Bukatu da Mario Lopez Lointekeko entrenatzaile ohiaren kontrako epaiketa, zigor eskaerak mantenduta

Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatzen du, baita hamar urtez biktima bizi den herrira joateko debekua ezartzea ere. Akusazio partikularrak, berriz, hemezortzi urte eta bederatzi hilabeteko zigorra.

Mario Lopez Lointek Gernikako entrenatzaile ohia bizkarrez, asteartean, Bilboko epaitegian. MIGUEL TOÑA / EFE
Mario Lopez Lointek Gernikako entrenatzaile ohia bizkarrez, asteartean, Bilboko epaitegian. MIGUEL TOÑA / EFE
Isabel Jaurena.
2025eko urtarrilaren 16a
15:00
Entzun

Gaur bukatu da Mario Lopez Lointek Gernikako entrenatzaile ohiaren kontrako epaiketa, eta fiskaltzak eta akusazio partikularrak zigor eskaerak mantendu dituzte: hamalau urte, eta hemezortzi urte eta bederatzi hilabete, hurrenez hurren. Adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egitea egozten diote Lopezi. Haren defentsak, baina, Lopezen absoluzioa eskatu du; akusatuak adierazi du ez diola «inoiz» inori eraso egin, «are gutxiago sexualki». Akusazio partikularrak, berriz, epaiketaren lehenbiziko egunean erran zuen ez duela adierazpenik eginen sententzia izan arte.

Hiru egun iraun du Lopezen kontrako epaiketak, eta ateak itxita egin dituzte saio guztiak. Izan ere, akusazio partikularrak adierazi du komunikabideak aretora sartuko balira biktima nor den jakingo luketela, «bukaerako txostenean zehatz deskribatzen baitira gertakariak eta hainbat lekukoren testigantzak». Gainera, akusatuak eta biktimak elkar ikustea eragotzi dute saio guztietan. Gaur bukaerako txostenak aurkeztu dituzte alde guztiek, eta nork bere eskaerak mantendu ditu.

Fiskaltzak hamalau urteko zigorraz gain, honako eskaera hau egin du Lopezendako: hamar urtez biktima bizi den herrira joateko debekua ezartzea, erabateko inhabilitazioa, kostuen ordainketa, eta biktimari 20.000 euroko kalte ordaina ematea. Akusazio partikularrak hemezortzi urte eta bederatzi hilabeteko eskaera mantendu du, eta biktimari 150.000 euroko kalte ordaina ematea.

Akusatuak azken hitza errateko duen eskubidea baliatu du, eta adierazi du ez diola «inoiz» inori eraso egin, «are gutxiago sexualki». Lehenbiziko saioan ere antzeko adierazpenak egin zituen haren defentsak: «Harreman platonikoa» izan zela erran zuen, «inolako eduki sexualik gabea». Hala, ez zuen onartu «kontaktu sexualik» egon zenik.

Hiru urtez

Lehenbiziko erasoa 1998ko uztailean gertatu zen: Lopezek saskibaloi partida bat ikustera gonbidatu zuen biktima, eta ukituak egin zizkion. Geroztik jarraituak izan ziren abusuak, hiru urtez; biktima etxera ere eramaten zuen, eta sexu abusuak egiten zizkion. Erasoak hasi zirenean, erasotzaileak 31 urte zituen, eta biktimak, berriz, 13; Lopezek garai hartan entrenatzen zuen saskibaloi taldeko kidea zen biktima.

2022ko ekainean, Gernika-Lumoko (Bizkaia) epaitegiak jaso zuen kasuari buruzko salaketa. Horren berri jakitean, haserrea nagusitu zen herrian; erasoak arbuiatzeaz gain, saskibaloi taldeko zuzendaritzaren kudeaketa gogor kritikatu zuten herritarrek. Izan ere, hasiera-hasieratik, sare feministaren eta klubaren bertsioek ez zuten bat egin: feministek adierazi zuten 2023ko uda hasieran izan zutela gertatutakoaren berri. Uda hartan, klubarekin zenbait bilera egin zituzten, «egoerari irtenbide bat emateko». Klubak, ordea, sareari azaldu zion zailtasunak izanen zituela maila horretako entrenatzaile bat ordezkatzeko.

Azkenean, feministei jakinarazi zieten zuzendaritza, babesleak eta jokalariak ados zeudela Lopez entrenatzaile izatearekin, eta hala izanen zela. Sareak, orduan, adierazi zien ez zegoela konforme erabakiarekin, eta akordio bat egiteko prozesua amaitu zuen.

«Konplizitate eta inpunitate hori» salatzea helburu izanik, 2023ko abenduaren 18an egin zuten kasuari lotutako lehenbiziko manifestazioa, eta 3.000 lagun baino gehiago bildu ziren. Mobilizazioa akitu eta gero, ohar bat atera zuen klubak, eta salaketaren berri jaso izana ukatu. Taldeak berretsi zuen kargutik kendu zutela Lopez, eta barkamena eskatu zuten gai hori kudeatzeko orduan egindako hutsengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.