Seigarren hautesbarrutia

Bru eta Dubois-Robin leihatuko dira bigarren itzulian

Orain arteko diputatu eta Elkarrekin-eko hautagaiak lortu du lehen lekua, eta bigarren lekuan da Dubois-Robin (NUPES). Hirugarren lekua kausitu du EH Baiko Dufauk, eta 2017tik ia 1.500 boz gehiago eskuratu ditu koalizio ezkertiar abertzaleak. 

Peio Dufau, bozkatzen, goizean. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko ekainaren 12a
20:53
Entzun

Vincent Bru (Ensemble) oraingo diputatuak bigarren itzulirako lekua lortu du. Haren ondotik sailkatu da Tom Dubois-Robin NUPES Frantziako ezkerreko alderdien aliantzaren hautagaia. Bien artekoa izanen da, beraz, bigarren itzulia. Hirugarren lekua lortu du Peio Dufau EH Baiko kideak. Bruk lortu du boz gehien (%28,5), eta Dubois-Robinek %19,5. Dufauk bozen %14,5 bildu ditu.

Honela mintzatu da Vincent Bru Euskal Irratietan: «Pozik naiz, nire aurkariak arras atzean dira. NUPESen hautagaiaren kontra baldin banaiz bigarren itzulian, oroitarazi nahiko nuke biziki arriskutsua dela Frantziarentzat, baina Euskal Herriarentzat ere bai. NUPES eta bereziki Frantzia Intsumisoa zentralista da, jakobinoa da, eta Europarentzat ere arrisku bat litzateke».

Peio Dufau EH Baiko kideak, hala eta guztiz ere, balorazio ona egin dio emaitzari. «Bozen kopuruan anitz igo gara. Ezkerreko aliantza horrek lortu du bigarren lekua; [Jean-Luc] Melenchonek kanpaina ona eraman du, eta horrek emaitza ekarri du Dubois-Robinentzat. Guk mahaigaineratzen ditugun kezkak beste guziek ere hartzen dituzte: etxebizitza, natura, lurraldearen arazoak, laborantza, euskara... denek bat egiten dute horrekin, eta erakusten du ideietan irabazten ari garela eta aurrerapausoak eman ditugula». Bigarren itzuliari begira, ez daki oraino zer eginen duen EH Baik, eta «talde gisa erabakiko» dutela erran du. Izan ere, 2017an 6.191 boz lortu zituen EH Baiko hautagaiak, eta, egun, 7.667 boz eskuratu ditu Dufauk.

Laugarren lekuan da Batasun Nazionaleko Monique Becker hautagaia, (%9,9). Ondotik dira Bertrand Soubelet eskuineko hautagaia (%5,9); Fabrice Sebastien Bach (Errepublikanoak), bozen %4,5 bildurik; Christiane Neel Errekonkista alderdikoak bozen %4,2 lortu ditu. Bozen %4 baino gutxiago lortu dituzte Marielle Goitshellek (Eutsi), Kevin Briolaisek (Animalien Aldeko Mugimendua), Mathis Tennessonek (zentro-eskuina), eta Jacqueline Uhartek (Langile Borroka). Horiek horrela, eskuin muturreko bi hautagaien emaitzaren batuketa eginez, %14,1 eskuratzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.