Indarkeria poliziala

Bultzadak eta Iraultzak Ertzaintzaren jokabidea gaitzetsi dute, eta erantzukizunak eskatu

«Iñigo Cabacas hil eta hamar urtera, horren arduradunek ez dute inolako eragozpenik berriro ere gidoi bera errepikatzeko», salatu dute Realeko eta Alaveseko animazio taldeek. Igandeko derbiaren aurretik istiluak izan ziren, eta halakorik berriz ez gertatzea exijitu dute.

Paulo Ostolaza.
2022ko martxoaren 15a
10:55
Entzun

Ertzaintzaren bertsio ofizialari erantzun diote Bultzada Txuri Urdina eta Iraultza 1921 animazio taldeek. Igandean, Realaren eta Alavesen arteko derbiaren aurretik, istiluak izan ziren Amara Berri auzoko Armeria plazan, Anoeta kanpoaldean. Han jardunaldi bateratu bat antolatu zuten bi animazio taldeek —senidetutako bi afizio dira Realarena eta Alavesena—, eta hori zela-eta bildu ziren han Ertzaintzako istiluen aurkako unitateak. Bultzadak eta Iraultzak gaur salatu dutenez, «egun osoan bizi izan zituzten gauza on guztiak lausotu zituen eraso basati bat» jasan zuten.

Gertatutakoa gogor gaitzetsi dute bi taldeek, plazaratu duten ohar bateratuan: «Iñigo Cabacas hil eta hamar urtera, horren arduradunek ez dute inolako eragozpenik berriro ere gidoi bera errepikatzeko. Karga indiskriminatu bat berriz ere, jendez betetako eta irteera gutxiko kale batean. Tiroak, berriz ere, bertatik. Berriz ere inpunitatea». Sare sozialetan hainbat erabiltzailek salatu zuten moduan, aipatu dute ondoko parkea «haurrez beteta» zegoela.

Istiluen sorrerari buruz, esan dute Ertzaintzak arratsalde hasieratik utzi zituela argi bere asmoak, «plazaren sarreran jendea arakatzen eta ikaratzen, baita auzokoak ere». Eusko Jaurlaritzaren arabera, istiluak hasi ziren zenbaitek bengalak, botilak eta harriak bota zizkietenean Ertzaintzaren furgonetei.

Azkenik, Bultzadak eta Iraultzak gertatutakoa salatu dute, eta erantzukizunak eskatu dituzte, baita horrelakorik berriz ez gertatzea ere: «Dena den, bistan da eragin dezaketen kalte guztia ez zaiela batere axola, ezta, zoritxarrez, dagoeneko eragin dutena eta konponbiderik ez duena ere», amaitu dute.

Bi atxilotu

Igandean, arratsaldeko seiak aldera hasi ziren istiluak, partida baino ordu erdi lehenago. Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituen istiluetan «zuzenean parte hartzeagatik», eta Donostiako ertzain etxera eraman zituen. Batak 23 urte ditu, eta besteak, 24. Poliziak egunean bertan bidali zuen oharraren arabera, «istiluak sortu zituztenek agenteak behartu zituzten soinu salba bat edo beste egitera». Sare sozialetan zabalduriko bideoetan ikusten denez, ordea, ertzainek tiro ere egin zieten gazteei gertutik, foam pilotekin, eta gutxienez horietako bat bete-betean jo zuten.

Sareetako erabiltzaile askok gaitzetsi zuten Ertzaintzaren jokabidea. Salatu zuten Ertzaintzak «parean zuen edozein» jo zuela, eta, animazio taldeek berretsi duten moduan, Armeria plazan sartu zenean dozenaka haur eta familia zeudela han.

EH Bilduk atzo jakinarazi zuen gertatutakoari buruz galdetu diola Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari. Julen Arzuaga legebiltzarkideak idatzi zuen Twitterren: «Inolako arrisku egoerarik ez, Ertzaintzarentzat ez beste inorentzat; guztiz proportzio gabea eta letala izan daitekeen materiala erabiltzea ez da bidezkoa. Galdetu diogu Josu Erkorekari eraso zentzugabe honengatik. Beste eredu polizial bat beharrezkoa da!». Oraindik ez du erantzun Jaurlaritzak.

Ikusi gehiago: Ertzaintzak bertatik bertara tiro egin du Realaren eta Alavesen arteko partidaren atarian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.