Bozen garrantzia nabarmendu dute alderdiek, EBren erabakien eragina gogoan

Hauteskunde kanpainiari ekin diote alderdiek, eta askotariko gaiak jorratu dituzte lehen eguneko ekitaldietan: zibersegurtasuna, turismoa, Urdaibaiko Guggenheim...

Oihane Agirregoitia, gaur goizeko ekitaldian. EAJ
Oihane Agirregoitia, gaur goizeko ekitaldian. EAJ
Iosu Alberdi.
2024ko maiatzaren 24a
13:20
Entzun

Ofizialki gaur hasi da Europako Parlamenturako hauteskundeetarako kanpaina Hego Euskal Herrian, eta alderdiak hasiak dira euren mezuak zabaltzen. Kanpainaurrean azaleratu den moduan, eskuin muturraren gorakada eta horrek Europako Batasunaren etorkizunean izango duen eragina dira alderdien ekitaldietan behin eta berriz errepikatu diren gaiak. Halere, batzuek eta besteek bestelako gai batzuei heltzeko ere baliatu dute ostiral goiza. Esaterako, zibersegurtasuna izan du hizpide EAJk, Euskal Herriaren nazio izaeraren defentsa EH Bilduk, turismo eredua eta fiskalitatea Sumarrek, eta Urdaibaiko Guggenheim Podemosek. Finean, denek agerian utzi nahi izan dute europarlamenturako bozen garrantzia, EB Europako Batasunean hartzen diren erabakiek herritarrengan duten eragina nabarmenduz. 

EAJ

EAJren hautagai eta CEUS koalizioaren zerrendaburu Oihane Agirregoitiak Euskal Zibersegurtasunaren Agentziaren egoitzaren aurrean egin du eguneko lehen ekitaldia, Gasteizen. Hain zuzen, zibersegurtasuna izan da agerraldiko hizpide nagusia. Europarlamenturako hautagaiak zehaztu du zibersegurtasun arloan «Euskadi aitzindari, erreferente eta eredu» izatea dutela xede, eta argudiatu du horretarako bailabide eta azpiegiturak badituela, «ekintzailetzarako eta zerbitzuak emateko ziberespazio seguru bat lortzeko, mehatxuen kontra blindatua eta datuen babesaren arloko Europako estandar zorrotzak errespetatuko dituena». Hain zuzen, uste du hori ezinbestekoa dela digitalizazioaren bideari heltzeko, eta baliagarria «kalitatezko enplegua» sortzeko. 

Aurrez, Onda Vasca irrati katean egindako elkarrizketan, Agirregoitiak azaldu du EB «garai kritiko batean» dagoela, brexit-aren osteko aroak, pandemiaren ondorioak eta gerra testuinguruak markatuta. Eta gaineratu du «eskuin muturreko talde erradikalak» abagunea baliatzen ari direla. Haiei «balazta» jarri beharra nabarmendu du, argudiatuta horien gorakadak «atzerakada bat» eragin dezakeela «Euskadirentzat oinarrizkoak» diren aferetan: «Europako Parlamentuan onartzen den legediaren %80 inguruk eragin zuzena du Euskadin».

Iruñean, berriz, CEUSeko zerrendakide Amaia Arrizabalagak (Geroa Bai) industria izan du hizpide, eta arlo horretan «protekzionismoa eta dinamismoa» sustatu beharra nabarmendu du, «hazten ari diren kanpoko mehatxuen kontra». Besteak beste, defendatu du EBk «potentzial handia» duela ibilgailu elektrikoen eta energia berriztagarrian arloan lidergoa eskuratzeko, eta bide horretatik «etorkizun jasangarri bat» ezartzeko. Hain zuzen, argudiatu du bi arlo horiek estrategikoak direla Nafarroarentzat, eta horregatik asko dagoela jokoan bozetan: «Gure kontinentea jasangarriago egiteko politikekin bat egiten duten ordezkariak izatea dago jokoan».

(ID_17165513137445) EH BILDU
EH Bilduk gaur goizean egindako ekitaldia, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU

EH Bildu

«Euskal nazioaren hiriburuan» hasi du EH Bilduk kanpainako lehen eguna, Iruñeko Foruen monumentuaren aurrean, hain zuzen. Nahita hasi ere. Izan ere, EH Bilduko kide eta Orain Errepublikak zerrendako bigarren Pernando Barrenak Euskal Herriaren naziotasunean eta «bere etorkizuna erabakitzeko eskubidean» indar eginez hasi du mintzaldia: «Inoiz baino beharrezkoagoa da Europako nazioen eskubideak eta subiranotasuna defendatzea».

Barrenaren esanetan, euskal herritarrengan eragina duten gero eta erabaki gehiago hartzen dira EBn, eta, ondorioz, beharrezkoa da euskal erakundeak eta herritarrak erabakigune horietan ordezkatuak egotea: «Euskal gizartea Europako erakundeetan ordezkatua egotea landu eta bultzatuko dugu, herri honetako jendartearen eskubideak eta interesak babesteko». 

EH Bilduko kideak azaldu duenez, horrek lotura zuzena du «Europako Batasunaren sorrera balioekin»; hau da, «demokraziarekin eta bakearekin». Era berean, uste du balio horietan sakontzea dela oinarria eskuin muturraren hazkundeak eragindako «arriskuei» erantzuteko, herritarren oinarrizko eskubideei dagokienez esaterako. «Balio demokratiko eta bakezaleen gainean soilik lortuko dugu europarren eta euskal herritarren ongizatea eta bizi baldintzak zaintzea». 

NATO ere izan du hizpide Barrenak; zehazki, erakunde hark Bardean egiten dituen maniobra militarrak. Gogoratu du euskal herritarrek Espainiako Estatua erakunde NATOn sartzearen kontra bozkatu zutela 1986an egindako erreferendumean, eta orain ere balio bakezaleak defendatzen dituztela: «Ziur gaude hauteskunde hauetan ere euskal herritarrek ezberdin bozkatuko dutela, Espainiako eta Frantziako estatuetakoekin alderatuta».

Idoia Mendia, gaur goizean, Gasteizen egindako ekimenean, AMAYA DIAZ-EMPARANZA
Idoia Mendia, gaur goizean, Gasteizen egindako ekimenean, AMAYA DIAZ-EMPARANZA

PSOE

PSOEren zerrendako hamargarrena da Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde ohia, eta hark hartu du hitza gaur goizean PSE-EEk Gasteizen egindako ekitaldian. Bezperan egin bezala, PPren eta Voxen arteko aliantzak izan ditu hizpide, eta «Europako Voxi» ateak ireki izana leporatu dio Alderdi Popularrari: «Badakigu ez dutela sinesten Europan, ez dutela sinesten europar proiektuan». Hala, azaldu du bozetan jokoan dagoena «Europa solidario, feminista eta berdea» dela, «giza eskubideen eta bakearen alde borroka egiten duen Europa». Hala, Espainiako Gobernuaren eredua EBn zabaltzearen alde egin du, enpleguaren eta «berrindustrializazio berdearen» bidetik, eta «ongizate maila mantentzeko» xedez.

Bide beretik, SER irrati kateak antolatutako foro batean, PSNko kide eta Espainiako Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministro Elma Saizek gogor kritikatu du PPk bidea ireki izana Italiako gobernuburu eta Italiako Anaiak eskuin muturreko alderdiko buru Georgia Melonirekin akordioak egiteari: «Europa babesteko eta indartsuago egiteko kontsentsu oro hausten du, eta atzerapena dakar eskubideetan». Izatez, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente eta Europako Alderdi Popularraren hautagaiak ireki zuen lehenik bidea eskuin muturrarekin akordio bat ixteko, eta PPko presidente Alberto Nuñez Feijook berdin egin du. Hala, Saizek adierazi du asko dagoela jokoan bozetan.

Sumarrek Bilbon egin du eguneko ekitaldietako bat. SUMAR
Sumarrek Bilbon egin du eguneko ekitaldietako bat. SUMAR

Sumar

Carlos Guzman Sumarreko zerrendakideak, berriz, europarlamentuak herritarren egunerokoan duen garrantzia nabarmendu du goizeko agerraldian, eta adibidetzat jarri du ganbera hark onartu berri duen diziplina fiskalari buruzko araudia ─defizita eta zor publikoa mugatzen ditu─: «Kalte egingo die Nafarroako Gobernuaren hurrengo aurrekontuei, pandemia aurreko murrizketa testuingurura itzuliko baikara, eta horrek zuzenean eragingo du gure erkidegoko politika sozialetan». Eta gogoratu du hura alderdi sozialistaren, PPren eta eskuin muturraren botoekin onartu zela.

Andeka Larrea zerrendakideak turismo eredua izan du hizpide, Bilbon, uste baitu egungoa «masiboa» eta «neurririk gabea» dela. Sumarreko kideak adierazi du turismoarena EBren agendan dauden gaietako bat dela, eta gogoratu du badela aferari arlo ekonomikotik zein sozialetik heltzeko agenda bat martxan, baina euskal erakundeek ez dituztela kontuan hartzen turismoak hirietan eta euskal kostaldean duen eragina; besteak beste, ekologikoak zein azpiegituretan dutena. Hori ikusirik, etxebizitza turistikoei muga jartzea eta turismo tasa bat ezartzea defendatu du. «Europaren esparrura lotuz, hausnartu behar dugu zer-nolako turismo eredua nahi dugun Euskadin». 

Podemoseko kideak Urdaibaiko biosfera erreserban, gaur goizean. PODEMOS
Podemoseko kideak Urdaibaiko biosfera erreserban, gaur goizean. PODEMOS

Podemos

Podemosen zerrendaburu Irene Montero Euskal Herrian izan da gaur, Urdaibaiko biosfera erreserbako Murueta ontziolan zehazki: «Hemen gaude leku hau defendatzen ari diren bizilagunei eta erakundeei babesa adierazteko. Euskal eskuinak, eta sozialistak isilik daude, eremu honi kalte egitea defendatzen du». Halere, Espainiako Berdintasun ministro ohiaren diskurtsoa eskuin muturrak eta gerrak baldintzatu dute. Zehazki, ez da fio PSOEk zer erabakiko ote duen. Hala, Teresa Ribera PSOEren zerrendaburua izan du hizpide, eta adierazi Alderdi Sozialista prest egon daitekeela Melonirekin akordioak egiteko, eskuin muturrari EBko «aginte gunean» sartzeko bidea emanez. 

Podemosen hautagaiaren esanetan, gerra testuingurua ezin da horretarako aitzakia bat izan: «Bakearen aldeko apustu argi bat egiteko garaia da». Izan ere, uste du hori dela eskuin muturra geratzeko modu bakarra, «bakearen eta eskubide gehiagoren» alde egintea. Hala, Monterok gogoratu du Euskal Herriak «lezio demokratiko bat» eman zuela 1986an, NATOren aurka eginez, eta euskal herritarrei dei egin die ekainaren 9an ere «bakea, giza eskubideak eta Palestinako genozidioaren bukaera» defendatzeko.

PP

Gasteizen egindako ekitaldian, Carlos Iturgaiz PPren zerrendako kideak Espainiako Gobernuaren migrazio politikak jarri ditu jomugan, eta neurri gogorragoak proposatu ditu «legez kanpoko migrazioaren» aurka, hori delakoan EBren erronka nagusietako bat: «Mugak ezin dira iragazkorrak izan». Era berean, adierazi du «legez kanpo» Espainiako Estatuko lurretara sartzen direnak «kanporatu» beharra dagoela, eta neurriak hartu behar direla migratzaileen jatorriko herrialdeekin akordioak egin eta «mafiei» jazartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.