Bruselara, migratzaileen eskubideen alde

1.500 kilometro egingo dituzte astelehenetik larunbatera bitartean, migratzaileen eskubideak Europako Parlamentuaren atarira eramateko. Europako 160 talde baino gehiago elkartuko dira Bruselan.

Karabanako parte hartzaileak, Irungo udaletxeko hitzartzean. GORKA RUBIO / FOKU.
inaut matauko rada
Irun
2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Aragoiko, Madrilgo eta Gaztelako 60 pertsonak osatutako talde batek Bruselarako bidea hartu zuen atzo Irundik (Gipuzkoa), asteburuan Europako mugetan gertatzen diren heriotzak salatzeko eta migratzaileen eskubideak aldarrikatzeko. Rights, no Deaths! —Eskubideak, ez heriotzak!— mugimenduak antolatu du Bruselara martxa, eta migratzaileen eskubideen aldeko Europako beste talde batzuekin elkartuko dira bertan. 160 talde baino gehiago gehitu dira deialdira.

Antolatzaileek dituzten datuen arabera, 2014tik hona 28.000 pertsona baino gehiago hil dira Europako kanpoko eta barneko mugetan, eta 49.000 1993tik hona. Gehienak Mediterraneoan eta Atlantikoan hiltzen direla diote, baina Balkanetan, Alpeetan eta Bidasoaren gisako muga naturaletan ere migratzaileek bizia galtzen dutela nabarmendu dute.

Bruselara abiatu aurretik, prentsaurrekoa eman dute Irungo Udaletxearen plazan, eta Mugak Zabalduz karabanako, Irungo Harrera Sareko eta Ipar Euskal Herriko EtorkinEkin elkarteko ordezkari banak hartu dute hitza.Mugak Zabalduz-eko ordezkariak adierazi du mugetan gertatzen diren hilketak «EBren eta estatu kideen migrazio politikek, bide seguruen faltak, mugak urruntzeko akordioek eta militarizazio progresiboak» eragindakoak direla. Irungo Harrera Sareko ordezkariak, bestalde, eskerrak eman dizkio karabanari migratzaileen aldarrikapenak eta ahotsa Bruselara eramateagatik.

2016an hasi ziren migratzaileen eskubideen aldeko karabanak antolatzen. Cristina Garcia de Andoinek BERRIAri adierazi dionaren arabera, migratzaileen egoera salatzeko asmoz hainbat muga gunetara martxak antolatzen hasi ziren. «Ceutara, Melillara, Huelvara eta Greziara egin genituen martxak, baina behin esan genuen: Bruselara joan behar dugu. Azkenean aurten egin dugu, ia urtebete ibili baikara antolatzen», dio Garcia de Andoinek.

Prentsaurrekoaren ostean, autobusera igo eta Irun eta Hendaia (Lapurdi) arteko Santiago zubira joan dira, migrazio bidean Bidasoa ibaian hildako pertsonak omentzeko duela bi hilabete jarri zuten monolitoan. Askatasunaren eta muga irekien aldeko aldarriak bertso eta poema bidez egin dituzte Mugak Zabalduz-eko kide batek eta Kataluniako lagun batek.

Salbuespenezko neurriak

Irungo Harrera Sareak denbora darama salatzen Frantziak Irun eta Hendaia artean izan duen politika aldaketa. Izan ere, duela urte batzuetatik hona kontrolak ezarri ditu Frantziako Poliziak, terrorismoaren aurkako alertagatik hasieran eta osasun larrialdiagatik ostean, eta Harrera Sareak salatu du azal kolorearen arabera jendea gelditzen dutela.

Garcia de Andoinek adierazi du Eusko Jaurlaritzak behin baino gehiagotan kritikatu duela Frantziaren politika, baita berehalako itzulketak ere, baina eskumenik ez dutela ere nabarmendu du. Hala ere, esan du Jaurlaritzak batzuetan Frantziaren antzeko politikak dituela: «Euskal Herrian poliziak azal koloreagatik jendea gelditu eta atxikitzen du, Jendarmeek mugan egiten duten moduan. Harro diote baliabide asko bideratzen dituztela migratzaileentzat, baina igarobidean ez dauden migratzaileei ez diete nahikoa alternatiba eskaintzen. Bilboko Atxuriko zelaietan lo egiten dutenak, adibidez, mangeraz botatzen dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.