Brigada moreak, autodefentsa feministan bidelagun

Brigada moreetako kideak indarkeria matxistaren inguruan sentsibilizatzen ibiltzen dira, baita erasoak eragozten eta biktimei lehenbiziko arreta ematen ere. Bereziki besta giroan jarduten dute, emakumeendako ez baita eremu segurua oraindik.

Emakume talde bat zapi morearekin sanferminetan, artxiboko irudian. LANDER FERNANDEZ ARROYABE / FOKU
Emakume talde bat zapi morea jantzita sanferminetan, artxiboko irudi batean. LANDER FERNANDEZ ARROYABE / FOKU
2024ko abuztuaren 13a
05:00
Entzun

Brigada moreak autodefentsa feministaren tresna garrantzitsuenetako bat bihurtu dira, eta geroz eta presentzia handiagoa dute bestetan. Izan ere, gaur-gaurkoz gau giroa ez da eremu segurua emakumeendako. Horren adibide argia dira aurtengo bestak: Baionan hamahiru salaketa izan dira sexu erasoengatik, sanferminetan 24 eta Gasteizen 11 —hirietako mugimendu feministek adierazi dutenez—.

Herri bakoitzean brigadek tankera bat hartu arren, helburu bera dute denek: indarkeria matxistaren inguruan sentsibilizatzea, erasoak eragoztea eta biktimei lehenbiziko arreta ematea. Horretan buru-belarri dabil Baztango Iñarrosi gazte feministen taldea. Aurten hirugarrenez antolatu dituzte brigadak uda sasoirako. Aurretiazko trebakuntza bat jaso duten emakume eta sexu-disidente boluntarioek osatzen dute taldea, Iñarrosiko kide Cecilia Adinek azaldu duenez.  

Brigadan parte hartzeko, bi orduko bi formakuntza saio eskaini zituzten haranean: Miren Orozko gizarte langile eta generoaren adituak eman zituen. Protokoloa azaltzerakoan lau puntu nabarmendu ohi dituela azaldu du Orozkok: «Norberaren denborak kontuan hartzea, pausoak errespetatzea, aurretik ez epaitzea eta anonimotasuna zaintzea». 

Erasoa pairatu bezain fite laguntza edukitzea alde handia dela uste du Orozkok: «Psikologikoki hobe igarotzen dute prozesua hasiera-hasieratik babesa edukiz gero». Brigadako kideak lehenbiziko arreta horretan zentratzen dira, hain zuzen. «Emakumea besta girotik ateratzen dugu, eremu seguru baterat, eta hor gure laguntza eskaini eta eskurat dauden zerbitzu eta telefonoen berri ematen diogu», aditzerat eman du Adinek.  

«Biktimaren denborak kontuan hartu behar dira, haren pausoak errespetatu, aurretik ez epaitu eta anonimotasuna zaindu»

MIREN OROZKOGizarte langilea eta generoan aditua

Bortxaketa bat izanez gero, aldiz, arreta «hotzagoa» dela dio Adinek: «Ezin dugu emakumea ukitu, jaten edo edaten eman, laginak ez daitezen hondatu». Eta gaineratu du konortea galduz gero behartuak daudela 112rat deitzerat. Lehen, osasun etxerat joanez gero, medikua derrigortua zegoen salaketa paratzerat. Orain, aldiz, laginak gorde daitezke, emakumeak salaketa aitzinerago paratu nahi izanez gero. Aldaketa hau ontzat jo du Orozkok: «Salaketa abiatzea estres ikaragarria da; beraz, denborak errespetatu behar dira».

Azken urteetan emakumeak etxerat laguntzeko zerbitzuak abiatu dituzte zenbait herritan. Santurtzik (Bizkaia) bat egin zuen egitasmo horrekin, baina harrabots handia sortu zen, arreta emakumeengan paratzen baitzen. Horrelako neurriek «beldur sexuala» hauspotzen dutela ondorioztatu du Nerea Barjolak Bizkaian egindako ikerketa batean.

«Txikitatik barneratu ditugu beldurra baretzeko neurriak —etxera bidean kokalekua bidaltzea; komunerat binaka joatea…—, baina horiek ez dute indarkeria desagerrarazten, lasaitzeko balio dute bakarrik», adierazi du Iñarrosiko kideak. Gainera, salatu du mezu horien bidez errudun sentiarazten dituztela eta ardura haiei egozten zaiela. Bidea autodefentsa feminista dela gogoratu du: «Elkar zaindu behar dugu, gizonekiko menpekotasunik ez sortzeko eta gure autoritatea kolokan ez paratzeko». 

Arreta, ezezagunengan

Bertzalde, gizarteak, oro har, arreta ezezagunengan paratzen du. Aitzitik, erasotzaileen %80 hurbilekoak izan ohi dira. Atentzioa arrotzengan paratzeak, ordea, zaildu egiten du erasoa identifikatzea. «Ustez eremu seguruetan erasotzen digute, eta gure konfiantzarekin jokatu. Kasu hauetan zailagoa da erasoa identifikatzea, edo gehiago minimizatzen da; beraz, ikusezin bihurtzen da», esplikatu du Adinek.  

Gainera, landa eremuan gertatzen den fenomeno bat hauteman du Adinek: «Anitzek uste dute herrietan ez dela erasorik gertatzen, hirietako kontua dela». Izan ere, komunikabideek gizartetik at baleude bezala erakusten dituzte erasotzaileak: «Izugarrizko arrazismoa dago; erasotzaileak atzerritarrak direla uste denez, pentsaezina da erasotzaile euskaldun bat imajinatzea». Beraz, diskurtsoa aldatzeko beharra ikusten du: «Premiazkoa da gizarteari ulertaraztea gure herrian, lanean edo etxean ere erasotzen digutela».

Feminismoaren kontrako olatua

Indarkeria matxistaren inguruko kontzientzia handituz doan arren, azken urtetan kontraeraso «arriskutsu» bat sortzen ari dela sumatu du Orozkok, batik bat nerabeen artean. Adinek ere hori nabaritu du: «Ez dute batere lotsarik astakeriak botatzeko, inguruko konplizeen babesa dutelako». Horrez gain, feministen aurkako sentimendua ere areagotzen ari da zenbaitzuengan. Etengabe epaitzen dituzte, eta hori «nekagarria» dela dio Adinek. «Batzuek uste dute gizonak gorroto ditugula. Hori erraten didatenean konturatzen naiz ezjakintasunean oinarrituta solastatzen direla, eta ez dutela deus ulertu». 

«Elkar zaindu behar dugu, gizonekiko menpekotasunik ez sortzeko eta gure autoritatea kolokan ez paratzeko»

CECILIA ADINIñarrosi gazte feministen taldeko kidea

Brigada moreko kide izatearen arduraz hausnartu du Adinek: «Ez ginen kontziente lehenbiziko bilera egin arte, baina karga mental eta erantzukizun handia da». Hala ere, sareak sortzea arras garrantzitsua dela dio, eta gau giroan zapi moredun jendea ikusteak «sinbolikoki izugarrizko indarra» duela aitortu du. Iaz besoko morea eraman zuten, eta ez omen zen hain ikusgarria. Aurten, berriz, mezua argi eta garbi helarazi diezaiekete erasotzaileei: «Hemen gaude, antolatuta gaude, eta enteratuko gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.