35 urte bete dira Santi Brouard ezker abertzaleko buruzagia bere kontsultan hil zutenetik, Bilbon, eta 30 Josu Muguruza Herri Batasunaren parlamentaria Madrilen tirokatu zutenetik. Omenaldia egin diete, lehenbizi Bilboko Ametzola parkean Brouarden gomutaz ezarritako oroitarriaren aurrean, eta geroago Errekalden, Muguruzaren auzoan.
Josu Muguruzaren alaba eta Egiari Zor fundazioko kide Ane Muguruzak hitz egin du Errekaldeko ekitaldian. Esan du «biktimen umiliazioaz» hainbeste hitz egiten den honetan Estatuaren indarkeria pairatu duten biktimek ere «umiliatuta sentitzeko nahikoa arrazoi» badituztela. Francoren gorpua ateratzeko ekitaldiaren inguruan egindako «gorazarrea», estatuaren indarkeriarekin zerikusia izan dutenen «inpunitatea» eta kondekorazioak, eta haiek ordainsariak jaso izana aipatu ditu.
«Umiliagarria da Euskal Herriko erakunde nagusietariko batzuek etengabe ukatzea autokritika eskaerak egitea gure gizartea jo zuten hainbat eta hainbat biolentziaren eragileri eta ardurak izan zituztenei», salatu du.
Muguruzaren aburuz, «autokritika eskaera» ez da oinarritzen «bakeari eta giza eskubideen defentsa irmoari lotutako sineste moraletan, interes politiko zehatzetan» baizik. «Gure mina eragin zuen biolentziari ez zaio eskakizunik egiten, ez da interpelatzen», salatu du, eta erantsi du ez dutela onartuko «inor saiatzea inposatzen gertatutakoaren inguruko kontakizunik», ezta «moraltasunaren inguruko lezioak ematen saiatzerik» ere.
Edonola ere, Muguruzak berretsi du Estatuaren indarkeriaren biktimek «elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan» duten konpromisoa, eta «irtenbide politikoak» eskatu ditu «arrazoi politikoengatik» sortutako gatazkarentzat.
Sortuk ere gogora ekarri ditu Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren hilketak Bilboko kaleak zeharkatu dituen manifestazio baten bidez, Oker zebiltzan, oker dabiltza, geldiezinak gara! goiburu hartuta. Arriaga plazatik abiatu da manifestazioa, eta Brouard hil zuten lekuaren aurrean bukatu da, mediku kontsulta zeukan kalean.
Brouard eta Muguruza omendu dituzte, hilketen urteurrenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu