Urte luzeko borrokak eman du fruitua: Seaskako ikasleek euskaraz egin ahal izango dute aurten brebetaren zientzietako azterketa. Hala iragarri du gaur Vicent Bru Frantziako Asanbleako diputatuak, sare sozialetan. Pap Ndiaye Hezkuntza ministroak hartutako erabakia txalotu du Burk, eta adierazi azterketa euskaraz egitea euskara hutsean eskaintzen den hezkuntzari «aitortza justua» egitea dela. Heldu den ekainaren 26an eta 27an izango da brebeta, eta orduan egin ahalko dute Seaskako ikasleek zientzietako froga euskaraz.
Orain arte, Seaskako ikasleek Matematikako eta Historia-Geografiako probak egin zitzaketen euskaraz; ez ordea, zientzietakoa. Hain justu ere, Seaskako ikasleen aldarrikapen historikoa da baxoa euskaraz egin ahal izatea. Brebetari dagokionez, 1994an lortu zen eskubide hori, eta urteetan euskaraz egin dituzte Matematikako eta Historia-Geografiako probak ikasleek. Baina 2016an kolegioetako erreforma egin zuen Frantziako Gobernuak, eta zientzia arloko gaiak gehitu zituen Brebetaren azterketara: Fisika-Kimika, Teknologia, eta Bizia eta Lur planetaren zientziak. Orduan sortu zen gatazka, horiek frantsesez egitera behartu baitzituzten ikasleak, nahiz eta euskaraz ikasi.
Seaskak pozez jaso du albistea. «Azkenean lortu dugu! Aurten Brebeta Euskaraz izanen dugu!», idatzi dute Twitterren. Hurrengo erronka baxoa euskaraz egin ahal izatea izango dela adierazi dute. Astelehenean elkarretaratze batera deitu dute Etxepare lizeoan, 13:30etan, Azterketak Euskaraz lelopean.
Brebetaren zientzietako azterketa euskaraz egin ahalko dute Seaskako ikasleek
Vicent Bru diputatuak eman du albistea sare sozialetan. Orain arte Matematiketako eta Historia-Geografiako azterketak egin zitzaketen euskaraz, baina ez zientzietakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu