Bozka eskubidea eskatu zuten 25 lagunena epaiketa politikoa dela salatu dute

D3M legez kanpo utzi izana salatzeagatik hasi dira epaitzen 25 lagun, eta ia hiru urte arteko zigorrak eskatu dizkiete

Elkarretaratzea egin zuten atzo Egiako epaitegi aurrean (Donostia), auzi saioa hasi baino lehen. BERRIA.
Hodei Iruretagoiena
Donostia
2013ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Epaitegira sartu aurretik argi esan zuten auzipetuek: «Eskubideak aldarrikatzeagatik gaude hemen, eta hori egingo dugu gaur ere». Ez ziren bakarrik egon 2009ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen harira epaitzen ari diren 25 pertsonak; dozenaka lagunek adierazi zieten elkartasuna elkarretaratzean. Libre. Epaiketa politikorik ez hartu zuten esku artean, eta horixe aldarrikatu zuten auzipetuek epaiketan ere, kamiseta laranjarekin.

2009ko martxoaren 1ean —hauteskunde eguna zen— identifikatu zituen Ertzaintzak, eta haietako bi atxilotu. D3Mren hautagaitzak legez kanpo utzi zituen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta, Nerea Rekondo auzipetuak gogora ekarri zuenez, «aldarrikapen eta elkartasun egun gisa» hartu zuten egun hura askok. Ertzaintzak izandako jarrera salatu zuen, bozetan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu baino ez zutela egin defendatuz. Donostiako EH Bilduko kideak ere izan ziren bertan, eta salatu zuten «oinarrizko eskubideen aurkako eraso larriak» direla halako auziak.

Hala ere, hauteskunde delitua egotzi diete guztiei, eta haietako batzuei desobedientzia eta autoritatea iraintzea ere gaineratzea nahi du fiskalak. Ia hiru urte artekoak dira zigor eskaerak: bi urtekoa hamaika lagunentzat, bi urte eta bederatzi hilabetekoa beste bostentzat eta bi urtekoa edo sei hilabetekoa gainerakoentzat.

Euskaraz deklaratu zuten auzipetuek itzultzailearen laguntzarekin, eta euren abokatuen galderei bakarrik erantzun zieten. Urko Pikaza auzipetuak epailearen aurrean esan zuen «epaiketa politikoa» delako erabaki dutela hori. Abokatuek galdetu zieten ea D3Mren boto paperik egin edo erabili zuten, ea hauteslekuetan utzi zituzten, ea inori botoa ematea oztopatu zioten eta ea irainik edo erasorik egin zuten. Ezezkoa erantzun zuten auzipetu guztiek.

Astelehenean jarraituko du epaiketak fiskaltzaren lekukoen testigantzarekin. Defentsaren lekukoen txanda izango da asteartean, eta asteazkenean espero da aldeek ondorioak aurkeztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.