Bozetara aurkezteko debekua beste 38 urte luzatu diote Gabi Mouescari

Hamar urtean inhabilitatuta egon eta gero, Senatuko bozetara aurkeztekoa zen, baina orain ezin izango du

Gabi Mouesca eta Terexa Halsouet, hautagaitza aurkezteko emandako prentsaurrekoan. GAIZKA IROZ.
Erredakzioa
Baiona
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Hamar urtean bozkatua izateko eta botoa emateko eskubidea urratua izan ostean, beste 38 urte luzatu diote inhabilitazioa Gabi Mouescari. Irailaren 25ean egitekoak diren Frantziako Senaturako bozetara Europe Ecologieren zerrendan aurkeztu behar zuen IK-ko preso ohiak, independente gisa, baina, debekuaren ostean, erretiratu egin du bere hautagaitza. Nolanahi ere, «militante izateko mila manera» daudela ohartarazi du Mouescak berak, eta lanean jarraituko duela azpimarratu du, ezkerreko indarrekin eta indar abertzaleekin elkarlanean.

Mouescak 17 urte egin zituen preso, eta uztailaren 10ean amaitzen zitzaion hautatua izateko eta botoa emateko eskubidearen debekua, legeak jasotzen dituen hamar urtetako inhabilitazioa bete ostean. Atzo eskutitz bat jaso zuen Paristik, esanez ezin duela Senatura aurkeztu, 2032. urtera arte ezin duelako hautagai izan. Lege zaharrago bat aplikatu diote, eta 48 urteko espetxe zigorra zenez inhabilitazioak ere 48 urtekoa behar duela esan diote. Beraz, 71 urte bete arte ezingo da aurkeztu.

Frantzian ez dagoela demokraziarik salatu du Mouescak. Herritarrek, «eta batik bat gazteek», politikari bizkar ematen diotela ekarri du gogora, eta hori «normala» iruditzen zaiola gaineratu du, «etsenplua eman behar duten politikariek ez dutelako etsenplu onik ematen».

Bere ordezko aurkeztu behar zuen Terexa Halsouetekin hitz egin zuen Mouescak Parisko eskutitza jaso ostean, eta, helegitea jartzeko astirik ez dagoela ikusita, bere hautagaitza erretiratzea erabaki du Mouescak.

Gertatutakoaren berri emateko, hautetsi guztiei eskutitz bat igorri die Mouescak, Europe Ecologieren zerrendan aurkeztu behar zuen abertzaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.