Burujabetza aldarrikatu du Sortuk, «politika ireki eta antirrazistak» egin ahal izateko

Ekintza egin dute Bilbon, Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna kari. Bi ekintzailek pankarta zabaldu dute atzerritarrentzako bulegoko balkoian.

Atzerritarrentzako bulegoko eraikinean eskegitako pankarta. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Atzerritarrentzako bulegoko eraikinean eskegitako pankarta. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko martxoaren 19a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, ekintza egin du Sortuk Bilbon, Espainiako eta Frantziako «lege arrazistak» salatu eta «burujabetza» aldarrikatzeko. Sortuko zuzendaritzako kide Oihana San Vicentek esan duenez, burujabetza beharrezkoa da herritartasun eta migrazio arloan «kulturartekotasun politika ireki, aurrerakoi eta antirrazistak» ezarri ahal izateko.

Sortuk deituta, dozenaka lagun elkartu dira Bilboko Pio Baroja plazan, Gora borroka antirrazista leloa idatzia zuen pankarta batekin, eta han ekitaldi politikoa egin dute. Bitartean, plazatik gertu dagoen atzerritarrentzako bulegora jo dute zenbait ekintzailek, eta horietako bi, eskailera bat erabilita, eraikineko balkoira igo dira, eta pankarta handi bat zabaldu dute, Euskal Herriak burujabetza, eskubideak denontzat goiburuarekin.

Balkoira igo diren bi emakumeek bandera bana ere haizatu dute, Antiracism ingelesezko berbarekin, eta eskuorriak bota dituzte. Orduan, hogei bat ertzain iritsi dira, hiru auto eta furgoneta batean. Protestaldiari hamar bat minutuz eutsi ostean, bi ekintzaileek pankarta jaso dute, eta balkoitik jaitsi dira.

San Vicentek azaldu duenez, Espainiako eta Frantziako legeek «euren bizitza proiektua garatzera datozen pertsonen eskubideen urraketa eta babesgabetasuna» ahalbidetzen dute, eta, gainera, «esplotazio eta abusu zirkuituen menpe egotera» behartzen ditu pertsona migratzaileak.

San Vicentek salatu du eskuineko alderdi eta hedabideek badutela estrategia bat «gure herria zatitzeko pertsonen jatorriaren eta kulturaren arabera», eta «burujabetza» aldarrikatu du estrategia horri buru egin ahal izateko: «Herritartasun eta migrazio politika propioak egin ahal izateko eskumenak behar ditugu; burujabetza behar dugu kulturartekotasun politika aurrerakoi eta antirrazistak egiteko».

Denen artean Euskal Herria «pentsatu eta eraikitzeko» deia egin du San Vicentek, «norabide argi batekin: Euskal Herri aske eta antirrazista». Halaber, Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren karietara gizarte mugimenduek antolatutako ekitaldi eta mobilizazioetan parte hartzera ere deitu ditu herritarrak.

Hizlarien txokoa

Pio Baroja plazako elkarretaratzean parte hartu duten ekintzaileek kartelak erakutsi dituzte, Euskal Herria harrera herria; Arrazakeria instituzionalari stop; Eskubideak denontzat; Etorkizun antirrazista eta antzeko leloekin. Gero, speaker's corner edo hizlarientzako txoko bat atondu dute; agertoki bat, bi bozgorailu eta mikrofono bat, nahi zuten guztiek hitza hartu eta nork bere mezua bertaratutakoei helarazi ahal izateko.

Palestinako ekintzaile batek hartu du hitza lehenbizi, eta Gazako egoera salatu du: «Gazan gertatzen ari dena ez da soilik nazioarteko legeriaren urraketa; gizateriaren kontrako krimen bat da, apartheid eta genozidioa». Nabarmendu du Euskal Herrian erakunde eta herritar ugarik babesten dituztela palestinarren eskakizunak: Palestinaren autodeterminazio eskubidea errespetatzea, Palestinako estatuaren aitortza, presoak askatzea eta errefuxiatu eta iheslarien itzulera bermatzea.

Rifeko ekintzaile batek hartu du hitza ondoren, eta eskualde hartan kolonialismoak eragindako «krimenak» salatu ditu, bereziki 1921etik aurrerako gatazka armatuan arma kimikoak erabili izana. Ekuador, Bolivia, Etiopia, Brasil, Kolonbia, Mendebaldeko Sahara eta beste herrialde batzuetatik etorritako lagunek parte hartu dute hizlarien txoko horretan, euskaraz, ingelesez, arabieraz eta gaztelaniaz. Bitartean, handik metro gutxira, atzerritarrentzako bulegoko balkoia hartzen ari ziren beste zenbait ekintzaile, pankarta handik eskegitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.