Batasunako hainbat militanteren eta euren senideen kontuan izoztu egin dituztela salatu dute alderdiko hainbat kidek. Garzonek agindu, Frantziako gobernuak exekutatu, eta inplikatuei jakinarazi ere ez. Antzeko itxura agertu dute merkatuek asteko azken egunean ere: Agintariak ekonomiaren arriskuez ohartarazi, AEBetako burtsek albistearen txarra exekutatu, eta inbertsiogileak zer egin jakin gabe. Atzera egin zuten, ondorioz, atzokoan ere Europako indize nagusienek, eta Ibex-35ak 13.300 (-%1,70), puntutako muga galdu zuen. Erraldoiek eraman zuten gainera, beherantz indizea, euren pisuaren ondorioz edo. Batik bat Telefonicak (-%2,84) eta Iberdrolak (-%2,83).4.822,5 milioi eurotako salerosketaren ostean, dozena erdi enpresek soilik izan zituzten irabaziak. Galerekin amaitu da astea. Garzonen joera asmatzerik ez dagoen bezala inbertsiogileek zer egin dezaketen jakitea ere zaila. Adi egon, badaezpada.
Santander bankuaren (-%1,5) aurpegian izua nabari da. Edo desesperazioa. Sovereign Bancorp (-%2,5) konpainiaren akzioak erosi zituenean beste aldera begiratu bazuen hobe zuela pentsatzen hasia da jada Botin presidentea. Ez da gutxiagorako: Sovereign Bancorpen egindako inbertsioak dagoeneko 1.200 milioi euroko galerak eragin dizkio AEBetako bankuak. Brasilgo Banco Real ,General Electric Money eta Royal Bank of Scotlanden egindako erosketek 1.300 milioi euro eman dizkio Botinen bankuari, baina AEBetan duen burukominak gehiegi gozatzea eragozten dio.
BURTSA. Kontuak izoztuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu