Lehen arretako medikuak eta erizainak aspalditik hasiak dira salatzen burokrazia lan gehiegi egin behar izaten dituztela eta horrek artari kalte egiten diola. Bada, orain, urrats bat egin du aurrera: LAA Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak langile horiei dei egin die beren asistentzia mailari ez dagozkien burokrazia lanak ez egitera, «lana ondo egitean zentratzeko». Azaroaren 25ean ekin zioten kanpainari, «beharrezko neurriak har ditzaten eta pazientearen segurtasuna hobetuko duen irtenbide integratzaileak bila ditzaten».
Plataformak salatu duenez, lehen arretako kontsultetan ebatzi behar izaten dituzte beste arta maila batzuetan sortutako arazo klinikoak eta osasun laguntzaz bestelakoak. Horrek bi ondorio dituela ohartarazi dute: batetik, pazientearen segurtasuna arriskuan jartzen du —«handitu egiten du jarraipenik ez egiteko edo botikarik ez hartzeko probabilitatea»—; bestetik, lehen arretako langileek denbora gutxi dute dagokien arta emateko. Kanpaina horren bidez, eragotzi nahi dute osasun sistemaren «egiturazko hutsek etengabeko eragina» izatea lehen arretaren jardunean, «administrazio lanek denbora asko eskatzen baitute». Nabarmendu dutenez, lehen arretako artaren gaitasuna eta kalitatea hobetuko dira horrela.
Ildo horretatik, lehen arretako beharginen desburokratizazioa bultzatzeko kanpaina bat abiatu du LAAk. «Denbora daramagu ditugun bideak erabiltzen egoera hobetzen saiatzeko, egoera horiek ez gertatzeko neurririk ikusi gabe», aitortu du plataformak. Horregatik ekin dio kanpaina horri: «Gure ustez, hori da modu bakarra lehen arreta besteen burokraziaz ez kargatzeko eta osasuna ematen duenari denbora emateko, hau da, asistentziari».
Kanpaina honen helburua da lehen arretako osasun laguntzarako «behar den denbora» izatea; ondorioz, egin gabe utziko dituzte eskaini behar duten osasun laguntzarekin lotuta ez dauden burokrazia lanak. Dena dela, «inola ere ez dira jarduera horiek guztiak egin gabe geratuko», azaldu dutenez: «Osakidetzaren Integrazio Asistentzialeko Zuzendaritzari dagokio eskariari erantzutea eta jarduera horiek dagokien asistentzia mailan antolatzea. Era berean, pazienteari ESIko Pazienteen eta Erabiltzaileen Arreta Zerbitzuaren kontaktua ere emango zaio, arazoak zuzenean konpondu ahal izateko, lehen arretatik igaro beharrik gabe».
Aitortu dute badakitela kanpainak «gehiegizko ahalegina» eskatuko diela pazienteei, baina uste dute ez dutela beste modurik beren lanean zentratzeko: «Osasuna sustatzea, gaixotasuna prebenitzea, gaixotasuna agertzen denean atzematea eta artatzea, eta luzerako arreta eskaintzea, pertsonarengan eta haren ingurune sozial eta komunitarioan oinarrituta».
Lehen arretako profesionalen burokratizazioa murrizteaz aritua da Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. Irailean, Eusko Legebiltzarrean legealdirako asmoak azaldu zituenean, adierazi zuen lehen mailako arretako osasun profesionalen lan burokratikoa murriztu behar dela. Neurria jarri zion: sei hilabeteko epean osasun langileen lan burokratikoak %40 murrizteko plan bat abiatuko dute, besteak beste teknologia baliatuta.
Bide horretatik, lehen mailako arreta hobetzeko ekintza plan bat martxan jarriko dutela ere iragarri zuen. Aurki dira aurkeztekoak.
Sinadura bilketa
Horrez gain, 5.600 sinadura baino gehiago bildu dituzte Aiaraldean, osasun sistema publiko eta duina eskatzeko. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari hainbat eskari egitea babestu dute eskualde horretako herritarren %13,2k: esaterako, berma dezatela osasun profesionalak izatea Laudioko eta Amurrioko EAG etengabeko arretako guneetan, beharrezkoak diren espezialitate eta kategoria guztietakoak, ordutegi eta txanda guztietan. «Baita medikuak ere». Izan ere, urtarrilean gizon bat hil zen Laudioko EAGan, bihotzekoak jota; gizona iritsi zenean, ez zegoen medikurik EAG horretan.
Gainera, Laudioko anbulantzia medikalizatuko txanda guztietan beharrezkoak diren osasun profesional guztiak egon daitezela ere eskatu dute herritarrek, «medikuak barne». Izan ere, abuztuan herri horretako bizilagun bat hil zen ZIU zainketa intentsiboetako unitate mugikorrean «medikuak falta» zirelako, Laudioko Udalak ohar batean salatu zuenez.
Finean, Osasun Sailari exijituko diote Osakidetzaren oinarrizko laguntza zerbitzuak bermatuta egotea.