Buru zaharra gorputz berrian

Alain Rousset sozialista izendatu dute Akitania-Limousin-Poitou-Charentes eskualde berrituko presidente, aldeko 108 boz jasota.Lurraldeekiko hurbiltasuna atxiki eta ekonomia indartu nahi du

Alain Rousset Akitania-Limousin-Poitou-Charentesko presidentea, artxiboko irudi batean. ISABELLE MIQUELESTORENA.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2016ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Ezustekorik eman gabe, baina espero ez bezala. Halaxe hautatu dute Alain Rousset sozialista Akitania-Limousin-Poitou-Charentes eskualdeko presidente izateko. Izan ere, espero baino boto bat gehiago jaso ditu Ezkerreko Batasuneko liderrak: 183 kontseilarietatik 108k eman diote aldeko botoa, hots, bere koalizioak lortutako eserleku kopuruak baino batek gehiagok. Zentroko ala eskuineko kontseilari batek bozkatu du PSkoaren alde, beraz, bere zerrendako hautetsiez gain.

Jacques Colombier Fronte Nazionaleko (FN) zerrendaburua zuen aurkari Roussetek: 29 boz soilik eskuratu ditu eskuin muturrekoak, hau da, lortutako hautetsiak bezainbat. Virginie Calmels Errepublikanoak alderdikoak, aldiz, ez zuen bere burua aurkeztu atzo Bordelen (Okzitania) egindako eskualdeko presidentetzarako bozketara, haren hitzetan, hauteskundeen emaitzetako «hautu demokratikoa errespetatzeko». 27 eserleku izanen dituzte zentroko eta eskuineko hautetsiek eskualdean: horietatik 26k boto zuria edo baliogabea eman zuten.

Laugarrenez izanen da Rousset Akitaniako presidente —1998tik dago karguan—, baina, aldi, berean, lehenbizikoz. Akitania eskualdea ez baita jada orain artekoa izanen: Limousin eta Poitou-Charentesekin elkartuta, hain zuzen, handitu egin da Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Frantziako eskualdea. Azaleraz Austriaren parekoa da atzotik martxan den lurralde geruza, eta biztanle kopurua ere handitu zaio, horrenbertzez: 5,8 milioi lagun biziko dira lurralde zabal horretan. Ipar Euskal Herriarekin alderatuz, nabarmena da aldea: azken datuen arabera 308.186 biztanle daude Zuberoan, Lapurdin eta Baxenabarren.

Handitasun horri erreferentzia eginez hartu zuen atzo Roussetek kargua bera, hunkituta: «Halako tamaina duen batzar bat gidatzea erronka liluragarria izanen da». Orain arte eskualdearen hamaika ertzetatik egindako kritikak ere baretu nahi izan zituen, Bordeleri begira soilik egonen ez dela ziurtatuta: «Espero dugu eskualdeko lurralde guzietatik hurbil egonen garela».

Hurbiltasun horren berme izanen dira hautetsiak, eskualdea osatzen duten hamabi departamenduetatik iritsi baitira Akitania handira. Pirinio Atlantikoetakoak dira 22, eta, horien artean, Ipar Euskal Herriko hamar hautetsik parte hartuko dute Akitaniako Kontseiluan. Horietatik bat Jean Mixel Iratxet FNkoa da, bertze hiru zentro-eskuinekoak eta sei Ezkerreko Batasunekoak. Andde Sainte Marie abertzalea eta Alice Leiziagezahar ekologistaazken horien artean dira.

Hamabortz presidenteordeen artean ere badago euskal herritar bat: Sandrine Derville angeluarra (Lapurdi) —turismoaz arduratuko da—. Ekologistekin egindako akordioa ere presente izan dute presidenteordeen hautaketan: Françoise Coutant EELV Europa Ekologia Berdeak alderdiko zerrendaburua izendatu dute laugarren, trantsizio energetikoaren saila gidatzeko erantzukizuna hartuta.

Eskualdeko lurraldearen aberastasuna izan zuen atzo aipagai Roussetek kargua hartzerakoan, halaber, ingurugiroaren aniztasunagatik. Nolanahi ere, ekonomiari eman zion bereziki garrantzia. Finean, hori baita Frantziako lurralde erreformaren ondorioz eskualdeek indartuko duten eskumena. Akitaniako enpleguaren zerbitzu publikoa sortuko duela iragarri zuen atzo, adibidez, eta berrikuntzari garrantzia emanen diola agindu zuen. Unibertsitateak indartu nahiko lituzke horretarako: «Ekonomian, funtsezko estrategia berritzea da».

Enpresak sortzeari ere emanen dio indarra, azaldu duenez: «Enpresak sortzen lehen eskualdea izan behar gara [Frantzian]». Horien eredua zehaztu nahi izan zuen, halere. Haren iritziz, hain zuzen, enpresa handi eta txikien aldean, ertainak dira eraginkorragoak: «Enpresa handiak kanpo merkatuen menpe daude, sobera; tamaina ertaineko enpresen kopurua bikoiztu behar dugu, Alemaniaren ekonomia ereduari jarraikiz».

Finantzabideak bilatzeko, bertzalde, Europara jotzea proposatu du, tartean AHT abiadura handiko trena bezalako azpiegiturak egin ahal izateko. Ekologistekin akordioa egin duenez, hain justu, Roussetek agindua du eskualdeak ez duela tren lasterra gehiago finantzatuko. Bertze bide batzuetatik saiatuko dela ez du ezkutatu, ordea. Horretan ariko da.

Izena, erabakitzeke

Eskualde berria martxan jarria dela, bere izena artean erabaki gabe dago oraindik. Behin-behinean Akitania-Limousin-Poitou-Charentes deitzea erabaki dute, hiru eskualde zaharren izenak bateratuta, baina aldatu eginen dute laster. Izen berria pentsatzeko lantalde bat sortu du presidenteak. Ekainerako ezarriko liokete izen berria, beranduenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.