Bozetarako eskaintza berria Hegoalde osora hedatzeko eskatu dute

Nafarroan eratutako subjektu politiko berria zabaltzeko asmoa dauka Ezker Soberanista Eraikitzen taldeak

Ezker Soberanista Eraikitzen plataformako kideak, atzo, Donostian egindako agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Aurreko larunbatean Lizarran (Nafarroa) Remontibal pilotalekuan aurkezturiko proiektu politiko berria Hego Euskal Herri guztira zabaltzeko egitasmoa aurkeztu du Ezker Soberanista Eraikitzen ekimenak. Indar subiranisten metaketa Araba, Bizkai eta Gipuzkoara hedatuta, aurreko astean egindako urrats eraldatzaileari bultzada bat ematea erabaki dute. Herritarron Garaiarekin batera bultzaturiko ekimen bat da. Halere, azken hori Nafarroan sorturiko egitasmoa izaki, ez du zabaltze prozesuan parte hartuko; behinik behin, tramitazio guztiak lotu arte. Hargatik, Ezker Soberanista Eraikitzen izan zen atzoko agerraldiko eragile bakarra.

Ipar Euskal Herrian ezkerreko abertzaletasuna biltzen duen Euskal Herria Bai koalizioa egonkortzen ari dela ikusita, Nafarroako ekimena Hegoaldeko lau lurraldeetara zabaltzeko lagundu dezaketela uste du Ezker Soberanista Eraikitzen taldeak, Patxi Azparrenek adierazi bezala. Horregatik, joan den asteartean Eusko Alkartasunak eta Alternatibak hauteskundeei begira irekitako bidea ontzat jo dute. Azparrenek esandakoaren arabera, herritar gisa hurbilduko dira ezkerreko independentismoa osatzen duten alderdi politikoetara, «gure hausnarketaren berri emateko eta zer-nolako aukerak dauden jakiteko».

Hauteskundeak ate-joka izateak akordio lanak zailtzen dituen arren, maiatzeko hauteskundeetarako «eskaintza sendoa» edukitzeko itxaropena dute. Haien ustez, eskaintza berriak «errotik» aldatuko du egoera. «Ziklo berria zabalduko du, eta ziklo zaharrari behin betiko bukaera eman».

Ekimena aurrera ateratzeko, baina, herritarren parte hartze aktiboa beharrezkoa dela uste du Azparrenek. Horregatik, [email protected] helbide elektronikoa sortu dute lagundu nahi duen orok bere datuak eman ditzan. Hala, izena ematen dutenek informazioa jasotzeko zein beren ekarpena egiteko aukera izango dute. «Indar metaketa erraldoia egin behar da, parte hartzeko aukerak zabaldu behar ditugu, herri guztietan mugimendu erraldoia egin, eta horren guztiaren bitartez ongi etorria eman Euskal Herri askea ekarriko digun garaiari».

Bestelako eredu baten bila

Euskal Herrian gertatzen ari den aldaketa testuinguru baten barruan ikusten du Azparrenek. Azken hamarkadetan nagusitu den eredua krisian dagoela pentsatzen du. XIX. mendeko estatu-nazioen egiturak dagoeneko duela gehiago ematen azaldu zuen, eta sistema autonomikoak ez dituela gogobetetzen Europako estaturik gabeko nazioen interesak. «Nazio horiek errepublika burujabeak izatea eskatzen dute».

Gatazkak bide demokratikoen bitartez konpontzeko beharra «inoiz baino argiagoa» dela pentsatzen du era berean. Hala, Gernikako Akordioak irekitako ibilbide orriaren garrantzia nabarmendu du. Aurretik urrats garrantzitsuak egon diren arren, Gernikakoak berebiziko garrantzia izan du, Azparrenen iritziz, eta jarraitu beharreko bidea marraztu du.

Gaur egun nagusi den «neoliberalismoaren eredu jasangaitza» kritikatu dute Ezker Soberanista Eraikitzeneko kideek, eta gizartean bestelako eredu bat gauzatzeko gaitasuna badagoela ziurtatu. Beste eredu sozioekonomiko, kultural eta ekologiko bat garatzea posible dela uste dute. Horregatik, «indar ezkertiar eta abertzaleek Euskal Herrian epe laburrean ardura eta erabakiak hartzeko momentua» iritsi dela uste dute, eta bide horretan hastea erabaki dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.