Burgosko Prozesuak 50 urte. Iñaki Egaña. Historialaria

«Burgosko Prozesua paradigma bat izan zen Europarentzat ere»

XX. mendean Euskal Herrian eraginik handiena izan zuen epaiketa izan zen Burgoskoa, Iñaki Egaña historialariaren iritziz. Bereziki, nazioartean izan zuen oihartzunak ekarri zion garrantzi hori. Dioenez, mugarri historiko bat da Burgoskoa.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
inaki petxarroman
2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Memorian eta historialari gisa makina bat lan egindakoa da Iñaki Egaña (Donostia, 1958). Berriki argitaratu du El proceso de Burgos 50 años después liburua (Burgosko Prozesua 50 urteren ondoren). Dioenez,bereizgarri jakin batzuek eman zioten oihartzuna epaiketa hari, bai Euskal Herrian eta bai munduan.

Zein dira Burgoskoa berezi egiten duten ezaugarri horiek?

Batetik, nazioartean izan zuen oihartzuna. Sona handiko nazioarteko begiraleek babesa azaldu zieten inputatuei: Olof Palmek, Simone de Beauvoirrek... Europa osoan antolatuta zegoen ezkerreko intelektualen sare indartsu baten babespean, begirada Euskal Herrian ezarri zuten. Bestetik, mobilizazioak izugarriak izan ziren, bereziki Euskal Herrian. Aipagarria da, era berean, erregimenak hanka sartze handia egin zuela, ez baitzuen ondo neurtu sortu zen olatua.

Nazioarteko askapen eta deskolonizazio auzien testuinguruan ere sartu zen, ezta?

Bai, eta horren harira Europan antolatuta zeuden mugimendu sozialak, Vietnamgo eta Aljeriako gerren kontra eta kolonizazioaren aurka... Sare horren arretari esker, oihartzun handia izan zuen Burgoskoak. Franco ere higatuta zegoen boterean zeramatzan urteengatik, eta horren denaren batuketaren ondorioz izarrak lerrokatu zirela esan daiteke.

Inputatuen aurkako heriotza-zigor eskaerak ere eragingo zuen gizartearen erantzunean, ezta?

Gerra hotzaren ondorioz, bi mundu aurrez aurre jarri ziren. 1970eko abenduan epaitu zituzten Sobietar Batasuneko disidente batzuk, eta haientzat ere heriotza zigorra eskatu zuten. Mugimendu askotarikoak egon zirenhorren aurka, eta estatuak ere inplikatu egin ziren: AEBak, Mendebaldeko Alemania, Frantzia... Ezkerrak eskatu zien, beraz, Burgosen epaitzen ai zirenen alde ere egiteko. Eta hala gertatu zen. Burgosko eta Leningradeko zigortuak indultatu egin zituzten.

Esan daiteke mendebaldeko Europan jendea esnatu egin zela Francoren diktaduraren aurrean?

Azken mobilizazioak historikoki alderdi komunistak saltzen zituen mendebaldeko Europan. Orduan, baina, talde berriak sortzen ari ziren: troskistak, indiar metropolitarrak, anarkistak, ekologistak, Parisko 1968ko maiatzekoak... Horrek beste hedadura eta kolore bat eman zien ordura arteko mobilizazioei, eta Burgosko prozesua paradigma bat izan zen Europarentzat ere.

Frankismoak zergatik indultatu zituen azkenean heriotzara zigortutakoak?

Burgosko auziaren garaian, ETAk Behil Donostiako kontsul alemaniarra bahitu zuen, eta uste dut bahiketak sekulako eragina izan zuela emaitzetan. Polimiliek gauza bera pentsatu zuten, eta 1975ean bi komando bidali zituzten Madrilera, erregimenekobi pertsona ezagun bahitzera, Txiki eta Otaegiren trukean eskaintzeko, baina orduan gaizki irten zitzaien. Bahiketaz gain, garrantzitsuak izan ziren mobilizazioak eta nazioarteko diplomaziaren eginkizuna. Hamabi estatuk eskatu zuten indultua —Vatikanoa barne—.

Ordura arteko defentsa estrategia aldatu zuen ETAk Burgosen. Zergatik?

Ordura arte, epaiketak apurtzera jotzen zuten militanteek. Uste dut aldaketa horren atzean Jose Antonio Etxebarrieta dagoela. Jose Antonio —Txabiren anaia—, abokatua ez ezik, ETAko militantea ere bazen, eta, ezagutu zutenek diotenez, oso azkarra zen, eta hari dagozkio erakundearen mugimendu estrategiko nagusiak. Zergatik gertatu zen aldaketa? Erakunde osoa epaitu nahi zutelako, eta indar irudi baten bidez ETA desagerrarazi egingo zutela erakutsi. Horri erantzuteko estrategia bat zen defentsarena.

Meliton Manzanas polizia frankistaren hilketa epaitu nahi zuten, baina hori ere nahiko gaizki atera zitzaien, ezta?

Bai, zeren epaiketa egiteko aitzakia izan zen Manzanasen hilketa. Frankismoari gaizki atera zitzaion, hilketa leporatu baitzioten Izkori —erruduntzat jo zuten—, baina ekintza egin izana egozten zioten seigarrena zen.

Zer eragin zuen Burgosko Prozesuak ETAren ibilbidean?

ETAren V. Asanbladan hamar bat kide baino ez zeuden. Haiek egin zuten Beihl kontsularen bahiketa, eta zorte handia izan zuten. Gero,auzipetu gehienek ETAren VI. Asanbladarekin bat egin zuten.Ordukoa, gainera, ETAk izan zuen boladarik txarrenetako bat izan zen, atxiloketen aldetik. Burgosek, berriz, irauli egin zuen joera hori, eta ETA militantez betetzen hasi zen. Antzekoa gertatu zen 1975ean, Txiki eta Otaegi fusilatu ostean.

Frankismoan hiru sektore zeuden. Zein gailendu zen?

Carrero Blancoren sektorea zen kanpoko diplomazian eragin handiena izan zuena, baina uste dut orduan militarrek erabat agintzen zutela, eta [Manuel] Diez-Alegria armadako buruaren rola funtsezkoa izan zela.[Antonio] Troncoso epaileak kontatu izan du indultuaren aurka zegoela. Gipuzkoako gobernadore zibila ere (Juan Mari Araluze) aurka zegoen. Europako joerak eta diplomazietatik iristen zen informazioa ikusita, indultuaren alde azaldu ziren Opusen adarrekoak, baina erdi baztertuta zeuden.

Vatikanoak ere esku hartu zuen. Nolako harremana izan zuen frankismoarekin?

Uste dut konkordatuaren aldetik, eta Euskal Herriari dagokionez, harremanak nahiko kaskartuta zeudela Madrilekin hiruzpalau urte lehenagotik. Derion, hirurehundik gora apaizek eta seminaristak torturaren aurkako idazki bat kaleratu zuten. Apaizak Zamorako espetxera eraman zituzten propio. Auzipetuen senideakAita Santuaren idazkariarekin egon ziren, eta jarrera nahikoa irekia topatu zuten. Inputatuen artean bi apaiz sartu zituen frankismoak, bermatzeko epaiketa lekukorik gabe egitea, baina Vatikanoak presio egin zuen irekia izan zedin.

Euskal Herriko alderdiek zer rol jokatu zuten?

Alderdietako zuzendaritzak kanpoan zeuden. PSOE Hego Euskal Herrian ia ez zen existitzen. Alderdi Komunista grebaren alde azaldu zen. EAJren zuzendaritza Parisen zen. Diplomazia astindu egin zuen, eta grebara ere deitu zuen, Leizaolaren bidez. Beihlen bahiketaren gaian parte hartze handia eduki zuen, [Federico] Krutwigek Manuel Irujori informazioa eskaintzen ziolako. Hala ere, protagonismo gutxi izan zuten, oro har. Mobilizazioa bat-batekoa izan zen, herriak bultzatua.

Torturen salaketak oihartzun handia izan zuen munduan ere...

Auzipetu guztiek jasan zituzten torturak, Enrique Salagagak izan ezik, zauri larriak egin zituelako atxilotu zutenean. Torturen salaketen txostenak zabaldu egin zituzten espetxetik, eta Gisele Halimiren liburuan eta beste batzuetan azaldu ziren. Erbesteko Jaurlaritzak ere ingelesera itzuli zituen salaketak, eta zabaldu egin zituzten. Oihartzun handia izan zuten salaketek, baita Elizaren estamentuetan ere.

Burgosko Prozesu honek Frantzian izan zuen oihartzunak eragingo zuen, hamarkada batez edo, Ipar Euskal Herria etakideentzako babesgune bihurtzea.

Orduan hasi zen giro hori, eta handik urte batzuetara amaitu, Guy Petit Miarritzeko auzapezak afixak atera zituenean esanez errefuxiatuen babesak kalte egiten ziola turismoari. GAL hasi zen, eta Frantziak jarrera aldatu zuen, PSOE gobernuan sartu zenean. Baina Frantzian babes handia lortu zen Burgosko auzipetuentzat, eta horrek eragin handia izan zuen gobernuan ere.

Burgosko Prozesuaren txostena militarren esku dago. 50 urte pasatu eta gero, nola liteke?

Nik ikusia dut txostena. Dosier guztiak Ferrolen daude, eta Nafarroakoak, Bartzelonan eta Zaragozan...50 urteren ondoren atera beharko lirateke argitara, baina trabak egoten dira. Adibidez, Txabi Etxebarrietaren txostena eskatu zuen haren familiak, eta,dosier horretan Iñaki Sarasketa ere ageri denez, militarrek eskatu zuten Sarasketaren baimena. Sarasketaren eskelak bidali zituzten, eta esan zieten heriotza agiria behar zutela. Azkenean, txostenaren zati bat bakarrik eman zieten, eta izen asko ezabatuta. Burgoskoan hamasei auzipetu izanda, zailtasun asko izango dira.

Historialari gisa, uste duzu zerbait falta zaigula ulertzeko zer gertatu zen Burgosen?

Ulertzeko, ez. Ñabardurak falta zaizkigu, eta neronek ere zailtasunak izan ditut informazioa biltzeko. Beihlen bahiketan parte hartu zutenetatik batek kontatzen dizu erdia, beste batek esaten dizu ez duela ezer jakin nahi... Manzanasen hilketaren inguruan, berdintsu. Askotan gertatzen da idatzita geratu denarekin bakarrik egiten dela historia... Ondo dago, baina protagonisten testigantza nahitaezkoa da testuingurua osatzeko.

Liburuan argitaratu duzu ñabardura berriren bat?

Burgosko espetxeko ihesaldi saiakerari buruz lehenengo aldiz hitz egin dut komando horretako hiruretako batekin. Beste biak hilda daude. Bestalde, zuzendaritzako bik bakarrik ezagutzen zuten Botila operazioa. Hori dena lehen aldiz argitaratu da orain.

Prozesua bukatuta, urrundu egin zituzten presoak. Ohikoa zen urruntze politika orduan ere?

Bai, euskal presoekin ohikoa izan da urruntze politika hori 1936tik. Orduan preso gutxi ziren... Burgoskoak Caceseresen, Cartagenan, Alacanten, Puerton egon ziren... Batzuk, guztiz bakartuta. Amnistia Legearen ondoren, haietako batzuk deportatu egin zituzten Belgikara, Norvegiara... Erregimenarentzat Burgoskoak garrantzi itzela izan zuen, eta hori pairatu egin zuten presoek ere.

Memoria historikoa horrenbeste aipatzen den garai honetan, Burgosko Prozesua nahikoa iritsi da belaunaldi gazteetara?

Gure belaunaldiarentzat, Burgoskoa mito bat izan zen. Gaur egungo gazteengana iristeko saiakerak egin dira, liburuak daude, filmak —Uriberena, Maciasena...—, eta orain ere ekitaldi asko antolatu dira... Jaso, uste dut gutxi jaso dutela... Baina guri ere gertatzen zitzaigun... Gure aitonak ere kontatzen zituen gerra garaiko kontuak —Monzon, Agirre, Leizaola, Irujo...— eta aspertuta bukatzen genuen... Belaunaldi bakoitzak iragana bere modura ulertzen du, eta, gainera, gaur egun, iraganak lehen baino garrantzi txikiagoa du oro har, gizarteak hartu duen abiadura dela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.