Burgosko Prozesuak 50 urte. Epaiketa

BUELTAN ETORRI ZITZAION

Duela 50 urte, frankismoak epaitegi militar baten aurrera eraman zituen hamasei euskal ekintzaile, eta heriotza zigorra eskatu zuen haietako seirentzat. Epai zentzagarria eman nahi zuen erregimenak, baina kontrakoa lortu zuen: herritarren protestek eta nazioarteko elkartasunak ataka estuan jarri zuten diktadura.

Gotzon Hermosilla - Iñaki Petxarroman
2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Mario Onaindiak kontatu zuen Burgos: juicio a un pueblo liburuaren hitzaurrean (Burgos: epaiketa herri bati; Hordago, 1978). Bruselan erbesteraturik zegoela, kazetari frantses ezkertiar batek aitortu zion Burgosko auziaren ondorioz hasi zela kontzientzia politikoa hartzen. «Niretzat, Burgosko auzia izan zen Espainiako gerra zibila 1930eko hamarraldiko europar eta amerikar askorentzat izan zena», esan zion.

Burgosko epaiketak mundu osoan izan zuen oihartzun handia, baina benetako ondorioak Euskal Herrian izan zituen. Erregimena dardarka jarri zuen, izan zezakeen legitimitate apurraz desjabetu zuen, eta sekulako bultzada eman zion frankismoaren kontra oldartzen ari zen mugimenduari eta, bereziki, ETAk ordezkatzen zuenari. Laster mende erdia beteko da epaiketa hartatik.

1970eko abenduaren 3tik 9ra egin zuten epaiketa, eta abenduaren 28an jakinarazi zuten epaia. Baina auziaren sorburua bilatzeko, askoz atzerago jo behar da: gutxienez bi urte lehenago atxilotu baitzuten, 1968ko abenduaren 7an,Unai Dorronsoro, Burgosen epaitu zituzten hamasei lagunetatik lehena.

Bi sarekada handi

Burgosko Prozesuan 1968ko abendutik 1969ko apirilera egindako zenbait operazio eta sarekadatan atxilotutakoak sartu zituzten, haien artean harreman handirik ez egon arren. Esaterako, 1969ko apirilaren 9an ETAk Bilboko Artekale kalean zuen pisua tiroka hartu zuen Poliziak, eta hiru kide atzeman zituen. Bi egun geroago, beste lau kide atxilotu zituzten Mogrovejo izeneko herrixkan (Kantabria, Espainia). Bi sarekadetan balaz zauritutakoak egon ziren.

Josu Abrisketa (Ugao, Bizkaia, 1948) izan zen Artekaleko etxebizitzan atxilotuetako bat: «Nik hemeretzi urte nituen, eta ETAko liberatua nintzen urtebete lehenagotik. Liberatu guztiak biltzen ginen Artekaleko etxe horretan; denon etxea deitzen genion. Ematen duenez, egun batzuk lehenago Andoni Arrizabalaga harrapatu zuten, eta hari hartu zioten etxe hartako giltza. Sartu ziren etxe barruan, eta han egon ziren itxita hiruzpalau egun. Orduan, gu etxera sartu ginenean, barnetik hasi ziren guri tiroka. Tiroketa horretan jausi ginen gu denok: Arana Bilbao —sabelean zauritu zuten—, Mario Onaindia eta ni... Mikel Etxeberria Iztueta ezkaratzean zegoen eta ihes egin ahal izan zuen, baina bi tiro eman zizkioten. Torturak han bertan hasi ziren. Hamar egunez torturatu gintuzten, geratu gabe».

Abrisketari prozesu sumarisimoa ireki zioten, baina gero gelditu egin zuten, eta azkenean Burgosen epaitu zituzten gainerakoenekin elkartu zuten haren auzia: «Gobernuak erabaki zuen eskarmentu handi bat ematea, eta atzeratu egin zuen sumarioa ia bi urtez. Epaiketa munstro bat planteatu zuten, eskarmentua emateko abadeei, emakumeei, laguntzaileei eta ETAko liberatuei. Denei batera. Horrela elkartu gintuzten hamasei auzipetuok».

Auzibidearen sorburuan Meliton Manzanasen hilketa zegoen1968ko abuztuaren 2an gertatua, nahiz eta akusatu gehienei ez zieten leporatzen horretan zerikusirik izatea. 1960an onartutako lege dekretuak aukera ematen zien auzitegi militarrei zenbait delitu epaitzeko, eta frankismoak hori baliatu zuen gerra kontseilua antolatzeko, auzipetuetako batzuk lehenagotik zigor kode arruntaren arabera epaituak izan ziren arren: orotara, sei heriotza zigor eta 712 espetxe urte eskatu zituzten.

Bi apaiz ere sartu zituzten auzian, Jon Etxabe eta Julen Kaltzada. Etxabe Mogrovejon atzemandakoa zen, baina Kaltzadari ETAko militanteak etxean hartu izana baino ez zioten leporatzen, eta, hala ere, prozesuan sartu zuten. Francisco Letamendia (Donostia, 1944) auzi hartako abokatuetako bat izan zen, eta uste du hori ez zela «kasualitatea» izan: «Erregimen frankistak Vatikanoarekin zuen itunaren arabera, apaizen kontrako epaiketak ateak itxita egin behar ziren. Bi apaiz sartuta, epaiketa lekukorik gabe egiteko modua topatu nahi zuten».

Erregimenak, baina, huts egin zuen asmo horretan, azkenean Vatikanoak uko egin baitzion epaiketak ateak itxita egiteari. Elkartasun sareak fronte askotan egin zuen lan, nazioartean batez ere, eta horietako bat Vatikanoa izan zen: hara bidaiatu zuten auzipetuen senitartekoek, Paulo VI.a Eliza katolikoko aita santuari laguntza eskatzeko.

Hura ez zen izan frankismoak Burgosko auzian galdutako bataila bakarra. Auzipetuek estrategia bat diseinatu zuten erregimenaren asmoei buru egiteko, eta, emaitzei erreparatuta, arrakastatsua izan zela esan daiteke. Auzipetuak eta abokatuak bat datoz: presoek hartu zuten estrategia hori taxutzeko ardura, eta abokatuen lana hari men egitea eta horretan laguntzea baino ez zen izan. Letamendia: «Prozesatuek egin zuten defentsa. Beraiek erabaki zuten nolako jitea eman behar zioten epaiketari. Guk bozgorailu lana egin genuen».

Baieztapen horretan ñabardura bat egin behar da: Jose Antonio Etxebarrietaren esku hartzea baitezpadakoa izan zen zeregin horretan. Etxebarrieta egoera ezin hobean zegoen estrategia politikoa eta alderdi juridikoa uztartzeko, abokatua zelako Xabier Izko de la Iglesiaren defentsa egokitu zitzaion eta ETAko militante gisa auzipetuen burkidea ere bazelako. Gehienek aitortzen diote epaiketan abiarazitako estrategiaren parte handi bat.

«Hark taxutu zuen estrategia», azaldu du beste auzipetuetako batek, Itziar Aizpuruak (Deba, Gipuzkoa, 1943): «Alde batetik, auzipetu guztiok ados egotea haustura epaiketa bat egiteko, eta ondorioak gure gain hartzeko; eta, beste aldetik, herriarekin bat eginik aritzea, sintonian. Horretan, Jose Antonio izan zen buruzagia, ETAren V. Biltzarreko buruzagia izan zen bezala». «Inoiz ezagutu dudan pertsonarik azkarrenetako bat»; halaxe definitu du Letamendiak Jose Antonio Etxebarrieta.

«Haustura epaiketa» bat egitea izan zen hartutako beste erabakietako bat. Epaileen aurrean egin beharreko deklarazioak baliatuko zituzten akusatuek Euskal Herriak frankismoaren pean pairatzen zuen egoera salatzeko, epaiketak mundu osoan izango zuen oihartzun mediatikoaren jakitun. Elkarren artean banatu zuten esan beharrekoa: batek nazio eskubideen ukazioa salatuko zuen, beste batek langileen egoera, hirugarren batek kultur zapalkuntza, eta abar. Bide hori ahalik eta gehien ustiatzea zen helburua; epaileek eteten bazuten, orduan tribunala bera salatu, defentsari uko egin eta prozesua barrutik lehertu behar zuten.

Abrisketa: «Fidel Castrok Moncadako erasoaren inguruko epaiketan erabili zuen planteamenduak garrantzi handia hartu zuen. Aljerian ere antzeko epaiketak egon ziren, eta horiek eredu gisa hartu genituen, geuk egiteko gure salaketa frankismoaren aurka».

Aizpuruak dioenez, emakumeek ezin izan zuten parte hartu estrategia diseinatzeko eztabaida horietan, bakarturik eduki zituztelako: «Jone [Dorronsoro] eta biok Iruñeko kartzelan geunden, bakarturik. Urriaren 16an, epaiketarako denbora gutxi falta zela, Jokinek [Gorostidi] idatzi zidan esanez oso lasai zegoela epaiketari begira, eta hura iristeko gogoz eta ilusioz, alde batetik elkar ikusiko genuelako, baina, beste aldetik, pentsatzen zuelako askorako balio izango zuela eta une garrantzitsua izango zela».

Epaiketarako egun gutxi falta zirela, Jone Dorronsoro eta Itziar Aizpurua Burgosera eraman zituzten, eta Arantza Arruti ere bai, Madrildik. Letamendia abokatuaren bidez, estrategiaren berri izan zuen Aizpuruak: «Goitik behera onartu nuen kideek erabakitakoa, jakina. Eta pozik gainera, euskararen egoeraren berri ematea egokitu zitzaidalako».

Akusatuen deklarazioak

Epaiketa abenduaren 3an hasi zen, Burgosko Gobernu Militarrean, Manuel Ordovas Gonzalez teniente koronela buru zutela. Abenduaren 6an ekin zieten, igandez, akusatuen deklarazioei. Hurrenkera alfabetikoan deklaratu zutenez, Abrisketa izan zen lehenengoa: «Utzi egin zidaten hitz egiten, ezustean harrapatu genituelako eta lehena nintzelako. Orduan, ia ordu batez egon nintzen hitz egiten. Abokatuen galderei erantzuten nien aldarrikapen eta salaketa politikoak egiteko. Nire bizi esperientziak kontatu nituen: lantegian egiten genituen borrokak, langile batzordeetan egiten genuen lana eta abar». Abrisketarekin batera, Itziar Aizpuruak, Victor Aranak, Julen Kaltzadak eta Antton Karrerak deklaratu zuten.

Erregimena laster jabetu zen auzipetuen adierazpenek nazioarteko prentsan lortutako oihartzunaz, eta horrek zekarkion arrisku larriaz. Eta horri itzuri egin nahian, epaiketa eten egin zuten, ustez epaimahaiko kide eta auziaren txostengile Antonio Troncoso kapitaina gaixorik zegoelako.

Ordurako, haserreak hartuta zeuzkan Euskal Herriko kaleak. Abenduaren 3an, epaiketa hasteaz batera, greba orokorrerako deialdia egin zuten, eta protestak arrakasta handia erdietsi zuen.Hurrengo egunean, salbuespen egoera ezarri zuten Gipuzkoan, eta Eibarko mobilizazioetan (Gipuzkoa) bi gazte tiroz zauritu zituzten. Horietako bat, Roberto Perez Jauregi, hil egin zen lau egun geroago.

Karrerak dioenez, Euskal Herrian gertatzen ari zena arreta handiz ikusten zuten auzipetuek: «Ni espetxean zazpi urtean egon naiz, eta beti eduki dut kalean gertatzen zenaren informazioa, eta gure informazioa kalera zabaltzeko modua. Prozesuak iraun bitartean ere, kanpoan gertatzen zenak eramaten gintuen erantzuna ematera. Astebetez, izugarrizko mobilizazio eta grebak egon ziren, baina hori gehiago luzatzea ezinezkoa zen. Momentu batetara ezkero, hura moztu egin behar zela erabaki genuen, eta abokatuei esan genien zer egin behar zen».

Abenduaren 8an ekin zioten berriro prozesuari. Mario Onaindiari egokitu zitzaion azkena izatea, eta aukera baliatu zuen auzia lehertzeko. Eduki politikoz beteriko hitzaldia egin zuen, eta gero «Gora Euskadi askatuta!» egin zuen oihu: «Gainerako auzipetuek 'Gora!' erantzun zuten, eta aitortu behar dut abokatuetako batzuek ere berdin egin genuela», azaldu du Letamendiak.

«Hor itzelezko iskanbila sortu zen», jarraitu du abokatuak. «Troncoso kapitainak ezpata atera zuen, polizietako batzuek pistolak erakutsi zituzten, eta orduan auzipetuek, banan-banan, uko egin zioten bakoitzari zegokion abokatuari; Eusko gudariak kantatzeari ekin zioten, eta aretotik egotzi zituzten denak. Ederra eta hunkigarria izan zen. Niri une hark bizitza aldatu zidan». «Inoiz kantatu dudan Eusko gudariak ederrena», Aizpuruaren hitzetan.

Epaiketa abenduaren 9an amaitu zen, eta zigorrak 28an iritsi ziren: fiskalak egiten zuen sei heriotza zigorreko eskaerari bederatzi emanez erantzun zion epaimahaiak, Uriarteri, Gorostidiri eta Izkori bina heriotza zigor ezarri baitzieten; Dorronsoro, Onaindia eta Larena izan ziren hiltzera kondenaturiko besteak. Horrez gain, 519 espetxe urte ezarri zizkieten orotara.

Abokatuek, lehenbizi, gizonezkoen kartzelan zeudenei eman zieten epaiaren berri. Aizpuruaren esanetan, Gorostidik pozik hartu zuen albistea, epaiaren gehiegikeriak herria gehiago mobilizatzera eta frankismoaren estualdia areagotzera eramango zuelakoan.

Gero, emakumeak zeuden eraikinera joan ziren, eta Letamendiak gogoratzen du hura izan zela prozesu osoan izan zuen unerik latzena. «Esan zigutenean, Jone eta biok isilik geratu ginen», esan du Aizpuruak. «Ez genuen horrelakorik espero. Bat-batean, urdailak buelta eman zidan. Nire bizitzan ez zait berriro inoiz halakorik gertatu. Hustuta bezala sentitu nintzen. Gero, han geundenok negarrari eman genion. Nik pentsatzen nuen sei heriotza zigor agian kenduko zituztela, baina bederatzi ez, eta, hortaz, bi heriotza zigor zituztenak arrisku larrian zeudela. Ni oso lotuta nengoen Jokini, eta oso gaizki pasatu nuen pentsatuz haren falta izango nuela».

Baina heriotza zigorrak eman zituenerako, erregimena oso egoera konplikatuan zegoen. Miguel Castells (Busturia, Bizkaia, 1931) prozesu hartako abokatuetako bat izan zen, eta uste du frankismoak «akats larriak» egin zituela prozesu hartan: «Eskatzen ziren zigorrei dagokienez, huraxe zen II. Mundu Gerraz geroztik Europan egindako epaiketarik handiena. Hortaz, pentsatzekoa zen Europako iritzi publikoaren arreta erakarriko zuela. Baina frankismoak ez zuen kontuan hartu Nurenbergeko Prozesuan epaituak izan zirela Burgosen epaile izan nahi zutenen lagunak».

Castellsek gogoratzen duenez, garai hartan frankismoa lortzen ari zen inguruko gobernuen nolabaiteko onarpena, gerra ondoko nazioarteko bakartzea gaindituta, Gerra Hotzaren testuinguruan Espainia aliatu egokia zelako Mendebaldeko gobernuentzat. «Horregatik, erregimenak pentsatu zuen orduan ere gobernu horiek jarrera horri eutsiko ziotela. Diktadura bat zenez, ez ziren konturatu herrialde horietan gobernuek aintzat hartu behar dutela iritzi publikoak dioena. Eta gauza bat da herrialde bateko gobernua, eta beste bat hango herritarrek pentsatzen dutena».

Zalantza eta tirabira askoren ostean, frankismoak erabakia hartu zuen: abenduaren 30ean, Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluak indultua eman zuen, eta indarrik gabe utzi zituen heriotza zigorrak; horren ordez, bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zien sei presoei. Aizpuruak: «Egun haietan, munduak jakin zuen Euskal Herria izeneko leku bat zegoela eta leku hori borrokan zegoela diktadura baten aurka. Eta frankismoak ez zekien nola erreakzionatu horren aurrean. Herriaren garaipena izan zen hura».

ETAri hauspoa

ETA ez zegoen bere abagunerik onenean Burgosko auzia iritsi zenean. Ahul zegoen Artekale eta Mogrovejoko atxiloketen ostean, eta barne desadostasunak handiak ziren, batez ere V. Biltzarrari atxiki nahi zitzaizkionen eta geroago VI. Biltzarra osatuko zutenen artean. Baina 1970eko abendu hartan protestan aritu ziren herritarrek ez zuten horrelako ika-miken berri. Haientzat, ETA bakarra zen, Burgosen epaitutakoek ordezkatzen zuten, eta, beraz, prozesuaren inguruan sortutako mugimendu handiak hauspoa eman zion.

Alemaniako Errepublika Federalak Espainian zuen kontsul Eugen Behlen bahiketa barne tentsio horren ispilu izan zen. Gerora ETA-V osatuko zuen sektoreak bahitu zuen, abenduaren 2an; abenduaren 24an libre utzi zuten, «borondate oneko» adierazpide gisa. Handik gutxira ETA-VI eratuko zutenek, berriz, bahiketa kritikatu zuten. Antton Karrerak dioenez, horren berri izan zutenean, bozketa egin zuten auzipetuek: bederatzi kontra azaldu ziren, hiru alde, eta lau abstenitu egin ziren. «Agiri bat ere egin genuen gure jarrera azaltzeko, eta Jose Maria Bandres abokatuari eman genion, baina gero ez zen inon agertu, oraindik ez dakit zergatik», esan du Karrerak.

«Garai hartan ez zen diferentziarik egon, ez epaiketan, ezta gizartean ere», azaldu du Letamendiak. «Inork ez zuen ETAn zeuden barne eztabaida eta desberdintasunen berri. Jendearentzat, hor ETA baino ez zegoen. Prozesatuek irabazi zuten prestigioari esker, hura izan zen ETAren ospearen gailurra eta, aldi berean, antolakuntzaren aldetik haren unerik ahulenetako bat».

Antzeko iritzia du Abrisketak: «Borroka armatuak sekulako bultzada hartu zuen, eta hamarkada batzuetan hortik elikatu zen. Elikadura horrek eragin zuen bermatuta egotea borroka armatuarentzat beharrezkoa den herri zati baten babesa, Europa erdian bada ere, hamarkada luzeetarako».

Bestelako ondorio politikoak ere izan zituen Burgosko Prozesuak. «Ordura arte, gerra egin eta galdu zutenak ziren frankismoaren barne etsaiak: errepublikanoak, komunistak eta abar», azaldu du Letamendiak. «Aurrerantzean, ETA izango zen frankismoaren etsai nagusia».

Castellsek, berriz, uste du Burgosko Prozesua gehiegi «mitifikatu» dela, eta lehenago ere egon zirela heriotza-zigor eskaerak izan zituzten epaiketak: «Baina, han, euren ideien alde bizia emateko prest zeuden gazte batzuekin topo egin zuen erregimenak. Gazte haien eskuzabaltasuna eta buru argitasuna nabarmenduko nuke nik beste ezeren gainetik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.