Burrunba auzitegiraino

Ehunka lagunek bat egin dute bihartik aurrera Madrilen epaituko dituzten gazteekin.Preso politiko gehiagorik ez dutela nahi esan dute

Ehunka lagunek babestu dituzte Iruñerriko gazte auzipetuak. J. MANTEROLA / ARP.
Iker Tubia.
Iruñea
2015eko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Aski dela eta epaiketarik ez dutela nahi esan zuten atzo ehunka lagunek Iruñean. Antoniutti parkean hasi zen manifestazioa, eta pankarta laranjak ireki zuen martxa. Burrunba oso ozen aditu zen. Danborrak, txilibituak, sirenak... pankartako leloak zioen bezala, ozen aditu zitzaten. Halaxe izan zen, Alde Zaharreko kale estuetatik igaro baitziren. Maider Caminos Iruñerriko Herri Harresiko kideak esan zuenez, PPren jarrera aldatzea zen protestaren xedea: «Kokoteraino gaude».

Haren aburuz, Madrilgo gobernuaren bultzada du Iruñerriko hamar gazteren aurkako epaiketak. «PPren gobernuak euskal disidentziaren aurka egiten du errepresioaren errezeta zaharrekin». Izan ere, lan politikoa da epaitzen ari direna, haren ustez. Epaiketa politiko gehiagorik ez dutela onartuko ere esan zuen, eta mobilizazioaren beharra nabarmendu zuen. «Ez dugu preso politiko gehiagorik nahi, eta libre bizi nahi dugu».

Manifestazioaren bukaeran, Oihan Ataun eta Gorka Sueskun auzipetuek eskerrak eman zizkieten bertaratutakoei, eta lanean jarraitzeko eskatu zieten.

Beste epaiketa bat

Astelehenetik aurrera, Mikel Marin, Iker Aristu, Diego Octavio, Iker Araguas, Ibai Azkona, Oihan Ataun, Mikel Beunza, Iñaki Marin, Gorka Sueskun eta Mikel Flamarique epaituko dituzte, Segiko kideak direlakoan. Horregatik, hamar urteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak auzipetu bakoitzarendako. Maiatzaren 12an izanen da azken saioa. Iñaki Marin, Iker Araguas eta Ibai Azkona kartzelan dituzte, eta manifestazioan gogoan izan zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.