Alfonso Etxegaraik (Plentzia, Bizkaia, 1958) metaforaz apaindu du bere biziari inposatu zioten egoera: euskal militantea bere herritik ahal zen urrunen igorri baitzuen Frantziak 1985ean. Espainiak Ekuadorren bahitu eta torturatu zuen lehenik; Sao Tomen eta Principen (Gineako Golkoa, Afrika) utzi zuten, ondoren. Deportatuaren etiketari bertze batzuk lotu dizkio, bertako bizitza sozial, politiko eta laboralaren paisaian erabat urtua baitzen. Orain arte. Izan ere, urteetako borrokatik landa, testuinguruak itzuli baitizkio etxeko gakoak. Sarraila herdoildu bada ere, olioztatzen hasia da. Supazterraren beroan abenturaren amaierako bidaia izkiriatzen ari da bere hirugarren liburuan. Sagarren denbora egin zuten bezala, Josu Martinezek eta Txaber Larreategik etxerako bideaz dokumentala bidean dute: Caminho longe. Sare pelagikoetan nola, zigorra berdin pairatu du Kristiane Etxaluze bikotekideak ere.
Zein izenburu emanen zenioke bizi izan duzun abenturari?
Sarrionandiaren Hilda dago poesia? oroituz, Abenturazale eta baserritarraren argi-ilunetan eman niezaioke. Neure burua ikusten dut Euskal Herritik bere borondatez sekula aterako ez litzatekeenaren eta bidaiatzea eta naufragioetatik bizirik irauten bortxaz ikasi duenaren artean.
Zer behar du euskaldun batek deportatuaren titulua ukaiteko?
Erresistentea izan behar du, gudaria eta hainbertze gerletakoren batetik iragana; eta, loterian irabazi beharra da: bortxaz eta bultzaka urruneko norako ezezagun batera buruz bidaiatzeko, zeina bat baitator zure nortasunarekin. Arraileria baztertuz, bere herriaren alde engaiatzen eta borrokatzen den orok jaso dezake titulua historiaren une jakinetan munduko edozein tokitan.
Hainbertze urte eta gero, zerk ahalbidetu du zure etxeratzea?
Badira urteak ari garela baldintza egokien bila deportazioa bururatzeko. Iritsi da. ETAk deliberatu duenez geroztik bere existentzia bukatzea, bake artisauen jarrerari esker, iriti da ene kanporatzea deuseztatzeko Frantziako Gobernuaren erabakia eta Espainiako Erresumaren enbaxadak baieztatu dit pasaportearen emaitza. Erran nezake Amerika eta Afrikako herri zenbaitetan oraindik barreiaturik diren zazpi-bederatzi euskal militanteen deportazioa ere amaitzeko baldintzak agertu direla, zeintzuek eragiten baitiete gobernuei eta historia honetako bertze parte-hartzaileei.
Gertatutakoak balio dezake bertze kasu batzuetarako ere?
Uste dut balio duela batez ere erakusteko buka daitekeela deportazioa. Anitz mobilizatu den jende askoren helburuetako bat izan da, bereziki Miarritzeko adierazpenaz geroztik, 2013an.
Hasiera eta bukaera urosak; tartean, gerla.
Baliteke abiapuntu eta helmuga bat baino gehiago beti egotea. Galdera hau da: zeren abiapuntua den. Deportazioarena balitz, enea, PAFekin [mugetako eta aireko Frantziako Polizia] ukan nuen Baionako hitzordua litzateke; garaian Frantziako eta Espainiako gobernuek adostutako neurriaren barruan poliziak antolatu zuen operatiboan. Nik ez nuen hitzordurik PAFekin, baina berak bai hartua zuela enekin, abisatu gabe. Hasiera malurusa izan bazen, amaiera urosa izan da, gure itzulerako txanparekin. Orokorki, bistan da, norberak borrokatzen du bukaera uros baten alde. Baina amaiera zoriontsu horren hasierako urratsetan gaude oraindik. Deportazioaren abentura honetan, erbestearenean, presondegienean, eta 58ko gerla berarenean bezala, bukaera urosak heltzen dira ametsak gauzatzen direlarik, zenbait bederen. Kasurako, bukaera urosera beti heltzen garen antiheroiak gara euskaldunak.
Baionara heldu zinen egunean, duela 35 urte hitzartu zinenarekin toki berean gertatu zinen. Armiarma sarez gainezka atzeman zenuen?
Armiarma sarez ez dakit. Irudia polita da. Goxoago atzeman nuen. Hainbertze besarkatu genuen elkar non gizonengan ustez ezinezkoa zen goxotasuna sentitu nuen. Eta duela 34 urteko hitzordua burutu zen, egia da, karrika berean, kasualitate kosmiko baten ondorioz. Ezin azalduzko gauzak.
1794an Frantziak Saratik erbesteratu zituen 4.000 euskaldunen omenez eman zenion liburuari izenburua Regresar a Sara. Zu itzuli zinen Sarara?
Bidean nago, xendra horren etapa batean. Jendeari erraten diot: «etxean nago», baina Sarara itzultzeak erran nahi du berriz topo egitea oraindik ametsetan dauden leku, jende, geografia eta egoera gehiagorekin.
Handik honako saltoaz geroztik zer bizipen duzu?
Une hauetan Euskal Herriaren naturarekin berelkartzen ari naiz, loriagarri. Harritu ninduen Luhuson ikusi nuen antzezlan batek: Zaldi Urdina. Ez nuen irudikatzen arlo horretan hain urrunera iristea; herri gisa anitz aitzinatu izanaren susmoa ukan dut. Afera administratiboak kudeatzen ditut eta baserriko lanekinerlazionatzen ari naiz, berdenboran, alor anitzetako jendearekin harreman berriak abiatzen ditut. Eman dudan saltoa kosmikoa da, planeta batetik bertzerakoa bezalakoa, Afrika kontinentetik Europakora baizik izan ez bada ere.
Zerekin egin duzu topo hemen? Nolako egoera politikoarekin?
Ene zain hamarkadak daramatzaten pertsonak atzeman ditut: senideak, kideak... zeinetako batzuk nekez baititudan ezagutu. Desarrollismo maila altuarekin egin dut topo, baina bestalde, bizimodua errailetik irten arazteko, berea aldatzeko prest den jende arras kontzientziaduna ere atzeman dut aktibitate alternatiboetan. Niri dagokidanez, baditut konpondu beharreko osagarri arazoak, administratiboak eta ekonomikoak. Politikari begira, egoera berria ikusten dut Kataluniako borrokarekin, bai ere nazioartean zabaltzeko gaitasuna. Uste dut arazo politiko askok nazioartean dutela gunea aterabideak bilatzeko; giro errepublikanistago batean. Behar da espazio bat aurkitu, kazikismoa eta nazioarteko haien lobby-ak akabatzeko.
Ze paisaiarekin egin duzu topo hemen? Zer desberdintasun dago 58ko gerra liburuan bereizten dituzun «gizarte zibilaren» eta «herriaren» artean?
Itzuli dena soldadu ohia da, berriz ikusi nuen lagun batek erran zuen bezala. Baserritarra itzuli da. Eta dena berria egiten zait: eraman nituen giltzek ez dute balio egungo ateak irekitzeko. Pentsatu nuen horrelako zerbait gertatuko zitzaidala. Dena berria egiten zait eta ni horren denaren erdian zaharkitua, bizitzen ber- ikasi behar duen baten gisan. Sarari sarraila aldatu diote eta nik, zaharkiturik, gako berriak ediren behar ditut lekua atzemateko etxaldean bai eta herrian ere.
Regresar a Sara liburuan zure burua «txori bitxitzat» duzu, baina erabat integratzea kausitu zenuen. Are, uharteko bizi politikoan murgildua zinen.
Bai, lagunak eta biok toki bat egin diogu geure buruari gizarte saotometarrean. Bertako bizi ekonomikoan, sozialean eta politikoan murgildua nintzen. Ditudan ezagutzei eta harremanei esker gertakarien interpretazio ona egiten nuen, zentzu honetan, banuen rol bat. Txori bitxia izatetik, izaera ireki eta engaiatuari esker, langile nekaezin ezagun bilakatu nintzen.
Lemoizko langileak kausitu zuen Sao Tome eta Principeko jauntxo bilakatzen.
Gaizki-ulertzeen graziak eraman ninduen enpresa batzuetako O patrão izatera, bai, baina ez São Tomé y Príncipe-ko jauntxoa. Gertatu zena zen portuges adiskide batek —enpresa horien zinezko jabeak— eskaini zidala eskuineko eskua izateko parada, eta onartu egin nuen. Lisboan bizi zenez, enpresen kudeaketa utzi zidan. Saotometarrentzat, gaizki-ulertzeen ondorioz O patrão nintzen, eta irudi horrek eragin zidan afera anitzi erantzun beharra.
Sao Tome utzi duzu deportatu gisa, baina ez pertsona gisa. Zertan ez zara desegokituko?
Segitzen dut egunero hangoekin harremanetan eta bertako gertaerez informatzen. Zinezko lagun batzuek hangoa sentiarazten naute, eta oroz gainetik, badut sentimenduzko harremana mutiko batekin. Uste dut une jakin batean itzuli beharko —eta ahalko— naizela, baina bistan dena, ez gehiago deportatu gisa.
Zein izan dira abenturako pertsonaia laguntzaileak?
Zerrenda izugarri luzea dut. Mediku kubatar internazionalistak, zeintzuek, nik diot, bizia salbatu baitzidaten. Euskal Herriarekiko elkartasun antolakundea. Euskal diputatuak, abokatuak. Borroka kideak. Ene herriko gazteak, Betti... Zerrenda honetan ez da sartzen lagun garrantzitsuena, Kristiane [Etxaluze], zeren eta bera berez abenturaren parte baita, baina ene deportazioko euskarri nagusia izan zait: borrokako, ametsetako eta amodio kidea.
Konta iezadazu Librevillerako [Gabon] bidaia.
Bi aldiz izan nintzen Librevillen, lehen aldian pasaporte biometrikoa egiteko, eta bigarren aldian Pariserako bidean egin beharreko eskalan. Lehen aldi hartako garrantzitsuena da Iparraldeko euskaldun batekin egin nuela bertan topo, zeina bihozbera baita eta ahal zuen guzia egin baitzuen ene laguntzeko. Hari zor diot betiereko esker ona eta laguntasuna: munduan dauden euskaldun handietako bat da, ez gara haietaz jabetzen!
Eta Kristianeri erosi zenion chapéu lasaigarriarena, otoi.
Borsalino bat eskaini, eta erran nion jantz zezan bidaia osoan. Kristianek honela kontatzen du: «Egiazki, txapel honi behakoa eman zion beretzako, gustatzen baitzitzaion. Ergelkeria irizten nion 25 euro gastatzea honetan. Ondoko egunean dendara eraman ninduen entsea nezan. Maitatu nuen paper birziklatuz egina baitzen, baina betiere garestiegia zitzaidan. Ordaindu zuen eta planteatu zidan baldintza: bidaia osoan jantz nezan, ziur izateko Baionara iritsiko ginela. Zainak baretu zizkidan».
Txema [gerra izena] iraultzailea, kidea, maitalea eta gudariak -Regresar a Sara liburuko hitzak- erretreta hartu zuen?
Erran nezake Alfonso behartua izan zela itzultzera eta Txema partitu zen. Herrikide bati hartu nion izena, tipo jatorra zenez, pentsatu nuen xantza zekarkidakeela.
Gerratik erretiratzeko manerak kezkatzen zaitu: tragedia bat bezala ikusten duzu arrazoien gaineko eztabaidarik ezean. Bigarren liburuan diozu gerra bukatu bada ere borrokak darraiela. Legalaren eta ilegalaren arteko dilema planteatzen duzu.
Ez, orain ez nau hainbertze kezkatzen manerak. Aldiz, beti kaskoan darabilzkit tragedia, eta herriari ahal dugun guztia kontatzeko beharraren ideiak. Orain espainolen egoskorkeriak nau kezkatzen, espainolen zati handi batenak, eta aterabideak bilatu behar ditugula jabetzen ez diren agintarienak. Arranguratzen nau zeren eta beraien gerra eta tragedia luzatzen ari baitira estatus quoa zutik atxikitzeko, baina halabeharrez aldatu beharko dute, aldatu beharko diren bezala bertze gauza anitz, hala nola, aitzinamenduaz daukagun ideia eta bertze. Horregatik diot borrokak segitzen duela... eta beharko dugula legala eta ilegalaren arteko dilema konpondu ondoko urteetan. Katalunian ikusten ari garen bezala oraintxe berean.
Nola ikusten duzu deportatu eta presoen egoera ?
Indarkeria politikoaren ondorioarekin zerikusia duten egoera guztiak —preso, deportatu, erbertzeratu...— behatu beharko lirateke bertze perspektiba batetik, zeinak bazterrean utzi beharko bailituzke mendeku-jarrerak oro, eta egiazko era pedagogiko batez; eta gogoan hartuz beti hedatu izan dela ideia hori: bortizkeriarik gabe edozertaz mintza zitekeela, eta irtenbideak bila zitezkeela; ideia horrek zinezkoa beharko luke, eta ez propaganda ariketa hutsala.
Alfonso Etxegarai. Deportatu ohia
«Bukaera urosera beti heltzen garen antiheroiak gara euskaldunak»
Gertakari gordinari kolorezko kontakizuna emateko gaitasuna du Etxegaraik. Are, genero jakina hautatu du horretarako: abentura. Bere deportazioaren 35 urteko abenturaren azken orria idaztekotan da: oro berria egiten zitzaion soldadu ohiarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu