Brent upela 82,23 dolarrera iritsi da, inoizko preziorik garestienera

Erredakzioa
2007ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Petrolioaren garestitzeak ez du etenik. Europan erreferentzia gisa erabiltzen den Brent upela 82,23 dolarretaraino iritsi zen atzoko saioan, eta Texaseko upela 86 dolarretaraino. Biek ala biek inoiz izan duten preziorik garestiena da, baina, itxura guztien arabera, ez da marka hausten duten azkeneko aldia izango, adituek garestitzeko gehiago iragarri baitituzte.

Petrolio falta sumatu dutenetik hasi da urre beltzaren prezioaren gorako bidea. Iragan astean,AEBetako energia departamenduak erregai hornikuntza jaitsi egin zela jakinarazi zuen aurrena. Handik egun gutxira, Nazioarteko Energia Agentziak esan zuen munduko herrialde industrializatuenen petrolio erreserbak murriztu egin direla. Eta LPEE Lurralde Petrolio-Esportatzaileen Erakundearen arabera petrolio eskaerak handitzen jarraituko duela berretsi du: datorren urtean %1,56 haziko omen da petrolio eskaria mundu osoan, eta, batez beste, eguneko 85,75 milioi upel beharko dira, LPEEren arabera.

Datu horiek eskuan, eta negua ate joka, nahiko petrolio egongo ez denaren beldurra nagusitu da, eta horrek nabarmen garestitu du urre beltzaren balioa. Horrekin batera, Turkia eta Irak iparraldeko kurduen arteko ika-mikak ere eragin du petrolio prezioaren igoera. Adituen arabera, Turkiak lurralde horiek militarki okupatzeko asmoa izan dezake, eta hori hala egiteak ekar ditzaken ondorio diplomatikoek beldurra eragin dute:Irakeko petrolio hornikuntza etetearen beldur dira merkatuetan.



AURREIKUSITA. Azken asteetan petrolioa izaten ari den garestitzeak ez ditu ezustean harrapatu adituak. Uda hasieratik ari ziren garestitzea iragartzen, eta EBK Europako Banku Zentralak bere azkeneko txostenean ere ohartarazi zuen, orain bi aste.

Jean Claude Trichet presidenteak esan zuen luze gabe petrolioa asko garestituko zenaren zantzuak bazituela, eta prezioen bilakaerari adi egon beharko zutela. Izan ere, petrolioren garestitzeak inflazioarengan izango duen eraginarekin kezkatuta dago EBZ. Petrolioa asko garestitzen bada, gainerako produktu guztiak ere asko garestituko dira, eta egoera horretan lanak izango ditu euroguneko inflazioak %2aren azpitik mantentzen -hori da EBZren helburua-. Horrek interes tasei zuzenean eragin dakioke, inflazioa mantentzeko tasak igotzea izan baita orain arte EBZren politika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.