B ukatu du ETAk. Bukatu da ETA. Edo, bukatu dugu ETA, esango dute zenbaitek. Amaitu zitzaion garaia, barne eta kanpo faktoreengatik, eta, bere «kidegoaren» eztabaida baten ondoren, bukaera eman dio ia 60 urteko ibilbideari. Genevan (Suitza) jakinarazi du erabakia, atzo, Henri Dunant zentroan, «azken adierazpena» hara helarazita. David Harland zentroko zuzendariak irakurri du ETAren agiria—orrialde bat—, ingelesez, nazioarteko 50 bat eragileren aurrean—hamarren bat hedabide ere baziren; tartean, BERRIA—. Hitzartu bezala, 14:30ean zabaldu da adierazpena komunikabideetan. Ahots bidez grabatuta ere bai: Josu Urrutikoetxea eta Marixol Iparragirre erakundeko militante historikoek leitu dute —sasian dago Urrutikoetxea, Frantzian preso Iparragirre—. «ETA herritik sortu zen eta orain herrian urtuko da», dio agiriko azkeneko esaldian. ETA, 1958-2018.
ETAk helarazitako gutun baten berri ere eman du Henri Dunanteko zuzendariak, eta azaldu du ia hiru mila militantek parte hartu dutela erakundearen barne eztabaidan; erdiek zutela botoa emateko eskubidea, eta boza emandakoen %93k babestu dutela Zuzendaritza Batzordeak zikloa ixteko egindako proposamen politikoa. Halaber, Harlandek esan du bere zentroak Espainiako eta Frantziako gobernuei jakinarazi diela gutuna eta adierazpena benetakoak direla.
Laburra, zehatza eta ezbairik gabekoa da agiria. «ETAk bere egitura guztiak erabat desegin ditu», dio erabakiaren berri emateko lehen puntuak. Bigarrengoan dio aurrerantzean ez duela funtziorik izango, «bere ekinbide politikoa bukatutzat jo» baitu. «Ez da berriro posizio politikoak adierazten, ekimenak sustatzen eta gainerako aktoreak interpelatzen dituen eragile bat izango».
ETAren erabakiak lotura du ezker abertzaleak 2010ean Zutik Euskal Herria ebazpenarekin hartutako bidearekin —2011n jardun armatua bukatzearen «segida logikoa» da, haren esanetan—; koherentea da Abian prozesuko adierazpenarekin ere, 2015ean erabaki baitzuten ezker abertzaleko hiru antolakunde politikoak Sortu, Ernai eta LAB izatea.
ETAk adierazi duenez, sortu zen garaian «Euskal Herria hiltzorian» zegoen, «frankismoaren atzaparretan itota eta estatu jakobinoak asimilatuta»; aldiz, gaur egun, 60 urtera, «bere buruaren jabe izan nahi duen herri bat bizi da, eremu eta arlo ezberdinetan askok egindako lanari esker, belaunaldi ezberdinek egindako borrokari esker».
Erabakitzeko eskubidea
«Gakotzat» jo du Euskal Herriaren «nazio aitorpena lortzeko erabakitzeko eskubidearen egikaritzea», eta uste du «indar metaketa, herri aktibazioa eta ezberdinen arteko akordioak ardatz izango dituen herri prozesu bat eraikitzea» dela aurrerantzean «erronka nagusia», baita gatazkaren ondorioak konpontzeko ere. Hitzeman du bere militanteek «borrokan» jarraituko dutela «Euskal Herri bateratu, independente, sozialista, euskaldun eta ez patriarkalaren alde», oraingoan «beste bide batetik», Espainiako eta Frantziako estatuek «tematuta» segitzen duten arren «gure herria aurreko zikloan kateaturik mantentzeko». Ez diolako «inongo beldurrik» egoera berriari, «fase berri horren mesedetan» hartu du bukatzeko erabakia.
Estrategia aldaketaz geroztik plazaratutako beste bi adierazpen historikoen ildo berekoa da oraingo hau. 2011ko urriaren 20an jarduera armatua bukatutzat eman zueneko agiria ere zehatza izan zen, eta harrezkero erabakia egiaztatu zen, NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen bidez. Iazko apirilaren 7an bere burua erakunde armagabetzat jo zueneko adierazpena ere tankera berekoa izan zen, eta desarmatzeak ez du zalantzarik sortu.
Aberri Eguneko adierazpenean «eusko gudariak» omendu ostean, ETAk bere «ibilbide armatuan eragindako kalteaz» atera zuen agiri bat apirilaren 20an; «zinez sentitzen dugu». ETAren bukaeraren egunean, Henri Dunant zentroak Jesus Egiguren, Jose Luis Rodriguez Zapatero, Iñigo Urkullu eta Arnaldo Otegi eskertu ditu.
Bukatu du, beraz, ETAk, erabat.
ETA. 1958-2018
Bukatu du ETAk, erabat
Genevan eman du bere ibilbidearen amaierari buruzko erabakiaren berri, Henri Dunant zentroari adierazpena helarazita. Gero, hedabideetan, Josu Urrutikoetxeak eta Marixol Iparragirrek agiria irakurri dute, aurrez grabatutako formatuan. ETAk «bere egitura guztiak erabat desegin» ditu, eta ez da eragile politiko izango. Militanteen %93k babestu dute erabaki hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu