Mireia Saiz. Osasungintza Publikoaren Aldeko Herri Plataformetako bozeramailea

«Buelta eman behar diogu Osakidetzaren pribatizazioari»

«Osasungintza publikoaren desegitea» gelditu behar dela aldarrikatu du Saizek; herritarren parte hartzea erroan izango duen kalitatezko sistema publiko bat «hutsetik» eraikitzeko deia egin du.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Barakaldo
2023ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Osakidetzaren egoerak kezkatzen dituen 70 eragiletik gora biltzen dituzte Osasungintza Publikoaren Aldeko Herri Plataformek. Sindikatuak, auzo elkarteak eta eragile feministak eta ekologistak daude bertan, Mireia Saiz bozeramaileak azaldu duenez (Barakaldo, Bizkaia, 1983). Protestetara deitu dute zapaturako, Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Zer aldarrikatuko duzue zapatuan?

Osasungintza publikoa kalitatezkoa eta hurbilekoa izatea, eta bertan behera uztea gaur egun pairatzen ari garen murrizketak eta desegite prozesu programatua. Hori ez da herritarrok nahi dugun osasungintza publikoa. Gainera, prozesu hau agerikoa da, lotsarik gabe egin dute, publikoki. Gotzone Sagarduik [Jaurlaritzako Osasun sailburuak] duela hil batzuk egin zituen adierazpenak, eta aurrera doaz plan horrekin: «kultura aldaketa», herritarrok «harreman berria» izango dugula osasun sistemarekin... Aurreratzen ari dira zer egin nahi duten Osakidetzarekin, eta ikusten ari gara horrek zelan eragiten dien herritarrei.

Zerk kezkatzen ditu herritarrak?

Herritarrek ikusten dute desegite hau interes pribatuen mesedetan dela. Batez ere, lehen mailako arretaren eraispena da kezka nagusia. Datuek erakusten dute klinikek eta mutualitateek gora egin dutela. Bide horri jarraitu nahi diogu, eta salatu behar dugu. Askotan hitz egiten dugu Osakidetzaren kudeaketa txarraz, baina are larriagoa da. Ez da bakarrik kudeaketa txarra. Bide orri bat dago programatuta hori aurrera eramateko eta beste eredu bat sartzeko.

Bide orri hori sumatzen al da?

Herritarrok ikusten ari gara askoz gehiago kostatzen dela medikuarekin harremanetan jartzea. Ez hori bakarrik: itxaron zerrendak, arreta presentzialaren falta, telefono bidezko hitzorduak... Hori ez da hurbileko eta kalitatezko arreta ematea.

Osasun krisiaz ohartarazi duzue. Pandemiak eragin du?

Ez. Pandemia aitzakia izan da prozesua azkartzeko eta aurreratzeko, baina aurretik programatuta zegoen. Ikusi dugu langileen planifikazioa ez dela egin, nahiz eta jakin medikuak faltako zirela. Jakina zen zenbat erretiro egongo ziren, baina nahi zuten egoera hau izatea, eta, konturatu garenerako, prozesua oso aurreratuta egon da. Asteon Osakidetzak aurkeztutako plan estrategikoak ere erakusten du.

Zer zentzutan egiten die mesede prozesu honek mutualitateei eta klinikei?

Jendeak ikusten duenean ez daukala euren beharrizanei erantzungo dien kalitatezko osasungintza publikorik, arreta hori beste nonbaiten bilatzen du. Bizitzarako beharrezkoa delako. Datuek erakusten dute zelako bilakaera izaten ari diren IMQren moduko klinika pribatuak eta nortzuk ari diren etekina lortzen horrekin. Gainera, osasungintza pribatuak ez ditu arazoak konpontzen. Ez da eskuragarria jende guztiarentzat, eta gaitasun ekonomikoaren araberako arreta ematen dute. Areago, batzuek uste dute hilean 30 euro ordaintzeagatik dena sartzen dela aseguruan, baina larria denean beti bideratzen zaituzte sistema publikora. Horren helburua da osasungintza pribatuaren poltsikoak betetzea eta arreta sistema publikoak ematea arreta. Osakidetzaren pribatizazioaz hitz egin behar dugu; ezinbestekoa da.

Herritarren parte hartzeaz egin duzue berba. Gehiago parte hartu behar dute Osakidetzan?

Herritarrok parte hartu nahi dugu, baina ez digute uzten. Hori ere salatu nahi dugu. Guk, herri plataforma bezala, Osakidetzari informazioa eskatu genion bide ofizialetatik, jakiteko zehazki Barakaldon zein zen benetako egoera. Lehen arretari eta itxaron zerrendei buruzko informazioa jaso nahi genuen, eta jakin zenbat denbora behar den arreta presentziala izateko. Balorazioak egiteko nahi genuen informazioa, baina ukatu egin dizkigute datuak behin eta berriro. Parte hartzea galarazten dute. Gardentasuna aipatzen dute planetan, baina errealitatea guztiz kontrakoa da.

Eragile feministak ere ari zarete parte hartzen plataforman.

Bai. Garrantzitsua da ikuspuntu feminista ere txertatzea, emakumeok are gehiago pairatzen ditugulako murrizketen ondorioak. Mamografiak egiteko itxaron zerrenda ia urtebeteko atzerapenarekin dabil, eta horrek zuzenean eragiten du gure osasunean. Arreta presentzialaren faltak berekin dakar emakumeek botika gehiegi hartzea, jarraipenik gabe, eta indarkeria matxista kasuak identifikatzeko zailtasunak ere eragiten ditu. Emakumeok lan prekarioagoak dauzkagu, eta, osasun publikorik gabe, gure egoera are zaurgarriagoa izango da. Horregatik da inportantea osasun publikoa defendatzea.

Zein da konponbidea?

Gotzone Sagardui sailburuaren dimisioa eskatzen dugu, baina hori ez da nahikoa. Horrekin ez dugu konponduko Osakidetzaren egoera. Desegite prozesua gelditzea nahi dugu, eta hutsetik beste sistema publiko bat eraikitzea, herritarren parte hartzearekin, eta errotik bertatik izatea unibertsala, kalitatezkoa, hurbilekoa, irisgarria eta egokitua pertsona guztientzat. Buelta eman behar zaio pribatizazio prozesuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.