Burlatako jaietan adingabe bati eginiko sexu erasoa salatu dute

Burlatako Udalbatzako talde guztiek, erasoa gaitzetsi, eta mugimendu feministak antolatutako mobilizazioekin bat egin dute. Elkarretaratzea eginen dute bihar, 19:00etan.

Sexu eraso baten kontrako elkarretaratze bat, Iruñean. Artxiboko irudi bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Sexu eraso baten kontrako elkarretaratze bat, Iruñean. Artxiboko irudi bat. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko abuztuaren 22a
12:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Iragan abuztuaren 14an hasi, eta 20an bukatu ziren Burlatako jaiak (Nafarroa), eta udalak gaur goizean jakinarazi du neska adingabe bati sexu erasoa egin ziotela egun horietan. Udalbatza osatzen duten talde guztiek «irmoki» salatu dute gertatutakoa, eta sexu indarkeria txarretsi. Halaber, babesa eta elkartasuna adierazi diote adingabeari, eta «errespetu erabatekoa» eskatu dute, haren eskubideak eta intimitatea babeste aldera. Foruzaingoak gizon bat atxilotu zuen asteburuan herrian, indarkeria matxista egotzita.

Burlatako Udalak elkarretaratzera deitu du, gainera, erasoa gaitzesteko: bihar iluntzean izanen da, 19:00etan, Larrañetako plazan. Horrez gain, bat egin du mugimendu feministak datozen egunetan egin ditzakeen adierazpen eta protesta ekintza guztiekin.

«Kalea, gaua, eguna, jaiak, pertsona guztien gozamenerako dira, eta ezerk ez du justifikatzen emakumeek askatasuna eta segurtasuna galtzea», adierazi dute udal taldeek, adostu duten agirian. Horrez gain, aldarrikatu dute emakumeek eskubidea dutela «segurtasunez eta askatasunez bizitzeko». Emakumeen aurkako indarkeria «egiturazko fenomenoa» dela gaineratu du udalbatzak: «Presente dago gure gizarteko klase sozial guztietan, munduko herrialde guztietan eta urteko egun guztietan». Era berean, erakunde publiko eta herritar gisa, konpromisoa hartu dute «emakumeek jasaten dituzten indarkeria mota guztien kontrako jarrera aktiboa eta konpromiso irmoa izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.