Brebeta eta baxoa osoki euskaraz egitea ukatu diete

Seaskak deituta, 1.500 lagunek protesta egin dute, azterketak euskaraz egitea eskatzeko

Azterketak euskaraz pasatzearen alde egindako protesta, atzo, Baionan. BOB EDME.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Atzo goizean bildu ziren Bordeleko akademiako errektorea eta Seaskako ordezkariak, eta erantzun irmoa jaso zuten: orain arte bezala jarraituko dute, eta Ipar Euskal Herriko ikasleek ezingo dituzte brebeta eta baxoa osoki euskaraz pasatu. Peio Jorajuria Seaskaren lehendakariak erabakia gaitzetsi du: «Hori ez zen batere espero genuen erantzuna. Azken hilabeteetan Parisera joan gara behin baino gehiagotan, eta seinale positiboak ematen zituzten».

Azterketak gero eta hurbilago egon arren, Jorajuriaren hitzetan, oraindik badago denbora probak euskaraz egiteko antolatzeko: «Teknikoki ez dago arazorik, eskas den gauza bakarra nahikeria da: errektoreak ez du nahikeriarik; argi esan du goiz honetan [atzo] ez duela aitzinamendurik nahi».

Frantziako Hezkuntza Ministerioak Eskualdeko Hizkuntzen eta Kulturen Irakaskuntzari Buruzko Zirkularra publikatu zuen abenduan, eta baxoan irakasgai batzuk euskaraz pasatzeko aukera aipatu zuen. Errektoreak, ordea, ez du horrekin bat egin, Jorajuriak azaldu duenez: «Errektoreak dio interpretazio desberdin bat egiten duela eta horrek ez digula eskubiderik irekitzen».

Horrelako erantzuna jasota, ez daude geldirik egoteko, eta ikasleen eskubideak defendituko dituztela nabarmendu du: «Orain, Parisera begira arituko gara. Haurren eskubideen ukazio bat ez dugu uzten ahal errektorearen nahikeriaren eskuetan; beraz, gorago joanen gara, eta erantzunak lortuko ditugu, erantzun baikorrak».

Giza katea

Seaskako ikasleen aldarrikapen historikoa da azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea, eta atzo bertan ere horren aldeko protesta bat egin zuten Baionan. Hain zuzen ere, hainbat ikastolatako ikasleek eta kideek giza katea egin zuten geltokiaren eta suprefeturaren artean. Seaskak emandako datuen arabera, 1.500 lagun inguru batu ziren.

Azterketak euskaraz egiteko duten eskubidea eskatzearekin batera, hainbat irakaslek aste honetan jaso dituzten zigorrak ere gaitzetsi dituzte. Hala esan du Jorajuriak: «Aste honetan ukan dugun erantzun bakarra zigorra izan da. Hori onartezina da». Izan ere,den ekainean, hainbat irakaslek bat egin zuten ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko duten eskubidearekin, eta frantsesez egindako brebetako zientzietako azterketak zuzentzeari uko egin zioten. Orain, soldata zati bat kendu diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.