Hiru zerrenda eta helburu nagusi bat: herriko giroa baretzea eta ikastolaren auziari konponbidea ematea. Beskoitzeko herritarrak hauteslekuetara deituak dira gaur eta heldu den igandean, herriko kontseilu berria hautatzeko. Herrian ikastola berri bat eraikitzeko proiektuak sortutako gatazkaren ondorioz, gutxiengoan gelditu zen Fabienne Aiensa auzapeza martxoan, eta dimisioa aurkeztu zuen. Herriko bozak aitzinatu ditu Pirinio Atlantikoetako prefeturak, eta hiru zerrenda aurkeztu dira elkarren arteko lehian. Hirurek agertu dute ikastolaren auziari konponbidea emateko borondatea. Ikastolak berak ez du hauteskunde kanpainan parte hartuko, baina eratuko den herriko kontseilu berriarekin elkarlanean aritzeko prest agertu dira gurasoak.
Aiensa izan zen hautagai bakarra 2020an. Hark osatutako herriko kontseilutik erdia baizik ez da ageri hauteskunde zerrenda berrian. Fabienne Etxegarai izanen da zerrendaburua; orain arte, gazteria, euskara eta gizarte gaietarako ardura zuen bigarren auzapezordea izan da. «Jarraipen» zerrenda modura aurkeztu du gidatuko duen taldea, 2020an adostu zuten programa politikoa bururaino eramateko asmoa baitute, baina argi utzi du: «Ez naiz Fabienne Aiensa». Kritiko agertu da auzapez ohiak ikastolaren auzia kudeatu zuen moduarekin, baina ikastolako gurasoei ere egin die kritika, bi aldeak parez pare jarrita. Zerrendan aurkeztuko diren guziek ikastolari hitzarmena luzatzearen alde bozkatu zuten martxoan, Etxegarairen hitzetan. «Arrazoizko konponbide bat aurkitu behar da, denek adostua eta legezkoa».
Bi oposizio
Aiensaren oinordekoek bi oposizio izanen dituzte. Lehena Pascal Jocouk eramanen du. Ez da izen ezezaguna Beskoitzen, lehenago ere izan baitzen herriko etxeko hautetsi, Pierre Diratxeten agintaldian lehenik, eta Aiensarenean ondotik. Hazparneko herri elkargoko lehendakari ere izan zen urte batzuetan. Baina, 2019an, herriko etxean dimisioa ematea erabaki zuen, Aiensa auzapezarekin «lan harreman biziki zailak» baitzituen. Ikastolako gurasoak integratu ditu zerrendan.
Hirugarren hautagaia Haritza Camblong izanen da; ikastolako gurasoa da. Hainbat euskaltzalek eta abertzalek bultzatua izanik ere «zerrenda zabala» osatu dutela erran du, «askotariko herritarrekin». Ikastolaren auzia konpontzeaz gain, euskararen aldeko hizkuntza politika baten oinarriak ezartzeko beharra aipatu du.
Bestelako gaiak ere izan dituzte hizpide kanpainan zehar, hala nola hirigintza arlokoak. 160 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du AHE antolamendu hitzartuko eremu proiektuak, eta hura kritikatu dute Jocouk eta Camblongek. Herriko elkarteekin eta eragileekin harremana hobetzeko beharra ere aipatu dute.