Brebetako ariketen azalpenak euskaraz izatea onartu du Parisek

Hala baieztatu du Frantziako Hezkuntza ministro Nicole Belloubetek, EEPri igorritako gutun batean.

Seaskaren protesta bat, azterketak euskaraz izan daitezen. BERRIA
Seaskaren protesta bat, azterketak euskaraz izan daitezen. BERRIA
Ion Orzaiz.
2024ko apirilaren 19a
21:29
Entzun

Brebeta osoki euskaraz egin ahalko dute Ipar Euskal Herriko ikasleek: bai erantzun, bai azalpenak irakurri. Frantziako Gobernuko Hezkuntza ministroak, Nicole Belloubetek, onartu egin du Seaskak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak behin baino gehiagotan eginiko eskaera, eta ariketen azalpenak ere euskarara itzulita eskainiko dituzte. EEPko lehendakari Maider Beotegiri igorritako gutun batean eman du erabakiaren berri.

Urteetako borrokaren ondotik, iazko martxoan onartu zien Frantziako Hezkuntza Ministerioak brebetako zientzietako probak euskaraz erantzuteko eskubidea, eta aste batzuk geroago Bordeleko (Okzitania) errektoretzak bidalitako gutun batean baieztatu zieten brebetak dituen hiru probetan (Matematikak, Historia-Geografia eta Zientziak) ariketen azalpena euskarara itzulita eskuratuko zutela ikasleek. Hala egin zuten azterketa ekainean. Parisek, ordea, beste irizpide bat ezarri zuen aurtengo ikasturterako: Edouard Geffray eskola irakaskuntzako Frantziako zuzendari nagusiak adierazi zuen, 2024ko ekainean, brebetako probetan euskaraz erantzuten ahalko zutela ikasleek, baina ariketen azalpenak eta horiei erantsitako dokumentu guziak frantsesez izanen zirela. Ez soilik Zientzietako proban, Matematiketakoan eta Historia-Geografiakoan ere bai. Orain, irizpidea aldatu du Hezkuntza ministroak.

Belloubet ministroak argudiatu du brebetaren erreforma iragarri baino lehenagokoa dela azterketak euskaraz egiteko eskaera, eta hortaz, aurretik indarrean ziren irizpideei eutsiko dietela: ariketen azalpenak euskaraz emanen dituztela, alegia. «Berriz aztertu da gaia, auzi honek eragindako eskualde akademikoek helarazitakoaren argitan. Esparru berri horrek bultzaturik, erabaki dut 2024ko azterketaldirako indarraldia luzatzea eskualdeko hizkuntzen trataera irizpideei brebetako gaietan eta itzulpenetan, helburu izanik ebaluazio esparruaren egonkortasunari eustea egungo brebetaren azterketaldi honetan», adierazi du ministroak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.