Podemosek Sumarren talde parlamentarioa utzi du Espainiako Kongresuan, eta, aurrerantzean, talde mixtoan ariko dira talde moreko bost diputatuak. Ikusteko dago Sumarren eta Podemosen arteko dibortzio horrek zer-nolako eraginak izango dituen Hego Euskal Herrian, baina Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak badatoz, eta Lander Martinez Sumarreko euskal diputatuak gizarteratu du hark zer nahiko lukeen: «Koalizio handi bat»; alegia, hautagai bakar bat Elkarrekin Podemos-IU eta Sumarren espazio politikoan.
Martinezek «herritarrek uztailean eskatutakoari» erantzuteko nahi du hautagaitza bakar hori Elkarrekin Podemos-IUren eta Sumarren artean. Euskadi Irratia-n esan duenez, Podemosek Sumarren taldea uzteko hartu duen erabakiaren ondoren, moreek ikusi beharko dute «non» kokatuko diren, «koalizio gobernuaren aldean ala eskuin eta eskuin muturraren aldean». Haren ustez, Espainiako Gobernua «babesteko» lana egin behar da, eta talde mixtora joan diren bost diputatuek «badakite Sumarren zerrendan daudela». Beren boto emaileek eskatutakoa «betetzeko» esan die Martinezek Podemoseko diputatuei.
2024ko euskal hauteskundeei begira lanean ari dira Elkarrekin Podemos-IUn aspaldian, eta Sumar alderdi gisa eratu da berriki, Araban, Bizkaian eta Nafarroan. Elkarrekin markak bildu dituen ezkerreko taldeen espazioan Sumar nola sartu aztertzen ari dira eragileak azken asteetan. Ikusteko dago Podemosek Sumar uzteko hartu berri duen erabakiak nola eragingo duen prozesu horretan, baina Martinezek jadanik gizarteratu ditu Sumarren nahiak: «koalizio handi bat».