Hamarkadetan zehar, giltzapean egotea izan da milaka euskal herritarren patua; motibazio politikoengatik, itzalera kondenatu dituzte hainbat belaunalditako gizon-emakumeak, eta, askoren belarrietara, ezagunak dira itzal hori ahalbidetu duten hormetako espetxeen izenak: Puerto, Carabanchel, Herrera, Yeserias, Ondarreta, Daroca. Orain, milaka euskal herritarrek kartzelarekin izandako loturaren bilakaera kontatu du Carlos Trenor abokatu eta preso ohiak Euskal disidentzia. Errepresioa eta espetxea liburuan. Euskal Memoria fundazioaren aurtengo lan monografikoa da, eta, bereziki, azken 40 urteetako ibilbideari egin dio errepasoa, hortik atzerakoak ere aipatu dituzten arren.
Liburua atzo aurkeztu zuten, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Berez, hedabideentzako agerraldi bat zen, baina aretoa ia erabat bete zen, dozenaka lagun batu baitziren deialdira; horietako batzuk, preso ohiak. Agerraldian, Trenorrek azaldu zuen preso politikoez idazteko eskatu ziotela, «abizenik gabe», eta multzo ugari sartu zituela kategoria horretan: «Erakunde armatuekin lotutakoak, dena da ETA dokrinaren biktimak, kale borrokan aritutakoak, intsumisoak, preso sozial sartu eta kontzientzia politikoarekin irten zirenak eta langile klasearen borrokari lotuta espetxeratutakoak».
Trenorrek kartzelan kide izandakoei eskaini zien lana, eta gogoan izan zituen liburua osatzeko prozesuan parte hartu dutenetako batzuk: Teresa Toda, Mikel Korta eta Javier Salutregi. Hirurak eta Trenor bera 18/98 sumarioan zigortu zituzten. Era berean, aitortu zuen espetxetik irtetean eskatu ziotela lana bere gain hartzeko, eta ezin zuela ezezkorik eman: «Hau itsaso bat da; oso zaila da laburtzea historikoki inportantea dena». 500dik gora orrialdetan, testuz nahiz dozenaka irudiz, egileak errepaso mardula eman dio euskal presoen azken lau hamarkadetako bilakaerari: «Hau ez da behin betiko liburu bat: lehen pauso bat da». Izan ere, uste du atal bakoitzak garapen propioa behar duela.
Aurkezpenean, Iñaki Egaña historialari eta Euskal Memoria fundazioko lehendakariak hartu zuen hitza. Haren esanetan, 80.000 euskal herritar egon dira preso 1936ko gerraz geroztik; 1960ko hamarkadatik, 7.000tik gora. «Zenbaki beldurgarriak dira», esan zuen: «Atzean, bizirik dagoen herri bat dago». Liburuak bigarren zati bat izango du.
Era berean, fundazioa beste zeregin batzuetan ere ari dela azaldu zuen; besteak beste, torturak jasan dituztenen kopurua osatzen. 6.000tik gora zenbatu dituzte, eta, Egañaren arabera, datua bat dator Jaurlaritzak gaiaz eginiko txostenean jasotako kopuruarekin (4.113): «Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegokoa zen; gurea nazio mailako lana da».
Amnistia, kartzelako GAL...
Joseba Sarrionandia idazlearen esaldi batek zabaltzen du liburua:
«Euskal presoek egin dutena eta egin ez dutena ari dira ordaintzen. Egin dutenagatik preso arruntek egin balute baino askozaz zigortuago daudenez gero, konprenitzen da egin ez dutenagatik daudela batez ere zigortuta. Egin ez dutena, independentzia, sozialismoa eta demokrazia lortzea izan da. Delitu saioa, frustrazio graduan. Ez dute lortu, baina lortu balute bezala mendekatzen dira Espainiako juezak». Hortik aurrera, Trenorrek gogora ekarri ditu zenbait pasarte; esaterako, 1976ko amnistia eta 1977ko dekretuak. Horien arabera, 1977ko abenduaren 9an irten zen kartzelatik Francisco Aldarondo Badiola ondarroarra, «frankismo garaian Euskal Herrian borrokatzen ziren eta independentzia, sozialismoa, birbateratzea eta euskalduntzea aldarrikatzen zituzten taldeetako preso politikoen artean azkena», baina hilaren 19an David Alvarez Pen?a atxilotu zuten Lemoizko zentral nuklearreko lanen aurkako eraso batean: «Esan liteke amnistia hark bederatzi egun baino ez zituela izan».
Ahaztuxeago dagoen beste pasarte bat da «kartzeletako GAL» osatzeko saioa. 1991ko urtarrilean eta apirilean, Alcala-Mecoko bi preso sozialek gutun bana bidali zuten Egin-era; Luis Rivasek azaldu zuen kartzelako funtzionarioek zera proposatu ziotela: «ETAn eragin handiena zuten presoak exekutatu» behar zituen espetxeko zuzendaritzak «nahi zuen guztia» ematearen truke. Landelino Iglesiasek berretsi zuen: «Mecoko kartzelariek nire adiskideei proposatu zieten preso politikoak (ETAko eta GRAPOko presoak) erailtzea espetxe barruan: kartzelariek bitartekoak emango zizkietela bahiketa-mutinatze baten itxurak egiteko eta preso politikoak erailtzeko eta, trukean, askatasuna itzuliko zigutela».
Bestalde, Trenorrek atal bat eskaini dio emakume presoek bizi izandako egoerari: «inork baino gehiagok» jasan zuten bakartzea eta sakabanaketa: «Hasiera batean Langraiz (Araba) eta Martuteneko (Donostia) espetxeetan giltzapetu zituzten, baina handik gutxira Madrileko Yeserias kartzelara lekualdatu zituzten eta politika zapaltzaile espezifiko bat aplikatu zieten. 1980an Espainiako Estatuak ez zeuzkan behar adina espetxe emakumeentzat eta, ondorioz, hara desterratu zituzten guztiak».
Burdina arteko historia, etenik gabeko haria
'Euskal disidentzia. Errepresioa eta espetxea' lana ondu du Euskal Memoriak. Fundazioaren arabera, 1936tik 80.000 euskal preso izan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu