Gaurtik aurrera isunak jarriko dizkiete Bilbo erdigunera sartzen diren auto kutsatzaileenei

Eremuari buruzko araudiaren hiru hilabeteko probaldia bukatutzat eman dute; orain arte ez zuten isunik jartzen.

Emisio gutxiko eremua zedarritzen duen seinale bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Emisio gutxiko eremua zedarritzen duen seinale bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko irailaren 16a
15:15
Entzun

Gaurtik aurrera, guztiz indarrean egongo da Bilbon emisio gutxiko eremua ezartzen duen arautegia. Berez, araua ekainaren 15ean sartu zen indarrean, baina Bilboko Udalak hiru hilabeteko epealdi bat ezarri zuen horretara egokitzeko, eta tarte horretan ez dituzte zigortu araua hautsi duten gidariak. Egokitzapen aldi hori atzo amaitu zen, eta, beraz, gaurtik aurrera isunak jarri ahalko dizkiete Bilboko erdigunera sartzen diren auto kutsagarriei.

Emisio gutxiko eremuak Abando eta Indautxu barrutiak hartzen ditu. Astelehenetik ostiralera eta 07:00etatik 20:00etara, gehien kutsatzen duten autoak ezin dira auzo horietara sartu, udalak jarritako seinaleek zedarritzen duten eremuan. Neurriak A ibilgailuei eta etiketarik gabekoei eragiten die; B motako ibilgailuek urtebeteko luzamendua izango dute, datorren urteko ekainaren 15era arte. 0, Eco eta C ibilgailuek, berriz, ez dute arazorik izango eremura sartzeko.

Araudiak hainbat salbuespen ezartzen ditu. Adibidez, eremuaren barruan bizi diren auzokideen autoak salbuetsita daude, baita ibiltzeko arazoak dituzten pertsonak garraiatzeko ibilgailuak, ibilgailu historikoak, ziklomotorrak eta larrialdietako ibilgailuak ere.

Egokitzapen aldiak iraun duen bitartean, araua bete ez duten gidariei horren berri eman diete, eta horietako zenbaiti gutunak bidali dizkiete, etorkizunean izan daitezkeen ondorioak jakinarazteko, baina ez dituzte zigortu. Batez ere, baimenik izan gabe emisio gutxiko eremura gehien sartu diren gidariei bidali dizkiete gutunak. Aurrerantzean, baina, horiek zigortzeko aukera izango da.

53.000 ibilgailu eguneko

Bilboko Udalak txosten bat prestatu du, hiru hilabeteko egokitzapen aldi horren balorazioa egiteko. Horren arabera, hiru hilabeteotan 9.347.608 matrikula irakurketa egin dituzte eremuko sarreretan eta irteeretan kotatutako kamerek. Ibilgailu batzuen matrikulak behin baino gehiagotan irakurri dituzte, ibilgailuak behin baino gehiagotan sartu direlako emisio gutxiko eremura; orotara, 4,6 milioi ibilgailu sartu dira eremura, eta horietatik 3,2 milioi inguruk araudiak ezarritako egun eta ordutegietan egin dute, hau da, astelehenetik ostiralera eta 07:00etatik 20:00etara. Eguneko batezbestekoa 53.709 ibilgailukoa izan da. Gehienak turismoak izan dira (%74); ibilgailu astunak %20 izan dira, eta motozikletak, %6.

Ingurumen etiketei dagokienez, irakurritako matrikula guztien %4,7 0 etiketadun ibilgailuenak izan dira, %14,3 Eco etiketadunak, %49,3 C etiketadunak, %22,1 B etiketadunak, eta %5,6 etiketarik gabeko ibilgailuak izan dira. Gainerakoak, %4 inguru, erregistratuta ez dauden ibilgailuak izan dira, batez ere Espainiatik kanpo matrikulatutakoak.

Udalak kalkulatzen du zigortzeko moduko ibilgailuak, hau da, asko kutsatu eta eremura sartzeko aparteko baimenik ez zeukaten ibilgailuak %3 baino gutxiago izan direla. Horietako zenbaiti informazio jakinarazpen bat bidali diete, arau haustearen berri emateko. Batez ere, gehien sartu diren ibilgailuen jabeei bidali dizkiete horrelako ohartarazpenak; orotara, mila baino gehiago.

Neurria indarrean sartu baino hilabete lehenago hasi zen udala emisio gutxiko eremuan ibiltzen diren ibilgailuen datuak biltzen. Datu horien arabera, arau berria indarrean egon den bitartean ibilgailuen sarrerak %14 murriztu dira. Zehazki, lehen hilabetean %14,69 jaitsi zen eremura sartu ziren ibilgailuen kopurua, %13,06 bigarren hilabetean eta %14,77 hirugarren hilabetean. Araua udan ezarri izanak zerikusia izan dezake jaitsiera horretan, baina udalak uste du neurriak eragindako disuasio efektua ere nabaritu dela.

Oraindik ere, herritarrek zalantzak dituzte araudi berriaren nondik norakoen inguruan. Hiru hilabete hauetan, herritarrek aukera izan dute udalari kontsultak egiteko, Erripa kalean zabaldutako bulegoan zein udalak abiarazitako aplikazioaren bidez. Galdera gehienak izan dira emisio gutxiko eremuan garajea edo aparkalekua duten pertsonenak, %47,9. Eremuan bizi diren herritarren kontsultak %33,7 izan dira, eta gainerakoak merkatariek, saltoki eta hotelen jabeek, ibilgailu historikoak dituztenek, taxilariek eta abarrek egin dituzte.

Informazio kanpaina berria

Hiru hilabeteko egokitzapen aldia amaitzeaz batera, kanpaina berria jarriko du abian Bilboko Udalak. Respira ondo izango da kanpainaren goiburua, euskara eta gaztelania uztartuta. Horren bidez udalak adierazi nahi du emisio gutxiko eremua ezarri izana «neurri positiboa» dela, «pertsonen ongizatea hobetzeko» diseinatua: «Herrigunera ibilgailu kutsatzaileenak sartzea galaraztean, ingurune osasungarriagoa sortzen lagunduko du, non aire sanoa arnastu ahal izango duten bilbotar guztiek». Kanpaina berriari ekiteaz gain, zalantzak argitzeko prestatutako orain arteko baliabideek indarrean jarraituko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.