Bullying-a jasan zuen haurraren familiak «askotan» ohartarazi zion Santutxu auzoan (Bilbo) dagoen Karitateko Alaben Begoñako Andramari ikastetxeari gertatzen ari zenaren inguruan, familia horren abokatu Celia Larrozeak gaur adierazi duenez. Bilboko Lehen Auzialdiko 8. epaitegiak atzo iluntzean emandako ebazpenaren harira egin ditu adierazpen horiek abokatuak: 40.000 euroko isuna jarri diote ikastetxeari, «neurriak berandu hartu» eta horiek «eraginkorrak» izan ez zirelako. Helegitea aurkeztuko duela iragarri du ikastetxeak, argudiatuta «hasieratik» hartu zituztela legeak ezarritako protokoloak.
Haurrak 2021-2022 ikasturtean jasan zuen bullying-a: 5 urte zituen. Familiaren abokatuak kontatu duenez, ikasturte horren hasieran haurra umore aldaketa «esanguratsuak» izaten hasi zela nabaritu zuten haren gurasoek: «Batzuetan, arropa hautsia zuela iristen zen; beste batzuetan, kolpe edo lesio batekin». Larrozeak jakinarazi du ikastetxeak behin baino gehiagotan ukatu zuela horrelakorik gertatzen aritzea, argudiatuta «haur guztiek» jasaten zituztela antzerako irainak edo erasoak. Auzibideak aurrera egin ahala, ikastetxeak onartu zuen zentroko beste haur batek egunerokoan eraso egiten ziola bullying-a jasaten zuen haurrari.
Nolanahi ere, familiako abokatuak nabarmendu du «gisa horretako gertaera guztiak» direla larriak, eta gogorarazi du haurra oraindik ere eraso horien ondorioak nozitzen ari dela: «Oraindik ere lan handia dago abian, berriro haur bat izan dadila lortzeko». Horrekin lotuta, esan du alaba baten buru osasunak ez duela «preziorik». Bestalde, salatu du erasotzaileak ikastetxe horretan jarraitzen duela.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak prentsa ohar bat kaleratu du gaur, bullying kasu horren inguruan. Horretan, azpimarratu du gisa horietako kasuetan «oso garrantzitsua» dela protokoloak garaiz aktibatzea, eta Hezkuntza Saila «etengabe» lanean ari dela horiek detektatzeko tresnak eta mekanismoak ezartzeko. Hori bai, zehaztu du eurek Santutxuko ikastetxe horretako kasuaren berri izan eta «berehala» jarri zutela abian protokoloa, iragan martxoan; familiak ikastetxeari erasoen berri eman eta sei hilabetera.
EH Bildu, azalpen eske
Santutxuko ikastetxe horretan gertatutako kasuaren harira «ezer ez egitea» leporatu dio Hezkuntza Sailari EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arresek. Komunikatu bat kaleratu du gaur, eta, horren bidez, zalantzan jarri du Hezkuntza Sailak eskola jazarpenaren aurka diseinatutako protokoloaren eraginkortasuna. «Zergatik protokolo horrek ez zuen ezer larririk atzeman?», galdetu du.
Are, Arresek uste du orain Hezkuntza Sailari dagokiola erabakitzea eta jakinaraztea ikastetxe hori zigortzeko asmoa ote duen; baita gisa horretako kasuetarako aurrerantzean zer neurri hartuko dituen zehaztea ere.