BOTOAREN SEKRETUAK

Azkenaldian, ugaritu egin dira emaitzak aurreikustean porrot egin duten inkestak, eta hainbat aditu esaten ari da boto-emaileei buruz joera berriak ari direla azaltzen azterketa soziologikoetan. Herritarren botoa jadanik ez da inoren jabetza: herritarrena berena bakarrik.

jokin sagarzazu
2016ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Botoak lortzeko formulak gehiago daukala alkimiatik gizarte zientzietatik baino; hala dirudi azkenaldian. Solidoa, likidoa edo gaseosoa: halakoa omen da herritarren hautua. Udazkenean egingo dira Eusko Legebiltzarrerako bozak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; aurreikusitakoak betez gero, ehun egun eskas. Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen uztaileko Soziometroaren datuak aztertzeko, hiru aditurekin izan da BERRIA: Asier Blas EHU Euskal Herriko Unibertsitateko politologoa, Asier Etxenike Aztiker ikerguneko soziologoa eta Txema Ramirez de la Piscina EHUko Komunikazio katedraduna. Hirurak bat datoz: aldaketa garaian dago euskal politika, eta hautesleetan islatzen da hori.

Datu bat, abiapuntu gisa: Espainiako hauteskundeetan Ahal Dugu-ri botoa emanikoen %21ek, PSE-EEri emanikoen %34k eta PPri emanikoen %50ek nahi dute EAJk irabaztea EAEko bozak. Hiru adituen arabera, aldea egongo da Espaniako bozetako eta EAEko emaitzen artean; oro har, EAJren mesedetan eta Ahal Dugu-ren kaltetan. Txema Ramirez de la Piscinarentzat, datu horrek erakusten du askorentzat «esperientziaren eta egonkortasunaren botoa» dela EAJrena; era berean, boto-emaile askok «txarrik onena» aukeratzen dutela, zalantza handiak dituztelako edota alderdi bat bera ere guztiz gustukoa ez dutelako. «Eta hor ere EAJ da ongien kokatuta dagoena». Baina ez soilik. Lehia horretan alderdi berri bat sartu da: Ahal Dugu. «Modako eskaintza da. Erosoa. Ez zaitu behartzen espainiar edo euskalduna zaren hautatzera». Bat dator horrekin Blas: «Ez da abertzalea, baina erabakitze eskubidearen alde dago, eta horrek zentratu egiten du».

Ez du erraza izango, halere. Etxenikek uste du Soziometroak erakusten duen joerak Ahal Dugu-ri egingo diola kalteri handiena. Gogoratu du haren boto-emaileen %40k zalantzaz edo «txarrenen artean» aukerarik onena zelakoan eman ziotela botoa Espainiako bozetan. Zifra hori hautesleen leialtasuna mantentzeko zailtasunen adierazle dela dio. «Jakin dute haiekin modu trinkoan identifikatzen ez den jende askoren interesak ordezkatzen. Baina, autonomikoetan, joko zelaia eta haren euskarriak zeharo ezberdinak izango dira».

Horren harira, hainbaten ahotan dabilen «boto likidoaz» mintzatu da Blas. EHUko irakasleak adierazi du alderdi guztiei eragiten diela horrek. Dena den, uste du EAJk oraindik ere «fideltasun handia» duela. Aldiz, azpimarratu du EH Bilduren botoa «lurrunkorragoa» izatea lortu duela Ahal Dugu-k. Ramirez de la Piscinak ere uste du higatzen ari dela ezker abertzaleak aspalditik izan duen boto fidela. Etxenikerentzat ere, «gero eta zailagoa» da leialtasunari eustea; bereziki, hautesle gazteagoetan. Ramirez de la Picinarentzat, berriz, ideologikoa ere bada ardatza, eta azpimarratu du «eskuinak» arazo gutxiago duela horrekin. «Dena den, denek jakin behar dute botoak ez duela jabego zigilurik. Inor ez da eremu baten jabe. Gizarteak daraman abiadan, atzo likidoa zena orain gas egoerara pasatu daiteke».

Bolo-bolo dabilen beste gai bat da boto gaztearen lehia. Horri buruz, bi faktore azpimarratu dituzte adituek: Euskal Herriko piramide demografikoa eta bozetan parte hartzeko ohitura. Etxenikeren arabera, adin nagusikoen pisua handiagoa da batean eta bestean. EAEn eta Euskal Herri osoan, 65 urtetik gorakoak dira hautesleen %25 inguru, eta 2030ean %40 izan daitezke. «Garbi geratu da nondik atera den boto kontserbadorea Espainian. Hemen ere antzeko zerbait gertatzen da EAJrekin», adierazi du Ramirez de la Piscinak. Blasentzat, «ohikoa» da hori. «Statu quo-aren aldeko alderdiak aukeratzen dituzte 50 urtetik gorakoek». Gazteek, berriz, eraldatzaileak: «Ahal Dugu eta EH Bilduren arteko lehia».

Ramirez de la Piscinarentzat, baina, badirudi ezkerreko alderdiak adin piramideaz ahaztu direla. «Ahalegin guztiak 45 urtetik beherakoei begira egiten dira. Baina, hauteskundeetan, 65 urtetik gorakoek ematen dute garaipena». Irakaslearen ustez, «paradoxikoa» da gazteen etorkizuna beren guraso eta aitona-amonek erabakitzea, baina hori Ahal Dugu-k oso ongi ulertu duela dio. «Pablo Iglesiasek Gasteizko mitinean garbi utzi zuen: 'Esaiezue zuen aitona-amonei bilobekin joan daitezela botoa ematera'. Belaunaldien arteko elkarrizketa behar-beharrezkoa da, baita kontu hauetan ere». Etxenikerentzat, baina, «askoz zailagoa» da adin nagusikoen botoa aldatzea. «Haien sozializazio politikoa—ikasketa politikoa, nahi bada— luzeagoa da, trinkoagoa; leialtasunak ere sendoagoak dira…».

Soziometroaren arabera, alderdi eta adin guztietako boto-emaileek —EH Bildukoek izan ezik— ontzat jotzen dute Urkulluren kudeaketa, eta 2010etik hobetu egin da Jaurlaritzari buruzko konfiantza: %76. Blasen arabera, Espainiako egoera eta kudeaketarekin alderatzen delako gertatzen da hori. «EAEko politika oso erregionala da, eta, behin eta berriro Espainiari begira dagoenez, horrek azaltzen du Urkulluren balorazioa». Ramirez de la Piscinarentzat ere, EAJri egiten dio mesede gehien konparazio horrek.

«Euskal agenda» krisian

Azterketak ere badio gazteen artean pisua galdu duela «euskal agendak». Blas: «Garai batean, hori zen gazteentzat erakargarriena; egun, berriz, oso zaharkitu itxura transmititzen du. Gainera, Hego Euskal Herrian, politika egiteko moduak oso parrokialak dira. Horregatik, aldaketarako aukera gutxi ikusten da Gasteizen; ez Iruñean, bestelakoa baita egoera». Aldiz, Madrilen, «orain arte behintzat», gauzak aldatzeko aukera beste era batera helarazi dela uste du politologoak. Etxenikek ere pentsatzen du Espainian eragiteko esperantza sortu dela eta egituratu Ahal Dugu-ren bueltan, eta horrek eragina izan duela sektore gazteenengan, «bai sozializazio politikoan bete-betean daudelako, bai sare sozial digitalen eragina handiagoa delako». Dena den, agenda horrekiko arreta, hemen, euskal agendatik ulertu behar dela dio. «Azken emaitzen arabera eta inkesta honen arabera, aldaketarako esperantza zapuztu da estatuari begira, baina ez EAEra begiratzen dutenean».

Blasek zalantza du horrekin. Uste du gazteek burujabetza kontzeptua gehiago lotzen dutela Espainiarekin euskal instituzioekin baino. «Nabarmena da sozioekonomiako erabakiak Madrilen hartzen direla, eta horrek esplika dezake parte batek Madrilen gertatzen dena lehenestea gauzak aldatzeko modu gisa».

Ramirez de la Piscinak ere sumatzen du aldaketa gazteen kezka politikoetan. «Unibertsitatean ere ikusten da. Agendan, pisua galdu dute hizkuntzak, kulturak, historiak. Lanak, justizia sozialak, feminismoak eta ekologiak irabazi dute». Komunikazio arloko adituarentzat, garrantzitsua da zehaztea non, nork eta nola sortzen dituen agendak. Horren harira, azpimarratu du erabakitzeko eskubidea defendatzen dutenek ez dutela lortu gai hori «diskurtso hegemonikoan» txertatzea. «Eragile asko daude agenda osatzeko lanetan, ez soilik alderdiak, baita hedabide nagusiak eta ekonomia eragileak ere. Eta horiei ez zaie interesatzen gaia».

Horrekin batera, Soziometroak dio gatazka politikoarekin loturiko gaiak abertzaleei soilik interesatzen zaizkiela, edo haiei bereziki, eta alde nabarmenarekin EH Bildukoei. Etxenikek azaldu du aurretik beste sektore batzuek ere bazutela gatazka amaitzeko interesa, baina ETAren jardunarekin estuki lotzen zutela. «Behin bukatuta, gatazka politikoa ere amaitutzat eman dute, eta, ondorioz, apaldu egin da horren interesa. Horri gehitu behar zaizkio krisi ekonomiko eta sozialaren eragina eta sortutako premia berri guztiak».

Blasentzat ere argi dago krisialdiaren ondorioek aurrea hartu dutela, eta uste du gatazkarekin loturikoak «gizarteko sektore jakin batek» lehenesten dituela: «sozioekonomikoki egonkortasuna duten herritarrek». Aldiz, esan du gizarte talderik ahulenek eta pobretuenek ez dutela agenda propio gisa sentitzen, eta hori ulergarria dela klase diferentziak handitu ahala. «Izan ere, euskaldunek egoera sozioekonomiko hobea izateko probabilitate handiagoa dute, eta horrek elikatzen du gai horrekiko kezka, urrun gehiengoaren kezka nagusietatik krisi garaian». Ramirez de la Piscinak ere lotu du egoera sozioekonomikoarekin, baina baita belaunaldien arteko aldearekin ere. Azpimarratu du gazte askok gatazkaz duten pertzepzioa oso urrutikoa dela egun. «Gatazka zama bat da haientzat, zama astun bat. Nahi dutena da orrialdea lehenbailehen pasatu, nahiz eta ez jakin nola. Haiek beste kezka batzuk dituzte: lana, lana eta lana».

Etxenikek, berriz, «notorietate sozialarekin» lotu du euskal gatazkak garrantzia galdu izana. «Irtenbide errealak emateko aukera politikoak lausotu dira, urrats politiko-instituzionalak blokeatuta daude, eta horiek exijitzeko tentsionamendu soziala desagertu da, krisi ekonomikoaren olatuarekin batera».

Independentziari buruz ere galdetu du Soziometroak. Adibidez, alde daude Ahal Dugu-ren boto emaileen %22, eta %36k babestuko lukete «egoeraren arabera». EAJren boto-emaileen oso antzeko zifrak: %26 eta%40. Horiek hala izanik ere, Blasek ez du uste hurrengo legegintzaldian pausorik emango denik norabide horretan. Arrazoi nagusiak: «Euskal politika Madrilera begira dago, eta, dimentsio nazionalean, aitortzen den baino askoz zatituago». Blasek uste du eztabaida nagusia abertzaletasunean izan behar dela. «Argi esate aldera, nazionalismo etniko eta zibikoen artean desberdintzea tranpa zela erakutsi digute autore askok, baina errealitatea da sektore independentistenak oraindik logika oso etnikoan jolasten direla, askotan inkontzienteki, baina horrela da nabarmen».

Ramirez de la Piscinaren arabera ere independentziaren aldekoek aldatu beharko lukete mezua, diskurtso hegemoniko izateko, «egoeraren arabera» alde egingo luketen horiek irabazteko. «Diskurtsoa balio unibertsalen inguruan ardaztu behar da: demokrazia, duintasun etikoa, justizia soziala...». EHUko irakaslearentzat, herritarrak ez dira behartu behar identitate bat hautatzera, independentziaren inguruko balizko erreferendum batean estatu forma bozkatuko delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.