Buruilaren 23an besta eguna egingo dute Izpegin Baztango eta Baigorriko gazteek

Buruilaren 22 eta 23an, Basaizea Kultur Batasunak, Baztango Gazte Asanbladak eta Erratzuko gazteek besta eguna antolatu dute Izpegiko lepoan. Atzo egin zuten prentsaurrekoa. Egitarau aberatsa argitaratu dute, «mugaren presentzia hausteko xedez».

Baztango eta Baigorriko gazteak, 2022ko seinaletika ekintzaren tokian. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugarai Etxeberri
2023ko abuztuaren 30a
10:52
Entzun

Baztango eta Baigorriko gazteen arteko lankidetza 2022an jarri zen martxan. Basaizea Kultur Batasuneko kideak eta Baztango Gazte Asanblada batu ziren, haien harremanak «iraunkortzeko konpromisoa» harturik, Oihana Bidartek zehaztu zuenez. Izpegiko lepoko mugaz hausnarketa eramanik, seinaletika aldatzeko ekintza egin zuten urte bereko urtarrilaren 22an. Aurten, berriz, lankidetza beraren karietara, irailaren 23ko Izpegiko bestekin datoz, «elkar ezagutzea suspertzeko proiektu izanik», betiere muga «fisiko» eta «psikologikoa» deuseztatzeko asmoz, Bidartek azpimarratu zuenez.

«Besta hau mugan antolatzeak ez du muga horren presentzia berresten, baizik eta mugaren beraren haustearen xedearekin antolatzen ditugu besta hauek», erran zuen Ane Fagoagak, Baztango Gazte Asanbladako kideak. Euskara hauspotuz batuko diren gazteek buruilaren 22tik ondu dute egitaraua. Ez dira berriak Baigorri eta Baztan ibarreko harremanak. Izan ere, Nafarroa Behereak eta Nafarroa Garaiak kontrabandoaz edan dute historikoki. Buruilaren 22an, Garaiko eta gaurko mugaz gaindiko harremanez hitzaldia antolatu dute, Jojo Bidart moderatzaile izanik.

Buruilaren 23rako, berriz, hainbat ekitaldiz josi dute egitaraua. Goizean, bizikleta igoera izanen da Baigorriko plazatik. Ondotik, haurren jokoak, zintzur bustitze alaituak eta bazkari herrikoiak ateak idekiko dizkiete arratsalde eta gau parteko txaranga eta kontzertuei.

Aberastasunak aberastasun, Fagoagak gehitu du tokiak «bere xarma» duela, eta, oroz gain, «sinbolikoa» dela eta besta «berezia» bihurtuko duela Izpegiko gainak. Bidartek nabarmendu du bestaren prestaketan sorturiko harremanak «biziki aberasgarriak» izan direla. Nahiz eta harreman apurrak ukan, Fagoagak zehaztu du Baigorriko beste gazte batzuk ezagutzeko parada izaten ari dela Izpegiko proiektua. «Ilusioz» ari da Bidart besta hauen antolaketan parte hartzen, eta Fagoagari, berriz, «arras naturala» egin zaio ezagutza prozesua.

Segurtasunaren aldeko apustua ere egin dute gazteek. Autobusak emanen dituzte Baigorritik zein Elizondotik Izpegira igotzeko. Arratsaldean zein gauean, Izpegitik segurtasunez jausteko parada ukanen du bestazaleak, autobusak joan-jinka ibiliko baitira 19:30etik 06:00ak arte.

Azkenik, zehaztu dute irailaren 23an «besta gune askea» eraiki nahi dutela, eta ez dela «inongo erasorik onartuko». Erasoen kontrako protokoloari esker, «behar diren baliabideak» emanak izanen dira erasoari erantzuteko, azpimarratu baitute «denontzat leku segurua izatea» nahi dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.