BURTSA. Larrañagari gutuna

Estitxu Elduaien.
2008ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Iñaki Badiolaren gutuna jaso du Juan Antonio Larrañaga Realeko harrobiko arduradun nagusiak. Ez duela bere postuan jarraituko. Bota egingo dutela. Urtarrilean jada iradoki zituen Badiolak bere asmoak, eta ezusteko handirik ez zuen sortu atzoko erabakiak. Baina pena bai, pena hartuko zuen azpeitiarrak. Horren gisako gutuna jaso zuten burtsek NDF Nazioarteko Diru Funtsetik: bankuek bilioi dolarretik gora galdu dutela finantza krisiaren ondorioz. Lehendik ere zer edo zer iradoki zuen funtsak, eta ezustekorik ez zen izan. Etxebizitzen balioa gehiegizkoa den lurraldeetan arriskua are handiagoa dela ohartarazteak, ordea, pena bai, sortu zuen inbertsiogileen artean: zuzen-zuzenean jo du Ibex-35 era(-%1,17), Espainiako eta Hego Euskal Herriko prezioen usainera. Gutunaren protagonista, BBVA (-%2,28) eta Santander(-%2, 15) izan ziren atsekabetuenak. Tristura barruan, Tricheten gutunaren zain izango dira gaur.

Banestori (-%0,49) finantza krisiak ez dio, nonbait, horrenbeste eragin. Urteko lehen hiruhilekoan izandako emaitzek behintzat hala erakusten dute:217,6 milioi euro garbi irabazi zituen bankuak, 2007an epe berean baino %16,1 gehiago.



Weserbank Alemaniako bankuak, ostera, oso bestelako emaitzak izan ditu. Herrialde hartako Burtsako ikuskatzaileak bankua ixteko agindua eman du, pilatu dituen zorren ondorioz. Ixtea ez ei du finantza krisiak eragin, diru eragiketa egiteko izan duten administrazio eskasak baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.