Burlatan adingabe bat bortxatu zuen gizonari zigorra murriztu diote, biktimak helduagoa ematen zuela argudiatuta

Nafarroako Auzitegia Nagusiak lau urte eta erdi murriztu dio zigorra 2023an Burlatan 13 urteko neska bat bortxatu zuen gizonezkoari. Auzitegiaren arabera, biktimaren itxura ikusita, «arrazoizkoa» da bortxatzaileak pentsatu izana neska helduagoa zela.

Burlatako jaietan, 2023an, adin txikiko bati eginiko sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea. IÑIGO URIZ / FOKU
Burlatako jaietan, 2023an, adin txikiko bati eginiko sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea. IÑIGO URIZ / FOKU
kristina martin
2025eko martxoaren 6a
16:07
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Auzitegi Nagusiak zigorra murriztu dio 2023an Burlatan hamahiru urteko neska bat bortxatzeagatik zigortutako gizonezkoari. Hamahiru urteko espetxe zigorra ezarri zion Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2. atalak joan zen urtarrilean. Helegitea jarri ostean, Auzitegi Nagusiaren Arlo Zibil eta Penaleko aretoak ebatzi du zigorra zortzi urte eta sei hilabetera murriztea —lau urte eta erdiko murrizketa—. Epaiak zigorra laburtzeko erabiltzen dituen argudioen artean daude: biktimaren itxura —lekuko baten arabera, hamasei urtetik gorakoa zirudien—, alkohola edan zuela, poltsan preserbatiboak zeramatzala eta bera baino helduagoa zen lagun batekin zihoala, gauez.

Izan ere, biktimak 1,68 metroko altuera eta 71 kiloko pisua zuen erasoa gertatu zenean, eta 17 urteko neska batek lagunduta zihoan akusatuak bortxatu zuenean. Auzitegiaren arabera, «zentzuzkoa» da 33 urteko gizonezkoak pentsatu izana bortxatu zuen neska 16 urtetik gorakoa zela. Horren ondorioz, hamasei urtetik beherakoei eginiko sexu-eraso delitua leporatu ordez, sexu erasoa da egozten zaion delitua, eta, beraz, zigorra laburtu diote.

2023ko abuztuaren 16ko gauean gertatu zen erasoa, Burlatan (Nafarroa). 13 urteko neska 17 urteko lagun batekin joan zen herri horretako jaiak zirela eta. Epaileak epaian jaso duenez, neska, «mozkortuta» egoteko zantzuak zituela, erasotzailearekin hizketan hasi zen kalean. Musuka hasi ziren, gizonezkoak atari batera sartu zuen indarrez, eta bertan bortxatu zuen. Biktimak erresistentzia jarri zuen, baita laguntza eskatu ere, baina inork ez zion jaramonik egin.

Biktima atarira sartzen ikusi zuen bizilagun batek Poliziari adierazi zion neskak 20 urte inguru zeuzkala. Horrekin batera, 01:30ak zirela eta biktimak poltsaren barruan gau hartan erositako hiru preserbatibo zituela ere aipatzen du epaiak. Horretan oinarritzen da auzitegiak esateko erasotzaileak pentsa zezakeela neskak 16 urte baino gehiago zituela.

Burlatako Udalaren gaitzespena

Uda horretako jaiak amaitu ondoren eman zuen Burlatako Udalak sexu erasoaren berri, eta erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin zuten herrian. Halaber, udalbatza osatzen duten talde guztiek agiri bat plazaratu zuten. Biktimari babesa eta elkartasuna adierazteaz gain, emakumezkoek jaiez «segurtasunez eta askatasunez bizitzeko» eskubidea ere aldarrikatu zuten: «Kalea, gaua, eguna, jaiak, pertsona guztien gozamenerako dira, eta ezerk ez du justifikatzen emakumeek askatasuna eta segurtasuna galtzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.