaren alde dauden herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera: 12:00etan izango da ekintza, eta bertara mozorrotuta joateko eskatu dute. Mugarri bat ezarriko dutela ohartarazi dute mugimenduko kideek: «Euskal errepublikara eraman gaitzakeen burujabetza iraultzari hasiera eman diogu».

Ehun mugimenduak egun osoko ekintza sorta prestatu zuen atzo Donostian, Burujabetza iraultzaz euskal errepublika lelopean. Goizean, David Fernandez ANCko lehendakariordearen eta Unai Apaolaza Ehuneko kidearen arteko solasaldia egon zen San Jeronimo kaleko kriptan, katalanez eta euskaraz. Eguerdian, berriz, ekitaldia egin zuten Trinitate plazan, azken hilabeteetan burujabetza «praktikara eramateko» kanpainarekin bat egin duten hainbat lagunekin batera. Han iragarri zuten ekainaren 4rako egin asmo duten ekintza jendetsua.

Mugimenduko kideek azpimarratu zuten «eguneroko arazoak» pairatzen dituzten herritarrak direla, eta arazo horiek bere horretan daudela edo okerrera doazela. Errenkadan aipatu zituzten horietako batzuk: «Etxebizitzaren prezioak ezin ordainduta, auzotik edo herritik kanpora bizitzera joan behar izan garen herritarrak gara; inposatutako mugak direla eta, Bidasoa ibaia ezkutuan gurutzatu behar dugunak; kobratzen dugun pentsioarekin neguan berogailua piztu ere ezin dugun herritarrak; lagunekin parrandan ibili eta gero, goizeko lauretan bidea pauso azkarrez eta beldurtuta egiten dugun emakumeak; euskaraz bizi nahi eta etengabe trabak besterik jasotzen ez dugun herritarrak...».

Adierazi zuten arazo horiek guztiak konpontzeko «estatu propio batek ematen dituen baliabideak» beharrezkoak direla, etapremiazkotzat jo zuten «Frantziatik eta Espainiatik ateratzea» eta euskal errepublika eraikitzea.

«Bide erreal bat»

Euren aldarrikapenak euskal errepublika eratzetik harago doazela nabarmendu zuten: «Euskal errepublikara doan bide bat ireki nahi dugu. Bide erreal bat ireki nahi dugu, bide sinesgarri bat». Izan ere, haien aburuz, Frantziarekin eta Espainiarekin aldebiko harremana izatea «ez da bide sinesgarria eta egokia», eta «horretaz jabetuta dago euskal herritarren gehiengoa ere».Azpimarratu zuten, halaber, Ficoban egin asmo duten burujabetzaren aldeko ekintzarekin hasiera emango zaiola «burujabetza iraultzari» eta bide horretan herritar oro protagonista izatea nahi dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.