Ehun mugimenduko kidea

Unai Apaolaza: «Botoetan igotzea ez da independentismoa indartzea ezinbestean»

Konfrontazioa eta 'statu quo'-aren haustura defendatzen ditu Ehun mugimenduak, Euskal Errepublika lortzeko bide gisa, «legala ez den zerbait».

Unai Apaolaza, Ehun mugimenduko kidea. XABIER MARTIN
Unai Apaolaza, Ehun mugimenduko kidea. XABIER MARTIN
xabier martin
Donostia
2024ko ekainaren 4a
05:00
Entzun

Unai Apaolaza (Donostia, 1973) Ehuneko kidea pozik azaldu da Plentziako Udalak (Bizkaia) bere burua Euskal Errepublikaren kide gisa aitortu duelako. Ehun mugimendua hainbat mozio bultzatzen ari da, eta horietako bat izan da Plentziakoa. Apaolazak espero du luze gabe haren pareko gehiago iritsiko direla.

Zein da Ehun mugimenduaren analisia Plentziako deklarazioaren harira?

Historikoa da: lehen aldiz aldebakarreko independentzia deklarazioa egin da. Orain artekoak ez dira horrela izan, ez 1931n eta ez 1989an, zenbait udalerri euskal errepublikaren alde azaldu zirenean. Kataluniako DUI [Aldebakarreko Independentzia Deklarazioa] baten antzera, ordea, estreinakoa da Plentziakoa. Garrantzi sinboliko handia dauka.

Sinbolismotik harago, Ehunek zer proposatzen du Plentzia edo beste edozein udalerri Euskal Errepublika baten benetako kide izan daitezen?

Argi dago soilik deklarazio horrekin Plentzia ez dela izango Euskal Errepublikako kide, baina lehena da beste udalerri askok urrats bera egin dezaten. Independentismoa indartzea eta zabaltzea da gure xedea. Deklarazio horiek bidea dira independentismoa aktibatzeko. Eta berritasuna dute errepublikaren beharra justifikatzen dela egunero eragiten diguten gaiei helduz, batez ere; Plentziaren kasuan, etxebizitzaren auzia dago, udatiarren herria baita, eta, gainera, Espainiako Itsasertzeko Legepean bizi da, arazo ugarirekin. Ez gara nortasunean jartzen ari fokua, eta ez gaude horren aurka, baina independentismoak hasi behar du justifikatzen egunerokotasunari helduz.

Hauteskunde ziklo luze baten amaieran gaude, eta kanpainetan ikusi da burujabetza ez dela eztabaidagaien artean lehen-lehena. Ez du ematen testuinguru politikoa lagungarria zaionik Euskal Errepublika lortzeko saioari.

Ados nago. Ez bada independentzia aipatzen, ez da giroa sortzen. Talkaren bila jo behar da eztabaidan, gaia erdigunean jartzeko. Guk zabaldu nahi dugun bideak horretara eramango luke; alegia, aurrena bat, gero lau, gero zazpi udalerrik egiten badute DUI bat, horrek eztabaida ekarriko luke: Errepublika zergatik, zertarako, nola... Baina gaur egun ez dago eztabaidarik beren burua independentistatzat duten alderdiek ere ez dutelako nahi. Esaten dute ez gaudela fase horretan, baina faseak sortu egiten dira.

EH Bildu asko hazi da, bere mugak abertzaletasunetik harago zabalduz, politologo askoren aburuz. Zer iritzi du Ehunek aldagai horretaz?

Alderdi independentistak beharrezkoak dira, erakundeen boterea ere hartu behar baita Euskal Errepublika lortzeko. Baina bitartekoak eta helburuak nahasten ari gara. Alderdiak bitartekoak dira independentistak sortzeko eta jendartea erradikalizatzeko, guk statu quo-aren aldaketa eskatzen baitugu, legala ez den zerbait. Botoetan gora egitea jartzen badugu helburu gisa, aldatu nahi dugun ildora gerturatzen gara, eta gurpil zoro batera garamatza horrek: botoetan igo nahian, aldatu nahi dugun ildora goaz. Inkestei begiratzen badiegu, ordea, independentzia nahia behera doa. Zergatik? Ez dagoelako martxan prozesu independentista bat.

«Bide sinesgarri bat sortu behar du independentismoak, aldebakartasuna lehenetsiko duen bidea; Orain esaten ari gara oinarriek sinesten ez duten zerbait: Espainiak onartuko digula autodeterminazio eskubidea. Horrek desilusioa dakar».

Ez al zaio lagungarria independentziari alderdi independentistek gora egitea botoetan?

Alderdi independentisten oinarrizko akatsa da uste hori: botoetan igotzeak ez du esan nahi independentismoa indartzen  dela ezinbestean. Har dezakezu bide bat aldatu nahi duzun hori hurbilduz botoetan gora egiteko, eta lortuko duzu beharbada igoera, baina gero behera egingo duzu berriro; adibideak badira. Eta bide horrekin ez duzu independentismoa indartzen. Hori bidezidorra da, orain balio duena, baina, agian, lau urte barru ez.

Ez du erraza ematen legeak hausteko estrategia defendatzeak Kataluniako prozesuaren bilakaera ikusita.

Hemengo eragile gehienek Katalunian gertatutakoaz egiten duten irakurketa da hemen egin nahi dutena justifikatzen lagunduko diena. Aldebikotasunean ibili nahi duenak esango du aldebakartasunak huts egin duela. Alderdien esku uzten bada agenda eta erritmoa, prozesuak galdu egingo du bai erritmoa, bai edukia. Herritar antolatuek agenda bizkortzen eta aberasten dute prozesu independentista batean. Katalunian alderdiek bereganatu dute protagonismoa, eta horrek prozesua galbidean jarri du, oinarrietara desilusio eramanda. Instituzionalismo hutsa ez da sinesgarria statu quo-aren aldaketa baterako. Herritarrek eta erakundeek batera joan behar dugu, eta bide hori da Plentziakoak islatzen duena.

Gure Esku aspaldian ari da erabakitzeko eskubidearen alde. Zuek Euskal Errepublikaren alde zabiltzate. Bateragarriak al dira mugimendu biak?

Bai, oso harreman ona dugu haiekin. Guk hutsik zegoen esparru bat betetzera iritsi ginen 2018an. Hutsik zegoen diskurtso aldetik eta helburu aldetik. Gu errepublikanoak gara, eskubideak denentzat nahi ditugulako. Uste dugu hori dela estatu modurik onena.

«Argi eta garbi: ez dugu ezer espero [Estatus berriaren eztabaidaz]. Hortik ez dator ezer. Ez baitu independentismoa aktibatzen, ez baitu ilusiorik sortzen, eta iruzur batean baitu oinarria: Espainiako Estatuak ez du sekula autodeterminazio eskubidea onartuko».

Zer espero duzue Eusko Legebiltzarrean zabaltzekoa den estatus berriaren eztabaidaz?

Argi eta garbi: ez dugu ezer espero. Hortik ez dator ezer. Ez baitu independentismoa aktibatzen, ez baitu ilusiorik sortzen eta iruzur batean baitu oinarria: Espainiako Estatuak ez du sekula autodeterminazio eskubiderik onartuko; eta hori onartu behar dugu eta pantaila aldatu. Zertarako? Beste bide batzuetan pentsatzen hasteko. Inora ez doan bide horretan jarraitzen badugu, jendeak paso egingo baitu. Espainian eta Frantzian ez dago zer eginik; hori lehenbailehen onartu behar da, eta hankak beste orube batean jarri.

Zer orubetan, ordea? Kataluniako ispiluaren isla gertu dago oraindik.

Bide sinesgarri bat sortu behar du independentismoak, eta hori aldebakartasuna lehenesten duen bidea da. Ez du zertan baztertu aldebikotasuna, baina lehentasunak jarri behar ditu. Orain esaten ari gara oinarriek sinesten ez duten zerbait: Espainiak onartuko digula autodeterminazio eskubidea. Horrek desilusioa dakar, oinarriek bai baitakite gezurra dela. Konfrontaziorako kontakizun erreal bat eraiki behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.