48 ordu. Bi egun. Motza baina intentsoa. Hala izan da merkatuen euforia. Apaldu egin ziren animoak atzokoan, lasaitu. Bi egunez irabaziak gailendu ostean, galerak izan ziren nagusi Europako merkatuetan. Ezer ez da betiko. Segurutik jotzea erabaki zuten inbertsiogileek, eta irabazitakoa poltsikoratzea nahiago izan zuten, zuhurtziaz, eta akzioak saltzeari ekin zioten. Atzerakoa ez zen handia izan indize nagusientzat, eta %1aren azpitik galdu zuten gehienek, baina badirudi berriro ere bekokiak iluntzen hasi direla merkatuetan eta kezka itzultzen hasiko dela. AEBetako langabetu kopurua azken bi urteetako handiena dela jakinda bekokiak zimurtu zituzten gehienek, bezperan ezer ez entzuteko belarrietan sartutako behatzak atera dituzten seinale. Ibex-35ean (-%0,72) aurreko egunetan gehien irabazi zutenek izan ziren galtzaile: Sacyr (-%3,79) eta Inditex (-%2,65). 6.516,7 miloi euroko salerosketa izan zen.
BBVA. Europako bankuen artean likidezia gehien duena dela esan du BBVAk. Jose Ignacio Goirigolzarri kontseilari ordezkariak Londonen ziurtatu zuenez, finantza merkatuetako krisiari aurre hartu diote eta, ondorioz, «oinarri sendoenak» dituzte.
BayernLB Alemaniako bankuak ostera, onartu egin du subprimeek eragindako krisiak galerak eragin dizkiola. 4.300 milioi euroren galerak izan dituela esan du Alemaniako erregio bankuen artean bigarren sendoenak. Galerak berreskuratzeko eragiketak egingo dituela jakinarazi du.
BURTSA. Ezer ez da betiko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu