BURTSA. Maiorgaren gisa, atzera

Estitxu Elduaien.
2008ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Nafarroa Bairen babesik gabe, eta koalizioan eztabaida pizte aldera, ausart aurkeztu zuen bere burua CANeko hautagai gisa Maiorga Ramirezek. Nafarroa Bairen babesik gabe ez dela aurkeztuko esan eta atzera egin zuen atzo, ostera, EAk. Eta antzera aritu ziren burtsak ere. Iragan asteko euforiak eta jarrera ausartak otzandu, eta irabaziak jasotzea erabaki zuten inbertsiogileek, AEBetatik iritsitako abisuei jaramon eginez. Atzera egin zuten Europako burtsa garrantzitsuenek, eta Ibex-35ak(-%1,15) 14.000 puntuko mugaren azpira jaitsi zen berriro ere. NDFk bankuen galerez egindako aurreikuspenak baikortasuna uxatu zuen eta erasora baino gehiago defentsara aritzen diren balioen alde egin zuten; ondorioz, Enagas (+%1,45) eta Red Electrica (+%0,5) izan ziren aurrera pausotxoak ematen ausartu ziren apurrak. «Hausnarketa garbia» eskatu dio EAk Nafarroa Bairi. Burtsei beste horrenbeste eskatzerik bai?

Gero eta gertuago. Finantza merkatuetako ezinegona gero eta gertuago iristen ari da. JP Morganeko analistek egindako iragarpenak ekarri ditu kezkak oraingoan: Espainiako banku minoristak «arrisku handia» dutela ohartarazi dute analistek. Banku horiek likidezia eta finantzaketa arazoak dituztela esan du JP Morganek, eta eraikuntza sektorearen krisiaren inguruko azken albisteek kezkatzeko arrazoiak areagotu egin dituela gaineratu du. Banesto(-%0,89) bankua dago egoera onenean, JP Morganen arabera, eta nota okerrena Sabadell Bankuari (-%2,25) eman dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.