Brissonek kritikatu du Dufauk eta Etxanizek Bayrouren gobernuaren kontrako zentsura mozioa bozkatu izana

«Gero eta erradikalago» aritzea egotzi die Brissonek. Peio Dufauk eta Iñaki Etxanizek, baina, hainbat desadostasun agertu dituzte Bayrouren gobernuarekin, eta Talde Sozialistaren erabaki orokorraren gainetik deliberatzen dute zer bozkatu.

Fronte Popular Berriko hautagaien aurkezpena, Baionan, 2024ko ekainaren 18an. GUILLAUME FAUVEAU
Fronte Popular Berriko hautagaien aurkezpena, Baionan, 2024ko ekainaren 18an. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko urtarrilaren 17a
09:15
Entzun

Barda, Bayrouren gobernuaren kontrako zentsura mozioak ez zuen aitzina egin, baina Peio Dufau laugarren hautesbarrutiko diputatuak eta Iñaki Etxaniz seigarrenekoak haren alde bozkatu zuten. «Talde Sozialistako zortzi diputatuk baino ez dute bat egiten erabaki horrekin, horietarik bi gure departamendukoak, eta agerian utzi dute ez direla gai beren ardurak betetzeko», idatzi du goizean Max Brisson Pirinio Atlantikoetako senatariak. Zentsura mozioa NFP Fronte Popular Berriko LFI Frantzia Intsumisoak, PCF Frantziako Alderdi Komunistak eta Ekologistek aurkeztu zuten, PS Alderdi Sozialista gabe; Peio Dufauk eta Iñaki Etxanizek, baina, erabaki zuten zentsura mozioaren alde bozkatzea, nahiz Talde Sozialistaren parte diren Asanblea Nazionalean —Etxaniz, gainera, Alderdi Sozialistako diputatu da—.

Brisson kritiko mintzatu da haiei buruz: «Geroz eta erradikalago aritze horrek Frantzia Intsumisoaren posizioetara gehiago hurbiltzen ditu beren taldera baino, eta kezkagarria da. Arduragabeki bozkatu izanak nahasmen politikoa handitu baizik ez du egiten». Baina Peio Dufauk argi du zerendako bozkatu zuen zentsuraren alde, eta hiru arrazoi nagusiak zerrendatu zituen atzo, X sare sozialean: lehenik, haren irudiko, parlamenturako hauteskundeetan gehiengoak zer bozkatu zuen kontuan ez izan eta Manuel Valls, Elisabeth Borne, Gerald Darmanin eta Bruno Retailleau ministroen hautatzeak erakusten du «Frantziako gobernua iraganeko eskemetan blokeatua» dela; bigarrenik, erretreten erreforma ezeztatu nahi ez izatea salatu du, kontuan harturik «injustua» dela eta «biztanleriaren gehiengoa» haren aurka dela; eta, hirugarrenik, «aberastasunaren akumulazioa gutxi batzuen esku gelditzen» dela deritzo, murrizketak zerbitzu publikoetan, osasunean eta hezkuntzan egin gogo baitituzte. Horiek horrela, Bayrouren gobernuaren kontrako zentsura mozioaren alde egin zuen barda.

NFPren barneko bigarren alderdia da PS indarraren aldetik —66 eserleku ditu, eta Frantzia Intsumisoak, berriz, 71—, eta, orokorrean, ez du bat egin zentsura mozioarekin. Asanblean eztabaida hasi aurretik jakinarazi zuten beren erabakia. PS ez zen kontent Bayrouk iragarritako neurriekin, baina Bayrouk agindu zien pentsioen inguruan beste lege proiektu bat aurkeztuko dutela baldin eta eragile sozialek akordio orokorrik lortzen ez badute. Horixe eskatu zioten sozialistek, eta, hori aginduta, ezkerreko blokea zatitzea lortu du Bayrouk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.