Eusko Legebiltzarrerako bozak

Botoa posta bidez emateko eskaerak nabarmen ugaritu dira

2016ko hauteskundeetan halako zortzi dira eskaerak oraingoz, Eusko Jaurlaritzaren arabera.

Bilboko hauesleku bat, joan den azaroaren 10eko bozetan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 1a
14:35
Entzun

Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde deialdia argitaratu zutenean, Euskal Jaurlaritzak adierazi zuen uztailaren 12ko bozetara begira posta bidezko botoa sustatuko zuela. Bada, azkeneko bi asteotan nabarmen hazi dira posta bidez botoa emateko eskaerak. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak nabarmendu duenez, 2016an egindako bozetan halako zortzi dira eskaerak, momentuz. Dena den, iruditzen zaio oraindik ere «goizegi» dela esateko zer joera izango duen molde horrek. Ohikoena izaten da hautesleen %3-5ek bozkatzea posta bidez. Uztailaren 2ra arte egin daitezke botoa posta bidez emateko tramiteak.

Jakinarazi du, gainera, Correos posta konpainia lanean ari dela botoa modu telematikoan eman ahal izateko neurriak ezartzeko. Izan ere, Espainiako Hauteskunde Batzordeak lehengo astean jakinarazi zuenez, botoa posta bulegora eraman beharrean, postariari eman ahalko zaio, etxean.

COVID-19aren izurriteak baldintzatutako hauteskundeetarako osasun jarraibideak aurkeztu dituzte gaur Beltran de Herediak eta Nekane Murga Osasun sailburuak. Murgaren esanetan, neurrien helburua da herritarrek botoa emateko eskubidea gauzatu ahal izateko segurtasun baldintzak sortzea, betiere osasun publikoa lehenetsiz. Osasun Saiburuordetzaren ebazpenak jaso du, besteak beste, hauteskunde kanpainan «kontaktu pertsonala» saihestuko dela, baita liburuxkak, loreak, globoak eta «kanpainetako beste elementu ohiko batzuk» eskura ematea ere. Eremu itxietan egingo diren ekitaldietan, sarreretan gel hidroalkoholikoak jarri beharko dituzte antolatzaileek.

Lehendakaritzaren egoitzan egin dute agerraldia, eta Murgak ez du askoz ere zehaztapen gehiago eman kanpainako ekitaldietarako prebentzio neurriez. Beltran de Herediari galdetu diote ea zenbateko iraupena izango duen kanpainak —bi asteko iraupena eduki ohi du—, eta erantzun du hori adostea alderdi politikoei dagokiela. Izan ere, EAJk astebetera murrizteko asmoa plazaratu du azken asteotan.

741 hautesleku egongo dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan datorren uztailaren 12an; hau da, 2016ko bozetan baino 41 gehiago —beste sei Araban, 27 Bizkaian, eta zortzi Gipuzkoan—, Beltran de Herediak zehaztu duenez. Sailburuak azaldu du igoera hori «hainbat arrazoirengatik» gertatu dela: «Urruntze soziala bermatzeko, jendea pilatzea eragozteko, hauteslekuetarako sarbideak hobetzeko...». Gainera, 100 hautesleku berri egongo dira. Horrenbestez, Beltran de Herediak gomendatu die hautesleei begiratu dezatela Espainiako Estatistika Institutuak etxera bidaliko dien errolda txartela, egiaztatzeko ea aldaketarik egon ote den tokatzen zaien hauteslekuari dagokionez.

Ordutegirik gabe

Adin tartearen arabera bozkatzeko ordutegiak zehaztea baztertu du Jaurlaritzak. Beltran de Herediarentzat, bozkatzaileek egun osoa dute horretarako, «eskubide hori dute», eta ordutegiak zehazteak eskubide hori «haustea» eragingo luke. Hori bai, jende gehien pilatzen den orduetan ez joatea gomendatu du.

Izurritearen ondorioz uztailaren 12ko bozetarako hartuko diren ezohiko neurriak direla eta, hauteslekuetako mahai bakoitzeko gastuak 95 euro igoko direla adierazi du Segurtasun sailburuak. Hauteskunde eguneko prozeduretarako 6 milioi euro inguruko aurrekontua du Segurtasun Sailak. Beltran de Herediaren arabera, neurri horien ondorioz antolaketa gastuetan izango den gorakada ez da %10era iritsiko.

Eta botoa emateko orduan bada beste berritasun bat: mahaiko kideek ezin izango dituzte ukitu ez bozkatzailearen nortasun agiria, ez botoaren gutun azala. Bozkatzaileak berak sartuko du hautetsontzian. Eusko Jaurlaritza bihar da neurri horiek guztiak onartzekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.