Buesaren memoriaren aurkako erasoak aho batez arbuiatu dituzte

edurne begiristain
Gasteiz
2023ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Bi egunean birritan eraso diote PSE-EEko agintari Fernando Buesaren memoriari —ETAk hil zuen, 2000. urtean—. Ostegunean, haren omenezko monolitoari pintura beltzarekin eraso zioten Gasteizen, eta atzo gauean, gorozkiekin eta margoarekin estali zuten haren hilobia. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du, zer gertatu den argitzeko. Erasook aho batez salatu dituzte alderdi politikoek.

Gasteizko Udalak adierazpen instituzional bat kaleratu zuen gertatutakoa errefusatzeko, baina testuan agertzen zen gaitzespen hitzak eztabaida katramilatu zuen, eta hura ez babestea erabaki zuen EH Bilduk. Gasteizko Udaleko gainerako alderdien babesa izan zuen testuan, esaten dute erasoak «onartezinak» direla, eta «biktimen sentsibilitatea eta memoria gutxiesten» dituztela. Era berean, elkartasuna agertu diete Fernando Buesaren eta Jorge Diez ertzainaren sendiei.

EH Bilduko iturriek azaldu dute erabat ados zeudela testuaren edukiarekin, baina ez gaitzespen hitza jasotzearekin. Hitz hori ez agertzeko eskatu zien EH Bilduk gainerako taldeei, baina aurka agertu ziren EAJ, PSE-EE eta PP. Horiek horrela, EH Bilduren babesik gabe onetsi zuten testua.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik, berriz, erasoen aurkako «erabateko arbuioa» agertu zuen sare sozialetan idatzitako ohar batean. Otegik salatu zuen «onartezinak» direla halakoak: «Gertakari horien izaera eta jatorria ezezaguna da, eta benetako probokazioa dira gure herriko bizikidetza demokratikorako». Otegiren iritziz, biktima guztien memoria errespetatzea «oinarrizko baldintza» dela bizikidetza eraikitzeko.

Etxerat elkarteak ere «erabat gaitzetsi» ditu erasoak: «Gure konpromisoa biktima guztien errekonozimenduaren eta bizikidetza demokratikoaren alde da».

«Biolentzia politikoa»

Erasoak «irmo» gaitzetsi ditu Iñigo Urkullu lehendakariak ere, eta ohartarazi halakoek «berriro biktimizatzen» dituztela hildakoa, haren sendia eta euskal gizartea. «Biolentzia politikoa» aldarrikatzen duten «taldexka» batzuei egotzi dizkie erasoak, eta talde horien gainean eragina dutenei galdegin die eska diezaietela bide hori alboratzeko. Idoia Mendia Jaurlaritzako lehendakariordeak, berriz, esan du erasoek erakusten dutela oraindik bide luzea egin behar dela memoria eta hezkuntza esparruetan.

EAEko PPk eta Elkarrekin Podemos-IUk ere irmoki gaitzetsi dute gertatutakoa. EAEko Arartekoak ere erabateko arbuioa agertu du, eta elkartasuna adierazi die Buesaren eta Diezen familiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.