Suizidioa

BUELTARIK GABEKO ETENAK

Datuak setatsuak dira; iltzatuta daude suizidio kopuruak, behera egin ezinik. Osasun publikoarekin lotutako agendetan gaia sartzeko eskeak gero eta ohikoagoak dira: prebentzioa sustatzekoak. Horretarako, ordea, gaia sakon ezagutzea garrantzitsua da, eta mendeetako tabua apurtzera egitea.

BUELTARIK GABEKO ETENAK.
arantxa iraola
2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun

Suizidioez» hitz egin behar da: singularra desterratuta, pluralean. Bat datoz horretan aditu gehienak. Psikiatra da Blanca Morera, bioetika auzietan ere badihardu, eta argi du gaiaz aritzeko orduan zertzelada finak hautatzera egin behar dela. «Hortxe daude, adibidez, era buruargian ebatzitako suizidioak». Askatasun ekintzak. Usu, ordea, buruko nahasmenduen ondorioa dira: iluntasunarena. «Izan daiteke atzean dagoelako buruko gaitz bat, edo pertsona bat gainditu egiten duelako auzi emozional jakin batek. Horrelakoak sarri ikusten dira, esaterako, nerabeen artean: egoera batek gain hartzen die, eta ez dakite nola bideratu. Ez dut esan nahi halakoetan beti buruko nahasmendu bat dagoenik, baina emozionalki eta kognitiboki normaltzat, orekatutzat edo baretsutzat har ezin daitezkeen egoerak dira». Oso indartsuak: «Izan ere, guztiok gainditzen gaituzte noizbait emozioek. Baina bizirik irauteko dugun sena amiltzeko adina gailentzen zaizkigunean, distortsio maila handia dagoela esan nahi du horrek. Izan ere, sen hori oso-oso indartsua da». Pairamendu handia dago, beraz, suizidio kasu gehienen atzean: uharte den bakardadean usu. «Une horretan, oro har, jendea bakarrik sentitzen da: bakarrik, desesperantzaren erdian». Artegatasun eta oinaze handia sortzen dute inguruan suizidioek: ezin ulertua. EHUko irakaslea da Mabel Marijuan, bioetika gaietan aditua, eta auzitegi medikua. «Halakoetan, zentzua bilatzeko ahalegina egiten da: 'Gaixo egongo zen', 'drogak kontsumituko zituen'... Beti bilatu behar izaten dugu kausa bat: oso gogorra egiten zaigu, bestela, egoera. Finean, bizitza da dugun gauza bakarra. Eta pentsatzen duzu: 'Norbaitek pentsa dezake, bizitzak, opari honek, ez duela merezi?».



Baina datuak setatsuak dira: OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, urtean 800.000 pertsona inguruk egiten dute beren buruaz beste, eta, azken sei hamarraldietan, %50 ugaritu dira kasuak. Hego Euskal Herrian, adibidez, iaz, 229 pertsonak egin zuten beren buruaz beste; %76 gizonak ziren. Suizidio tasa EB Europako Batasunekoaren —100.000 biztanleko 11 kasu— azpitik dago Hego Euskal Herrian; zortzi da. Handiagoa, berriz, Pirinio Atlantikoetan: hamasei. Egun, errepideetako ezbeharretan baino gehiago hiltzen dira beren buruaz beste eginda; heriotza kausa nagusia da 40 urtetik azpikoen artean, istripuen ostean. Datuei so ikusten den erretratu horretan, lauso asko ikusten ditu Cristina Blancok: gehiegi. Soziologoa da, Aidatu Euskal Suizidiologia Elkarteko kidea, eta suizidio bat gertuan pairatu duen senitartekoa. «Estatistika ofizialek beren buruaz beste egiten duten pertsonen soslai oso zehatza ez dute erakusten. Adina, sexua, metodoa, bizilekua, eta heriotza jazo den tokia: horiexek jasotzen dira».

Horien araberako argazkia egin behar da: «Adinari begira, adibidez, gehienek 30-50 urte artean dituzte: bolumenik handiena hor dago. Baina tasak handiagoak dira, adibidez, zenbait adin tartetan: kasurako, 100.000 biztanleko hogei suizidiora heltzen dira 80tik urtetik gorakoen artean. Lau heriotzatik hiru gizonenak dira, eta hori errepikatu egiten da urteetan: iraunkorki». Datuen bilakaera etsigarria da: «Ez dago hazkunde esponentzialik, baina ez dira jaisten». Eta diren guztiak ez daude estatistiketan. «Kontuan hartu behar dugu ezkutuan geratzen direla kasu asko. OMEk berak dio: suizidioen erregistro ofizialak errealak baino apalagoak dira. Izan ere, oso zaila izaten da zenbait kasu suizidioak izan direla frogatzea. Jakina, demagun pertsona bat urkatuta aurkitzen dutela, eta frogatzen dela hirugarren pertsona batek ez duela esku hartu: hor argi dago. Baina, adibidez, eroriko batean, nola frogatu? Gero, beste askotan, oso probablea izanda ere, ezkutatzera egiten da; Poliziak berak, sarri, familiarengatik edo dena delakoarengatik». Soslai doiagoak osatze aldera, tresna berriak garatzearen aldekoa da Blanco, heriotzaren osteko ikerketa sakonagoak: «Azterketa horietan post mortem ikertzen da hildakoaren inguru sozial eta administratiboa: berriki medikuarenera joan zen, zer historia kliniko zuen, buruko gaitzen bat zuen, lanean ari zen, zer lanbide zuen, zer familia egoera zuen... Uste dut informazio horrek balio handia duela suizidioak hobeto ezagutzeko».

Askotarikoak

Gaiak eskatzen duen ikuskera pluralaren erakusgarri, suizidiora bultzatzen duten egoerak asko dira; baina zuztarrean usu agertzen dira hainbat aldagai errepikatuta. Buruko gaixotasun bat duten pertsonen eta haien senideen elkarteen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Federazio Fedeafesek, berriki, datu batzuk plazaratu ditu nahasmendu klase horien mundu egunaren, eta, horien arabera, kasuen %90 buruko osasun arazoekin lotuta egon ohi dira; horien artean, ordea, %70k ez zuten osasun mentaleko sarean erregistrorik izan inoiz. Bestalde, %46k ez zekiten horrelako arazorik zutenik ere. Hainbat adituren aburuz, OMEk emandako datuak dira horiek, eta «mantra baten» gisara errepikatzen dira usuegi, baina datu doiagoak lortzera egin behar da. Fedeafeseko kudeatzaile Mari Jose Canoren iritzian, errealitatean ikusten dutenarekin bateragarriak iruditzen zaizkie datuak; haien talaiatik maiz ikusten dute osasun sistematik kanpo daudenen «pairamendu» egoerak atzemateko beharra. Areago, osasun sistema barruan ere hobetu behar da gaixoen arta.«Badira pazienteak kexu direnak; kontsultetan arta oso azkarra dela esaten dute, behar adina entzuteko astirik ez dagoela...», onartu du. «Oro har, hala ere, profesionalen kontzientzia gora ari da».

Bitartean, suizidioen atzean dauden istorioak askotarikoak direla ulertzea garrantzitsua da. «Esaterako, nortasunaren nahasmenduak-eta daudenean, sarri, suizidioa, benetan hiltzeko desioa bainoago, ernegazioa erakusteko ekintza bat izaten da. Halakoetan, egoten da zenbaitetan sentimendu hau: 'Izorra daitezela denak'», azaldu du Morerak. Izaeraren antzaldatze bat ere egoten da hainbatetan, biologiaren iruzur bat: «Adibidez, gaixo psikotiko batek bere barruan ahotsak entzuten dituenean, eta haiek bere burua leihotik botatzeko agintzen diotenean, pertsona horrek, berez, ez du hiltzeko nahirik. Jakina, suizidioen zerrendara doa kasu hori ere. Baina gaitzaren ondorio da heriotza hori». Suizidioen pluraltasun horretan, ekintza «libreak» ere izan daitezkeela ezin da ahantzi, Moreraren ustez. «Nik, adibidez, izan ditut pazienteak, eri egon gabe, deprimituta egon gabe, mintzatu zaizkidanak beren heriotzaz beren ez-bizitzaren barruko proiektu gisara: ulertuta, betiere, beren bizitzak ja ez zuela zentzurik. Nahastuta egon naiteke, baina nik halako zenbait kasutan inolako kausa psikopatologikorik ez dut ikusi».

Ondarearen izaera

Uste du kasu horietan auzia eutanasiaren eta suizidio lagunduaren eremuan ipini behar dela. Biak dira legez kanpokoak gaur egun Espainiako eta Frantziako legerietan, baina biak legeztatzearen aldeko mugimendu indartsuak badira eta Espainiako Parlamentuan, kasurako, lege proiektu bat bada «pairamendu» egoerak saiheste aldera praktika horiek legeztatzeko atea ireki dezakeena. Betiere, tentu handiz arautu beharreko eremua dela pentsatzen du Morerak: «Logikoa da murriztaileak izatea; bizitza ondare zoragarria da; hori eztabaidaezina da. Beste auzia da: ondare absolutua da?».

Ateak irekitzearen aldekoa da. «Nik, adibidez, eskizofrenia aktibo bati, eldarnioetan-eta dagoenean, ez nioke inoiz biderik emango suizidio lagundu baterako». Behin gaixoa bere onera etorrita, ordea, haren hitza aintzat hartu behar dela uste du: beste edonorenaren pare. «Buruko gaitzetan, ez dago diagnostikorik pertsona erabakiak hartzeko gaitasungabetzen duenik; gaitzak eragindako egoera mentalak izan daitezke gaitasungabetzeko motibo, ez diagnostikoa». Bide horretan aurrera egitean ez du ikusten kontraesanik: «Jendea suizidatzearen kontrako borrokan egon zaitezke, eta, bidez batez, pertsonen bizitza duin baten aldekoan, eta hala ez dutenek, aterabide bat izatekoan: ez dira bateraezinak». Bat dator horretan Marijuan: «Gizarteak babestu egin behar ditu kalteberak. Zenbat? Bada, ahal bada, ekintza egitea saihesteko adina. Baina ez sobera ere: haientzat zentzua duen ekintza bakarra hori bada, egiteko era ez zaie egotzi behar. Jakina, oreka hori oso zaila da».

Horregatik, argi du «testuingurua» beti zorroztasunez aztertu behar dela, egoera kalteberak atzemate eta konpontze aldera: «Imajina ezazu, norbaitek, pobreziaren ondorioz, bakardadearen ondorioz, suizidioaren hautua duela buruan». Auzitegi mediku ibilia da Marijuan, hainbat suizidio kasu gertuan ikustea egokitu zitzaion jardunbide horretan, eta heriotza horietako asko saihestu egin zitezkeela sentitu zuen maiz. «Zerbait egin ez izanaren sentimendua hor dago». Argi du urrats horiek indibiduoaren eta komunitatearen arteko deman egin behar direla: orekari ariketa beti artegagarrietan. «Izan ere, gizakiaren autonomia eta askatasuna daude, batetik. Komunitatea, bestetik: gizakiari babesa emateko. Bien arteko oreka oso zaila da. Komunitateak lur jota laga zaitzake; indibidualismoak ere amildegian behera bultza zaitzake».

Prebenitzera

Suizidioaz gero eta ozenago hitz egiten da, eta prebentzioan aurrera egiteko eskabideak ere gero eta ugariagoak dira. Gizartearen presioaren ondoriotzat ditu Blancok aldarri horiek; suizidioren baten esperientzia gertuan bizi izan duten gizon eta emakumeen ahalduntzearen emaitza direla pentsatzen du. «Gaia, hein handi batean, atera da gizarte zibilaren ekarpenari esker, suizidio kasuak gertuan izan dituzten familiek eratu dituzten elkarteen bitartez, bereziki. Katalunian hasi ziren aurrena talde horiek, 2012an. 2014tik elkarteak ugaritzen joan dira: ondorioz, auzia agerian utzi dugu. Izan ere, instituzioen eta osasun erakundeentzat gaia ez da berria, lehendik dator. Zergatik orain? Bada, hor gaudelako». Prebentzioak, hala ere, baditu zailtasunak. Psikiatriaren mugak, adibidez, hor daudela onartu du Morerak. «Depresioaren kontrako botikek, esaterako, asteak behar izaten dituzte maiz eragina izaten hasteko». Eta arreta handia behar izaten dute pazienteek. «Zenbat familiak eman diezaiokete egun 24 orduko arta, arta etengabea, pertsona bati? Oso zaila da. Eta, bestela, zer egin behar da, pertsona horiek zentro psikiatriko batean sartu? Eta zein aukera dute beren bizitza bideratzeko halako zentro batean egonda? Onartu behar da porrot indize bat izango dugula beti. Suizidio guztiak ezin dira prebenitu. Argi esan behar da hori; aratz esplikatu behar zaio gizarteari, lagunduko duelako, gainera, erruaren zama sentitzen duten familia askori karga hori kentzen gainetik. Hori bai, ziurtatu behar dugu egin behar diren urratsetan deusek ere ez digula ihes egingo», ohartarazi du.

Gaia plazara ateratzen ari den honetan, paradigma berri eta eraikitzaileago batera egin behar dela uste du Marijuanek. «Garai batean, madarikatutako pertsonak izaten ziren beren buruaz beste egindakoak. Familiak ere markatuta geratzen ziren: izan ere, komunitateari egindako eraso bat zen hura. Gaur egun, inork ez ditu kondenatzen, baina, hein batean, abandonatu egin ditugu laguntza eskean egon zitezkeen hainbat pertsona: ez ditugu ikusi ere egin».

Horregatik, prebentzioan urratsak egitea garrantzitsua da: psikopatologiak atzematera eta tratatzera egin behar da, pertsona bat antzalda dezaketen egoera astungarriak saihestera, jendea suizidioaren gainean heztera... Prozesu horien hauspo gisara garrantzitsua iruditzen zaie denei gaiaz solastatzea. «Lehen, pentsatzen zen suizidioa aipatze hutsak areagotu egiten zuela arriskua. Orain, gaiari buruzko galdera egiten dugu kontsultetan, eta familia medikuak ere bultzatzen ditugu horretara. Izan ere, mintzatzeak gehiago darama suizidiorako joera desaktibatzera, aktibatzera baino», azaldu du Morerak. «Norbaitek suizidioa aipatzen duenean, hitz egin dezagun: mintza gaitezen gertatzen zaionaz, sentitzen duenaz. Kontua ez da deus arrazoitzea, entzutea baizik». Horrela, gaiaren inguruko estigma arintzera egingo dela uste du. «Izan ere, buruko gaitzek, oro har, artegatasuna sortzen dute, ezinegona; buruko gaixo itxura duen norbait ikusi orduko, espaloiz aldatzeko joera hortxe dago. Suizidioaren arazoa buruko eritasunen inguruko estigmarena bera da; gerra bera da bietan». Bat dator horretan Cano: «Estigma errepikatu egiten da».

Edurne Pasabanen testigantza.

Aitziber Garmendiaren testigantza.

Markel Irizarren testigantza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.