Brigada Mugikorreko ofizialordea da etxean pistola lapurtu zioten ertzaina

Erkorekak EH Bilduri erantzun dio barne ikerketa bat dagoela ertzain horren erantzukizuna aztertzeko.

Ertzain batzuk, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE.
Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko unitate batzuk, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE
inaut matauko rada
2024ko urtarrilaren 9a
11:10
Entzun

Gutxinaka argitzen ari dira Barakaldon (Bizkaia) ertzain baten pistolarekin azaroaren 18an izandako kasuaren xehetasunak. Julen Arzuagak, EH Bilduko legebiltzarkideak, hainbat galdera formal egin zizkion Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari, eta haren erantzunak plazaratu ditu Arzuagak X-n duen kontuan.

Ustez gizon batek arma lapurtu zion ertzaina Brigada Mugikorreko ofizialordea da, Erkorekak adierazitakoaren arabera. Horrez gain, Arzuagari erantzun dio Barne Arazoetako Buruzagitza gertatutakoa ikertzen ari dela, ertzainak kasuan duen erantzukizuna zenbaterainokoa den aztertzeko.

Erkorekaren erantzun laburraz kexu da Arzuaga. Lehenik eta behin, EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du Erkorekak erantzun epea luzatu duela, nahiz eta, Arzuagaren arabera, sailburuak hasieratik jakin erantzuna. Horrez gain, Ertzaintzaren Brigada Mugikorra «arazo iturri» dela ere adierazi du.

Hainbat galdera egin zizkion Arzuagak Erkorekari; tartean, ea agenteak ez zuen mozal legea urratu: «Lapurreta egin dioten ertzainak armarekiko nahitaezko segurtasun edo arreta neurririk hartua zuen? Horrela ez bada, kode penalaren, kode deontologikoaren edo 4/2015 Herritarren Segurtasun Legearen —mozal legearen— kontrako egitatea da?». Bada, galdera horri ez dio erantzun Segurtasun sailburuak. Hala, Arzuagak iradoki du mozal legea Ertzaintzaren aurka joan daitekeela: «Martxa honetan, mozal legea, polizia tresna baino gehiago, Akilesen orpoa izango da haientzat».

Pistolaren lapurreta

Azaroaren 18ra egin behar da atzera kasuari buruz zer argitaratu den jakiteko, orduan hasi baitzen Ertzaintza pistola baten lapurreta ikertzen. Orduan Erkorekak Radio Euskadi irratian azaldu zuen azaroaren 18ko eguerdian gizon bat ertzain baten etxean sartu zela, eta barnean pistola bat zuen zorro bat lapurtu zuela. Ustezko lapurrak bere burua entregatu zuen.

Gizon hori Bilboko Deustuko polizia etxera joan zenean, baina, ez zuen lapurtutako pistola eraman; bortxazko lapurreta eta baimenik gabe armak izatea leporatu zioten. Handik gutxira aske utzi zuten epaiketa hasi arte, eta hor izan zen auziaren hurrengo koska, epaitegien eta Ertzaintzaren arteko gaizki-ulertu batengatik utzi baitzuten aske. Bilboko epaile dekanoak azaldu zuen epaitegiak ez zuela jaso arma lapurretaren inguruko atestatua.

Ostera, Ertzaintzak justiziaren bertsioa gezurtatu zuen, esanez akusatua aske utzi aurretik bidali zuela informazioa telematikoki. Antza, ustezko lapurrak, 19 urteko gizon batek, aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik. Ordutik hona ez da informazio gehiago zabaldu kasuari buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.