Alderdi politikoak kanpainaren bukaerako astean sartu dira, azken inkesten emaitzak mahai gainean dituztela. Igandean, inkestak argitaratzeko legezko epea amaitzear zegoelarik, bi galdeketa plazaratu zituzten, EITB Focusena eta Vocento taldearena, eta biak ala biak bat zetozen: aurreikuspenen arabera, EH Bilduk aurrea hartuko dio EAJri eta garailea izango da apirilaren 21eko hauteskundeetan, aldea txikia bada ere. EITB Focus inkestaren arabera, EH Bilduk 28-29 legebiltzarkide lortuko ditu, eta EAJk, berriz, 26-27; Vocento taldearen galdeketaren arabera, berriz, EH Bilduk 27-28 legebiltzarkide lortuko ditu, eta EAJ ez da 27tik pasatuko.
Inkesten emaitzak ez dira txarrak EAJrentzat. Edo, zehatzago azalduta: emaitzak txarrak dira, jeltzaleentzat kolpe latza litzatekeelako EAEn izan duten nagusitasun historikoa galdu eta bigarren gelditzea, nahiz eta horrek arriskuan ez jarri lehendakaritza eskuratzeko aukera; baina emaitza horiek onak dira kanpainaren azken aste honetan EAJk garatu nahi duen estrategiarako. Jeltzaleek ikusarazi nahi diete euren boto emaileei —eta bereziki inoiz EAJri botoa eman bai baina azken hauteskundeetan etxean gelditu direnei— EH Bilduren garaipena gerta daitekeela, arriskua benetakoa dela, eta diskurtso hori elikatzeko oso ondo datoz igandean plazaratutako aurreikuspenak.
Kontrakoa esan daiteke EH Bilduri dagokionez. Koalizioan badakite gaur egun indarrean dirauen itun politikak ia ezinezko egiten duela Pello Otxandianok lehendakaritza eskuratzea, eta, aldi berean, ziur daude ziklo aldaketaz garatu duten diskurtsoa oso indartuta geldituko litzatekeela hauteskundeak irabazita. Baina EH Bildurentzat aho biko ezpata izan daitezke inkesten emaitzak: sorpassoa gauzatuko ez balitz, paradoxikoa litzateke EH Bilduren ordezkaritza %30 inguru haztea eta, hala ere, aurrerapen nabarmen hori porrot gisa barneratzea lehen indarra izateko helburua lortu ez dutelako.
Imanol Pradales lehendakarigai jeltzalea Bizkaia Irratian egon zen atzo, eta, inkesten emaitzak gogoan, zalantzan daudenei hitz egin zien: «Gogoeta egin dezatela Euskadik azken urteotan hobera edo txarrera egin ote duen; eta hobera egin duela pentsatzen badute, konfiantza eman diezaiotela berriro ere EAJri». Arratsaldean, berriz, Eibarren (Gipuzkoa) egon zen, eta han argiago egin zuen EH Bilduren kontra: «Aurpegi zuriketa horren atzean betiko eredua dago, inposizioarena, kontrolarena».
EH Bilduk, berriz, eutsi egin dio orain arte diseinatutako kanpaina moldeari, eta aldaketa, etorkizuna, Osakidetzaren egoera eta antzeko kontzeptu eta gaiak aletu zituzten atzo Errenterian (Gipuzkoa). Adibidez, Nerea Kortajarena Gipuzkoako zerrendaburuak Greziako klasikoengana jo zuen, eta bere egin zituen Sokratesen hitzak: «Aldaketaren sekretua da energia guztia ez erabiltzea zaharraren kontra borrokatzeko, berria eraikitzeko baizik».
PSE-EEko lehendakarigai Eneko Andueza Gasteizen egon zen atzo, emakumezko hautagai sozialistekin batera, eta berdintasuna izan zuen hizpide. Itun sozial bat proposatu zuen indarkeria matxistaren kontra egiteko.
Ezker konfederala
Ezker konfederalaren kasuan ere bat datoz argitaratutako azken inkesten iragarpenak: Sumarrek ordezkaritza apala lortuko luke –bat edo bi ordezkari EITB Focusen arabera, hiru Vocentoren inkestari erreparatuz gero; edozein kasutan, gaur egun esparru horrek dituen sei legebiltzarkideetatik oso urrun–, eta Elkarrekin Podemosek, bat ere ez.
Orain arte, Sumarrek eta Elkarrekin Podemosek esparru bereko aurkaria existituko ez balitz bezala jokatu dute, gainerakoei kritika eginez baina bestea aipatu ere egin gabe. Inkesten emaitzak gogoan, badirudi zerbait aldatzen hasi dela, eta atzo Elkarrekin Podemoseko lehendakarigai Miren Gorrotxategik Sumar ere sartu zuen bere kritiken jomugan, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean: EPren «kultura demokratikoa» kontrajarri zion «Sumarren erabakiak atzamarrez hartzeko kulturari», eta Alba Garcia buru duen alderdiari leporatu zion «argi ez mintzatzea» ezkerrekoa ez den gobernu bat sustatzeko aukerari buruz.
Sumarrek, oraingoz, muzin egiten dio EPrekin liskarrean sartzeari, eta atzo Basaurin (Bizkaia) hezkuntza arloaz egindako ekitaldian, Gipuzkoako zerrendaburu Andeka Larreak EH Bilduri egin zizkion kritikarik zorrotzenak, «euskal eskola publikoa ez defendatzeagatik».
Inkesten garaia amaitu da, eta orain hedabideetako eztabaiden txanda dela dirudi. Atzo goizean Diario Vasco egunkariak antolatutakoa izan zen, eta gaur iluntzean iritsiko da alderdi guztietako estrategek egutegian markatuta daukatena: ETB2ko eztabaida, lehendakarigai guztiak estreinako aldiz elkartuko dituena. Debate gehiago izango dira kanpaina amaitu aurretik, etzi Vocento taldeak antolatutako beste eztabaida bat egongo baita, eta ostiralean, berriz, SER irrati katearena, baina begien bistakoa da gaurkoaren garrantzia.